Denon artean gai izango gara beharrezkoa ez den proiektua geldiarazteko

Bi mila lagunek parte hartu dute metroaren aurkako manifestazioan.

http://irutxulo.hitza.eus/2015/12/12/denon-artean-gai-izango-gara-beharrezkoa-ez-den-proiektua-geldiarazteko/

Metroa gelditzeko exijitu dute gaur Donostiako kaleak zeharkatu dituen manifestazioan. Easo plazatik abiatu da protesta Beharrezkoa ez delako, metroari ez lelopean, eta Erdialdea zeharkatu ondoren, Bulebarra hartu dute. Bi mila lagunek parte hartu dute manifestazioan.

Agintariei – Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari- eskatu diote garraio publikoari buruzko prozesu ireki eta parte hartzaile bat hasteko, eta metroaren proiektuaren gardentasun eza salatu dute: “Proiektu honen ezaugarri nagusia opakotasuna izan da. Ez dugu inolako informaziorik jaso, eta metroaren lanek kaltetuko dituzten bizilagunei ez diete arriskuez ohartarazi”, adierazi dute manifestazioaren bukaeran. Metroari buruzko informazio zehatz eta osoena Sator Alaia plataformak eman duela esan dute: “Gu izan gara bizilagunen kezkak argitu eta informazioa eman dugun bakarrak”. Informatuak egoteko eskubidea dutela aldarrikatu dute.

Metroaren aurkako alegazioak epe barruan aurkeztu dituztela – 400 alegazio-, eta halere, metroaren eraikuntzaren idazketak adjudikatu dituztela salatu dute – Easo, Kontxa eta Lugaritzeko zatienak-. Proiektuaren tramitazioa geldi dezaten eskatu dute. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburuak legegintzaldiaren egindako adierazpenak ekarri dituzte gogora manifestazioan: “Egungo egoera ekonomikoan Donostian metroa bezalako ‘proiektu faraonikoak’ egiteko ordua ez zela esan zuen; jarraian galdera ikur ugari jarri zizkion ‘Donostiako Erdialdetik metroa egiteko asmoari. Eta esan zuen ‘gobernuak ezin du indarrez nahi duena ezarri’. Donostialderako mugikortasun soluziorik onena aztertzeko lan-taldeak abian jarriko zituela adierazi zuen. Udalarekin, Diputazioarekin eta hiritarrekin mahai batean eseriko zirela, Donostiarako garraio-biderik egokiena zein den pentsatzeko’”.

Metroaren aurkako sinbolo bihurtu den satorrak daraman leloa berretsi dute: “Donostia maite dugulako, metroari ez”. Metroaren aurkako mobilizazioek aurrera jarraituko dutela aurreratu dute: “Hau ez da amaiera, hasiera baizik. Denon artean gai izango gara beharrezkoa ez den proiektua geldiarazteko”.

Deja un comentario