Aiete ikastetxeak irailean estreinatuko du eraikin berria

escuela100 IKASLE BAINO GEHIAGO DITU IKASTETXEAK ETA

Azkarateneako egoitza txiki geratu zitzaien

Aieteko ikastetxeko ikasleek eraikin berria estreinatuko dute irailean Puion, Hiru Damatxo plazan. Eskola berria altxatzeko lanak aurreikusitako epeak betetzen ari dira eta hurrengo ikasturtean zabalduko ditu ateak. Egun 100 ikasle baino gehiago ditu Aieteko ikastetxe publikoak eta Azkarateneako egoi-tza txikia gelditu zitzaienez, aurrefabrikatutako moduluetan ari dira eskolak ematen ikasle zaharrenetako batzuk, eraikin berriaren zain.

Eskolako arduradunak obrak bisitatzera joan dira berriki eta kanpotik dirudiena baino aurreratuagoak daudela dio Txus Legorburu zuzendariak. Espazio gehiago eta erosotasun handiagoa eskaintzeaz gain, ezagunago egingo duela ikastetxea eta horrela ikasle gehiago erakarriko dituela uste du Legorburuk. “Auzotar batzuek ez dakite existitzen garenik ere eta eraikinak ikusgarritasuna emango digu”, aitortu du. Baldin-tzak nabarmen hobeagoak izatean, horrek ere gurasoak konbentzituko dituela uste du, gaur egun Azkaratenean duten leku eskasiak batzuk atzera bota dituen moduan.

Duela zazpi urte sortu zen Aieteko ikastetxe publikoa (garai batean egon zen beste bat baina ateak itxi zituen) auzoko familiek eskatuta, Aieten ikastetxe kontzertatuak bai baina publikorik ez baitzegoen. Azkaratenean abiatu ziren baina egoitza txiki gelditu zitzaien eta luzea izan da eraikin berria lortu arteko bidea. Eskolak berak eta auzotarrek presioa egin zuten eta 2014an hasi ziren obrak azkenean.

Eskola berriak lau pisu ditu eta guztira 4.000 metro karratutik gora. Ikasgelez gain, jangela, gimnasioa eta irakasleen bulegoak egongo dira. “Hasieran handi samarra irudituko zaigu oraingo espazio txikian lan egiten ohituta, baina beteko dugu”, adierazi du Legorburuk, eta eraikina ederra eta oso konpletoa dela ere badio. Ikasleek eskertuko dutela gehien uste du: “Batez ere jolastokia eskertuko dute eta frontoi bat ere edukiko dute”. Eraikin berriaren eragina nabaritu dute jada matrikulazio kanpainan, “oso datu onak” izan baitituzte irailean hasiko den ikasturteari begira.

Orduan ikasle gehienak Puiora joango badira ere (lau urtetik gorako Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzakoak), bi eta hiru urteko gaztetxoek Azkaratenean jarraituko dute eta bi egoitzak mantenduko ditu ikastetxeak. Bertan, 0-2 urtekoentzako gelak zabaltzeko asmoa ere badu Haurreskolen Partzuergoak.

A. Zabaleta Sábado, 13 de Febrero de 2016 –

Deja un comentario