Udala bi lur sailen jabe egin da Aieteko osasun etxea egiteko

AMBPio Baroja pasealekua 55-57 eta Aiete pasealekua 41-43. Horiek dira osasun etxea eraikitzeko udalak bereganatutako lur sailak. Ikasle egoitzaren ondoan eta mojen komentuaren parean daude.

«Osasun etxea egingo dutela ziurtzat jo dezakegu dagoeneko. Hurrengo erronkan pentsatzen hasi beharko dugu orain: egingo duten eraikinaren zerbitzua eta erabilera zehaztea».

Lantxabe auzo elkarteko ordezkari pozik jaso du albistea: Aieten osasun etxe bat eraikitzeko diru kopurua bideratu du Eusko Jaurlaritzak, aurrekontuetan; 50.000 euro 2016rako eta 1,5 milioi euro, 2017rako. Egiaztapen honekin batera, albistea biribiltzeko beste urratsa egin du udalak: bi lur sailen jabe egin da, osasun etxea bertan eraikitzeko.

Lantxabek azaldutakoaren arabera, «honeraino iritsi arte, lur sail horien arautzearen jarraipena egitea izan da gure lana. Gune horretako Plan Bereziaren aldaketaren jarraipena egitea izango da orain hurrengo lana, inguruarekiko eragina, sarbideak eta osasun arloa baino harago etorriko diren onurak zaintzeko asmoz. Osakidetzarekin jarraituko dugu harremanetan, behar horiei buruz ditugun kezkak partekatzeko».

Aieteko bizilagunen aspaldiko eskaera da auzoan bertan osasun etxe bat izatea. Gaur egun, Amarara edo Benta Berrira joan behar izaten dute auzotarrek, medikuen arreta jasotzeko. Udalak, azkenean, bizilagunekin adostu zuen osasun etxearen kokapena.

Kalifikazioa

Udalak Osakidetzaren esku utziko du orain bereganatutako bi lur sailak, osasun etxea bertan egokitzeko. Horretarako, lurren kalifikazioa aldatu beharko du, komunitateen arloko izendapena emanez.

Zehazki, udalak joan den irailaren 17an ekin zion bi lursail horiek arautu eta erregistroan izena emateko espedienteari. Alegaziorik egon ez denez, udalari dagokio jabetza hori erregularizatzea. Asteartean onartu zuten dokumentazio ofizial guztia, erregistrora eramateko, Hiri Proiektuetako zinegotzi Enrique Ramosek jakinarazitakoaren arabera.

Udalaren kalkuluen arabera, 1.500 metro koadro izango ditu eraikin berriaren oinarriak, eta beste 1.000 metro koadro gehiago beste bi solairutan –sotoa eta erdisotoa–.

Aritz Sorzabal HITZA

Deja un comentario