Oscar Wilde «Izadiak artea imitatzen du»

capriOscar Fingal O’Flahertie Wills Wilde (Dublin, 1854ko urriaren 16a – Paris, 1900eko azaroaren 30a) idazle anglo-irlandarra izan zen.

Bizitza eta obra

Aita kirurgialari ospetsua zen, eta arkeologiari eta folkloreari buruzko zenbait liburu idatzi zituen. Ama, berriz, poeta zen, eta zelten mitologian eta folklorean aditua. Wildek Dublingo eta Oxfordeko eskola hoberenetan egin zituen ikasketak, eta azkeneko urteetan, haren adimen zorrotzagatik eta klasikoetan aditua izateagatik ez ezik, poeta gisa ere nabarmendu zen. 1878an, Newdigate Prize gutiziatua irabazi zuen poema luze batekin: Ravenna.

John Ruskin eta Walter Pater ingeles idazleek eragin handia izan zuten harengan, haiengandik jaso zuen arteak bizitzan zuen garrantzi handiaren ideia. Haren asmamen zorrotzengatik eta burutazio asmotsuengatik, zituen jokabide bitxi eta xelebreengatik, ohiturazko arau moralak arbuiatzeagatik eta «arte hutsaren alde» egiteagatik, hau da, artelanaren helburu bakarra edertasuna zela aldarrikatzeagatik, Ingalaterrako eta Frantziako elkarte artistikoetako eta mundutarretako pertsona ospetsuena bilakatu zen. Bidaia asko egin zituen, Parisa eta Londresa ez ezik, Italiara, Greziara eta Afrikako iparraldera ere. Garai hartan, prerrafaelismoaren eta dekadentismoaren eraginpean, poema-liburu bat argitaratu zuen -Poems (1881, Poemak)-, John Keats (1795-1821), Dante Gabriel Rossetti (1828-1882) eta Algernon Swinburne (1837-1909) poetekiko mirespena aitortuz.

1882an, Estatu Batuetara eta Kanadara joan zen hitzaldiak egitera. Haren jarrera eta janzkera deigarriak -belaunetarainoko belusezko galtza motzak eta zetazko galtzerdi luzeak jantzita, eta orkidea bat paparrean zuela azaldu zen estatubatuarren aurrean- prentsan ernarazi zuen ezinikusia gorabehera, artearekiko eta edertasunarekiko maitasuna aldarrikatuz hamabi hilabete eman zituen Ameriketan.

dantza

1884an Constance Lloyd-ekin ezkondu zen —irlandar legelari ospetsu baten alaba zen emaztea—, eta bi seme izan zituzten, Cyril eta Vyvyan, bata 1885ean eta bestea 1886an jaioak. Ezkontzak, baina, porrot egin zuen berehala. Bien bitartean, Pall Mall Gazette aldizkarirako kritikak egin zituen, eta The Woman’s World (1887-1889) aldizkariaren argitaratzaile izan zen. Garai hartan, bere burua idazle hasiberritzat zeukala, haurrentzako ipuinak idatzi zituen ; The Happy Prince and Other Tales (1888, Printze zoriontsua eta beste ipuin batzuk), adibidez, eta talentu handia erakutsi zuen alegoria erromantikoetarako.

Wildek bere bizitzako azken hamar urteetan idatzi eta argitaratu zituen bere lan nagusi gehienak. 1891. urtea izan zuen oparoenetako bat : bi saiakera liburu, The Soul of Man under Socialism (Gizonaren arima sozialismoaren pean) eta Intentions (Asmoak) ; eleberri bat, The Picture of Dorian Gray (Dorian Grayren erretratua); kontakizun liburu bat, Lord Arthur Savile’s Crime and Other Stories (Lord Arthur Savileren krimena, eta beste istorio batzuk); eta maitagarri-ipuinak, A House of Pomegranates (Alesagarrez egindako etxe bat).

The Soul of Man under Socialism saiakeran, sistema horren alde eta jabego pribatuaren aurka azaldu zen, sozialismoak indibidualismoa eragingo zuelako ustean.

Wildek askapen moralaren atari gisa ikusten zuen sozialismoa: inork ez luke alferrik gastatuko bizitza gauzak eta gauzen sinboloak pilatuz. Bizi egingo litzateke…

«Jende gehiena existitu egiten da, besterik gabe». Aurrerago, orduko ezkontzaren abolizioa iragarri ondoren, estatua azkenerako «lana antolatu eta beharrezko salgaiak egin eta banatuko» dituen elkarte borondatezko bat izango zela ere iragarri zuen: «Estatuak gauza baliagarriak eta erabilgarriak egin behar ditu. Gizabanakoak, berriz, gauza ederrak». Intentions-en, estetikaren teorialari gisa idazten hasi zen: «Artistaren helburua Artea agerraraztea eta artista ezkutatzea da».

«Ez dago liburu moralik edo inmoralik : liburuak edo ongi idatzita daude, edo gaizki».

Intentions-en, Wildek oso elkarrizketa burutsuak idatzi zituen, paradoxaz beteak.

Haietako batean, arteak izadia imitatzen duela dioen axioma klasikoa hankaz gora jarriz, «Izadiak artea imitatzen du» dio, Londresen lainoa izatearen erantzulea Turneren pintura dela (margo horiek baino lehen ere izango zen lainorik Londresen, baina ez zitzaion antzematen): «Sorkari eder ororen esanahia hari so dagoenaren ariman dago, hura sortu duenarenean bezainbeste, gutxienez». «Edertasunak gizonak aldarte adina esanahi ditu. Edertasuna sinboloen sinboloa da. Edertasunak dena agerrarazten du, ezer adierazten ez duelako». Saiakera hori argitaratu zen urte horretan bertan argitaratu zen haren eleberri bakarra, The Picture of Dorian Gray, dekadentismoaren eta estetizismoaren ebanjelio moduko bat bilakatu zena. Wildek eleberri gotikoaren naturaz gaindiko elementuak Frantziako fikzio dekadentearen ezin adierazizko bekatuekin nahastu zituen obra horretan, eta kritikariek moralaren kontrakoa izatea leporatu zioten Dorianek bere burua suntsitu nahi izate horri.

Antzerki-lana

Baina Wilderi antzerki-lanek eman zioten ospea. Elkarrizketa ironiko eta paradoxa ziniko distiratsuen bidez, gizarte-kritika zorrotza egiten duten komediak dira gehienak. Haren lehen lan arrakastatsuaren bidez -Lady Windermere’s fan (1892, Lady Windermere-ren haizemailea)-, Wildek frogatu zuen bere zorroztasunak eta argitasunak Frantziako antzerkigintzako makineria herdoildua susper zezakeela. Haren beste antzerki-lan ezagunenetako bat Salome da (Inazio Mujika Iraolak euskaratua), frantsesez idatzia Sara Bernhardt antzezle ospetsuarentzat: naturaren kontrako maitasun-harreman baten deskripzioa da, «jendea dardararazteko eta inarrosteko diseinatua».

Ingalaterran debekatu egin zuten, Bibliako pertsonaiak agertzen zituelako, eta Frantzian argitaratu zuten lehenago, 1893an. Ingelesera itzulita, hurrengo urtean azaldu zen.

Oscar Wilde eta Alfred Douglas

1893an haren beste gizarte-komedia bat antzeztu zen, A woman of no Importance (1893an antzeztua, 1894an argitaratua, Garrantzirik gabeko emakume bat), eta handik bi urtera, beste bi, zein baino zein bikainagoak, An ideal Husband (1895ean antzeztua, 1899an argitaratua, Senar ideal bat) eta The Importance of Being Earnest (1895ean antzeztua, 1899an argitaratua, Zintzoa izatearen garrantzia edo itzul daitekeena).

Antzerki irrigarria da, XVIII. mendeko ereduak eguneratzeko itxura egiten duena, ezkutatuta dauden pertsonaiei buruzko azpijokoz ustekabeko topo egitez, nortasun-jakinarazte bat-batekoz eta paradoxa jostalariz zipriztindua, gizarteari egiten dioten eraso sakonari garrantzia kendu nahiz bezala. Batez ere azkeneko obra horretan, The importance of Being Earnest, muturreraino eramaten ditu argumentuaren azpijokoaren absurdua eta ateraldi burutsuen zorroztasuna, bata bestearen atzetik. Nolabait ere epigrama satiriko bihurtu zituen fartsaren elementu konbentzionalak, oharkabean bezala baina gupidarik gahe salatuz gizarte viktoriarraren hipokrisia.

Azken urteak

1895. urte hartan, baina, gauzak erabat okertu ziren Wilderentzat. Haren eta Lord Alfred Douglasen arteko harreman estua zela eta, Queensberryko markesak, Douglasen aitak, sodomiaz akusatu zuen Wilde, eta Wildek auzitara eraman zuen bere izena belzteagatik. Eskandalu handia sortu zuen epaiketa batean, Wilde homosexuala izateaz akusatu zuten, eta bi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, espetxe-denboran lan egitera derrigortuta, gainera. Ingalaterrako aristokraziaren idazle kutuna izan zena, lehenago hainbeste miretsi zuen aristokrazia horren beraren onespenarekin kartzelaratu zuten, beraz. Han hasi zen Wilderen gainbehera. Reading-eko kartzelan eman zuen denbora gehiena. Han, gutun luze garratz bat idatzi zion Douglasi, hil ondoren argitaratua: De Profundis (1905). 1897an, askatu orduko, Kartzelarik atera eta Frantziara alde egin zuen, izena aldatuta; Parisen bizi izan zen, arlote eta bakardadean. Urte haietan idatzi zuen bere poemarik ezagunena, The Ballad of Reading Gaol (1898, Readingeko kartzelako balada), preso bat hilarazi aurreko uneen azalpena eta kartzelako bizimodu gogorraren salaketa gordina. Adiskide batzuek lagundu bazioten ere, bakardadean hil zen, Parisen, 1900eko azaroaren 30ean, meningitisak jota.

Bibliografia

Poesia

Poems (1881)

The Ballad of Reading Gaol (1898)

Antzerkia

Vera edo The Nihilists (1880)

The Duchess of Padua (1883)

Lady Windermere’s Fan (1892)

Salomé (1893). Frantsesez kaleratuta lehenik, eta Parisen estreinaturik.

A Woman of No Importance (1893)

An Ideal Husband (1895)

The Importance of Being Earnest (1895)

La Sainte Courtisane eta A Florentine Tragedy (1908, hilondokoa)

Narratiba

The Canterville Ghost (1887)

The Happy Prince and Other Stories (1888)

Lord Arthur Savile’s Crime and Other Stories (1891)

Intentions (1891)

The Picture of Dorian Gray (1891)

A House of Pomegranates (1891)

The Soul of Man under Socialism (1891)

Teleny or The Reverse of the Medal (Paris,1893)

De Profundis (1905, hilondokoa)

The Letters of Oscar Wilde (1960, hilondokoa)

Deja un comentario