Ijitoen bizimodua erakutsiko dute Aieteko kultur etxean

GITANAApirilaren 10a arte egongo da ikusgai erakusketa.

XV. mendekoa da ijitoen lehen erreferentzia Euskal Herrian, eta gaur egun ere asko dira bertan bizi direnak. Euren ohiturak, bizimodua, edo ekarpen kultural eta artistikoak bildu dituzte Ijitoen bizierak. Lungo Drom erakusketan.

Ia ehun argazki bildu dituzte 69 taulatan, eta irudi eta testuen bidez historian zeharreko bidaia bat antolatu dute. Ijito herriaren bilakaera islatu nahi dute horrela, eta gizartean oraindik ere irauten duten uste oker eta estereotipo guztiak zalantzan jarri nahi dituzte.

Irudiekin batera, 17 minutuko ikus-entzunezko bat eskainiko dute Aieteko kultur etxean. Bertan ijitoek zinemagintzan izan duten eragina eta egindako ekarpenak erakutsiko dituzte.

Bihar, ostirala, inauguratuko dute erakusketa, 18:30ean, eta ikusgai egongo da apirilaren 10a arte. Martxoaren 10 eta 11n bisita gidatuak egingo dituzte. Goizetan (10:00etan eta 12:00etan) Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako egingo dituzte bisitak. Arratsaldeetan, berriz, izena ematen duten herritarrentzat (16:30ean eta 18:30ean).

Agurtzane Altunalogoa-irutxulo

Deja un comentario