“Bizipen pila bat…”

Amaia Illarreta, Ilargi Esnaola eta Miren Illarreta, Eskola elkarteko egoitzan. (Argazkia: L.Ferreira)

Amaia Illarreta, Ilargi Esnaola eta Miren Illarreta, Eskola elkarteko egoitzan. (Argazkia: L.Ferreira)

Amaia Illarreta, hasieran, Aieten ibili zen, bere lehengusuarekin…

Bizitzaren eskola ere izan da Illarreta familiarentzat

Eskola elkartearen 75. urteurrenaren harira, emanaldi berezia eskainiko dute larunbat arratsaldean, Kursaalen. Egungo dantzari eta abeslariak beteranoekin batera arituko dira. Amaia, Ilargi eta Miren Illarretak parte hartuko dute ikuskizunean.

Aitaren ohiturari jarraitu, eta lau urterekin hasi zen Amaia Illarreta dantzan. Hasieran, Aieten ibili zen, bere lehengusuarekin, baina aurrerago Eskola elkartean sartu zen. Bere ahizpa Miren inauterietan murgildu zen Eskolan, eta gero familiaren norabidea jarraitu zuen, dantzari bihurtu arte. Egun, Amaiaren alaba Ilargik hartu du lekukoa, eta Eskola dantza taldean dabil ikasle gisa. Modu batean ala bestean, elkarteak asko eman diela aitortu dute; eta, Eskolan parte hartu izan ez balute, euren bizitza ez litzatekeela berdina izango ziurtatu dute.

Aieten zegoela, aitak dantza sueltoa bezala ezagutzen dena irakatsi zion Amaiari. Honela, lehengusuarekin batera zenbait txapelketetan ibili zen. «Eskolara etorri ginenean bazekiten dantzan ibiliak izan ginela, eta fandangoa eta arin-arina gure moduan irakasten hasi nintzen», azaldu du Amaiak. Interesa erakutsi zuten dantzarietatik Antton Mendizabal animatu zen Amaiarekin txapelketetan parte hartzera, eta hiru urtez jarraian Euskal Herriko Dantza Sueltoko txapela eraman zuten etxera.

Eskolan ibili zenean ere, egun bere senarra dena ezagutu zuen. «Musikaria zen bera, eta elkartera niregatik etorri zela esaten du; azkenean, nire maitasuna lortu zuen, eta hiru alaba eder izan genituen», gogoratu du Amaiak.

Txapelketetako ‘epailea’

Amaia Eskolan zegoelako hasi zen bere ahizpa Miren dantzan. Hamalau urte inguru zituela dantza sueltoko hainbat txapelketetan ibili zen, eta irakasle lanak ere egin zituen. «Taldearekin joaten nintzenean gozatzen nuen, baina txapelketetan oso urduri jartzen nintzen. Gainera, aita epaile bezala ibiltzen zen, eta, ofizialki epaitu ez gintuen arren, bukatzen genuenean beti akats txikiren bat ateratzen zigun. Ez zen une egokiena, baina hobe beharrez egiten zuen», adierazi du Mirenek.

Bere iloba eta Amaiaren alaba Ilargi ikasle izan zuen. «Txikitan izeba ikusten nuen dantzan, eta asko gustatzen zitzaidan. Berarekin egon nintzenean oinarri on bat ikasi nuen. Orain, Josetxo Fuentesek ematen dizkit eskolak, eta teknika eta luzatze ariketak lantzen ditugu bereziki», azaldu du Ilargik. Urrun ikusten badu ere, bere ama eta izebaren ibilbidea jarraitzea gustatuko litzaioke.

«Ni benetan dantzari sentitu nintzen nire hankek bakarrik dantzatzen ikasi zutenean. Hasieran, zuk erakutsi behar diezu zure hankei dantzatzen, baina momentu batean bakarrik egiten du gorputzak hori. Izugarria da», adierazi du Mirenek.

Eskolan, baina, ez dute bakarrik dantza ikasi: talde batean egoteak dakarren guztia, konpromisoa, ezagutzen duzun jendea eta herrialdeak… «Irakasle izan nintzeneko oroitzapen oso onak dauzkat, eta larunbatean, adibidez, klase eman nion mutil batekin dantzatuko dut. Aukera hori izatea eskertu nahi diot Eskolari», esan du Mirenek.

Dantzak izateko moduan ere eragin diela dio Amaiak: «Gorputz adierazpen guztiek lagundu egiten dute pertsonaren bilakaeran; eta niri dantzak asko lagundu dit: nortasunean, ziurtasunean, autoestiman…».

Euskal dantza definitzerako orduan, gozatu eta sentitzeko modu bat dela argi du Amaiak: «Zu gozatzen ari zarela adierazi behar duzu, eta ikuslea ere halaxe sentituko da zu ikustean». Mirenen ustez, «barruan daukazun hori zure gorputzaren bidez adierazteko balio du. Azken batean, euskal kulturaren isla dela diote, eta horrek sortarazten diena hunkigarria dela.

Eskolan igaro dituzten edota pasatzen ari diren urte hauetan, «oroitzapen oso politak» gordetzen dituzte, «bizipen pila bat». Amaia, esaterako, anaiarekin joan zen behin Belgikako Euskal Etxera: «Eskolatik biak bakarrik joan ginen, eta bertakoei irakatsi genien euskal dantza. Han, Egibar familiakoek hartu gintuzten».

Mirenek Europatik barrena egindako bi bidaia ekarri du gogora: «Trenton emanaldi bat eskaini genuen, eta txorkatila okertu nuen. Ez nuenez makuilurik, beste dantzariek erosketako orga baten barruan eraman ninduten! Errumaniara iritsi ginenean makuilu batzuk lortu nituen; eta, behintzat, emanaldi batean panderoa jo nuen. Baina gogoratzen dut saminduta eman nuela bidaia osoa». Japonian ere izan zen, eta bertako familia batzuekin egon ziren bizitzen: «Japoniarrek ez zuten txalotzen, eta agur esateko ere ez genekien zer egin!».

Hiru belaunaldi hauen artean, dantzatzeko moduan aldaketak egon dira. Adibidez, «nire garaian neskek hanka erdiraino bakarrik altxa zezaketen», gogoratu du Amaiak. Beraz, dantzan oso bilakaera polita egon dela uste du.

Horren lekuko da Eskola bera. Hain zuzen ere, dantza taldeko berezitasunetako bat da euskal folklorea eta koreografiak nahastea. Hala, larunbatean Kursaalen eskainiko duten emanaldian Josetxo Fuentesen koreografia estreinatuko dute: Orreaga. «Ezpata eta armarriak erabiliko ditugu; polita izango da», esan du Ilargik.

Argazkia eta texto L.Ferreira. Hitza

Deja un comentario