Kortxoenearen aldeko manifestua sinatu dute hainbat kultur eragilek

 Kortxoenea-kultur-eragileakAsteburu guztian zehar jarduerak antolatu dituzte Kortxoenea bizirik mantentzeko; goizeko 11:00etan hainbat kultur eragile bildu dira udaletxe aurrean, Kortxoenearen aldeko manifestua sinatu eta arratsaldeko manifestaziorako deialdia zabaldu dute.

Manifestua 67 kultur eragileek sinatu dute, eta horietako batzuk hurbildu dira goizeko deialdira; manifestua Musergoko abeslari Maite Arroitajauregik eta Beñat Sarasola idazleak irakurri dute. Manifestua kulturaren munduko eragile ezagunek sinatu dute, hala nola, Unai Gaztelumendi bertsolariak, Txan magoak, Anai Alberdi musikariak, Donostiako Piratek, Koldo Izagirre idazleak, Iker Lauroba musikariak, Xabier Montoia idazle eta musikariak, Juanba Berasategi zine zuzendariak, Joseba Tapia musikariak, Ane Txoperena bertsolariak, Ze Esatek, Madeleine eta Willis Drummond taldeetako kideek, Fermin Muguruza musikariak (bihar kontzertua eskainiko du Kortxoenean), eta beste hainbatek.

Kultur eragileen bozeramaileek aldarrikatu dute inpaktu kultural nabarmena eragin duela Kortxoenean bost urteetan, eta aurreko astean eraikina botatzeko ahaleginak kultur arloko ordezkariak elkartu dituela adierazi dute. Hala, egun batetik bestera gunea desagertarazteko ahaleginaren aurrean kezka azaldu du Sarasolak: “Donostiatik oso aparte ibili ez den edonork daki guztion intereseko espazioak sortzeko bertute ezohikoa izan duela Kortxoeneak, eta horregatik, zinez harritzen gaitu nola den posible Kortxoenea bezalako proiektu kultural landu, autogestionatu, eta zabal bat enpresa eraikitzaile baten interes hutsengatik suntsitua izatea”.

Arroitajauregik gaineratu du harridura oraindik handiagoa dela Donostia 2016 proiektuaren bezperan geratu delako: “2016 urtean Donostiak espektakuluaren kulturaren hiriburu baino zerbait taxuzkoagoa izan nahi badu, ezinbestekoak izango zaizkio Kortxoenea bezalako proiektuak”.

Kultur arloko ordezkariek eskaera luzatu diote udalari, Kortxoenearen biziraupena bermatzeko, hiriaren kulturaren zati handi bat jokoan dagoela gogoratuz: “Ez da erraza izango gu guztiok beste nonbaiten elkartzea; Kortxoeneako zahar, gazte, txiki, handi, emakume, gizon eta sailkatzen errazak ez diren lagun guztiek antolatzkeo leku bat behar dugu”.

Ane Urrutikoetxea

Irutxuloko Hitza

Un comentario en “Kortxoenearen aldeko manifestua sinatu dute hainbat kultur eragilek

  1. Kortxoenea

    Representantes de los colectivos usuarios del gaztetxe Kortxoenea, que fue desalojado el pasado martes, así como concejales del grupo municipal de EH Bildu, sostuvieron ayer en sendas comparecencias que la actuación fue ilegal. Los jóvenes, además, convocaron manifestaciones para hoy y mañana en la plaza de Cataluña a las 17.00 horas y el sábado, a la misma hora, desde el Boulevard, para protestar por la actuación y reclamar una alternativa.

    Responder

Deja un comentario