Aspaldi hautsitako zubia

p028_f01Pantaila handira iritsitako aurreneko euskal nobeletako bat izateaz gain, komiki bihurtu diren bakanetako bat ere bada Anjel Lertxundiren lehendabizikoa.

Angel Amigo ekoizleak aurkeztu eta Euskal Telebistak onartutako egitasmo baten barruan zuzendu zuen Anjel Lertxundik Hamaseigarrenean, aidanez filma. Egitasmo berean filmatu ziren Alfonso Ungriaren Ehun metro eta Xabier Elorriagaren Zergatik panpox ere, Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Urretabizkaiaren izenburu bereko nobeletan oinarrituta.

Lertxundiri ETBren bidez iritsi zitzaion Hamaseigarrenean, aidanez nobelatik abiatuta izenburu bereko film bat sortzeko asmoaren berri. «Eskubideak uzteko ez ezik, gidoia idazteko ere eskatu zidaten, baina hasierako asmoa filma Imanol Uribek zuzentzea zen». Uribek, ordea, Mikelen heriotza-ren filmaketarekin lanpetuta zebilenez, ezin izan zion lan hari heldu, eta Lertxundiri filma zuzentzeaz ere arduratzeko eskatu zioten. Lertxundik Victor Albarran zinemagile mexikarrarekin harreman ona zuen orduan —eta hala izaten jarraitzen du egun ere—, eta haren babesarekin, hura zuzendari laguntzaile lanetan zuela, jauzia ematen ausartu zen. «Alderdi teknikoez hura arduratu zen neurri handi batean».

Urrats garrantzitsua egin zuten beren aktore ibilbideetan Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola eta Felipe Barandiaranek, eta ikusleek gustuko izan zuten Domingo apustulari amorratuaren eta haren laguntzaile Kornelioren gorabeherei Domingoren emazte Martzelinaren ikuspegitik begiratzen dion filma. Horretaz gain, Hamaseigarrenean, aidanez-ek —Ehun metro eta Zergatik panpox-ekin batera— zinemaren arloko teknikari talde baten sorrera bultzatu zuen. Film haietan teknikari lanetan aritutako askok lanbide berean jarraitzen dute gaur egun, Lertxundik dioenez. «Baina non? Gehienek kanpoan». Lertxundiren ustez, «diru publikoa behar denean askotan gertatzen dena» gertatu zen orduan: «Gobernuak politika aldatzen duenean, guztia aldatzen da. Garai hartan sortu zen egitura txiki hura oso denbora gutxian jarraipenik gabe gelditu zen».

Harreman «arriskutsuak»

Antton Olariagak, «kanpotik begiratuta», uste du «harreman arriskutsuak» sortu zirela orduan; arriskutsuak baina erakargarri eta aberasgarriak. «Harreman arriskutsurik bada, literaturaren eta zinemaren artekoa da», Olariagaren ustez. «Zuen lanak pantailan ikustea», esan dio Lertxundiri, «niretzat kristoren flasha izan zen. Nahiz eta gero esperientziak esan digun nobela bat zinemara eramaten den kasuen %90etan frakaso bat izaten dela —oso lan zaila delako eta salbuespen jakin batzuetan baino ez delako ondo ateratzen—, nik hor potentzial handi bat ikusi nuen. Niri apasionantea iruditzen zitzaidan»

Euskal zinemagintza azkenaldian izaten ari den susperraldian, aldiz, ez du zinemaren eta literaturaren arteko harremanaren inolako aztarnarik sumatzen Olariagak. «Nondik sortu da [Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren] Loreak? Beste inguru batzuetatik. Ikusten da gaur egun galdu egin dela literaturaren eta zinemaren arteko ezkontza hartatik sortu zen uztarketa».

‘Storyboard’-ik gabe

Filmatu zen garaian storyboard-ak —idatzizko gidoia marrazki bidez jasotzen duten gidoi grafikoak— oso aipatuak ziren arren —bereziki James Cameronen Aliens filmekoak, Lertxundik gogoratzen duenez—, halakorik gabe filmatu zen Hamaseigarrenean, aidanez. Aurrekontuek ez zuten halakorik ahalbidetzen. «Garai hartan ezin zen hemengo produkzio batean storyboard-a egitea planteatu. Horiek amerikarren kontuak ziren». Lertxundik uste du lagungarri izango zitzaiola Olariagak egindako komikia filmaketa lanei ekin aurretik esku artean izatea.

Olariagak, ordea, filma amaitua zela ekin zion lanari. «Ez zen enkargurik eta ezer izan», ekarri du gogora. «Nik azala egin nion nobelari, eta oso gustura geratu nintzen azal harekin; beraz, ezagutzen nituen haren barruko tripak. Horrez gain, filmaren kartelak ere egin nituen, Elias Elorzak enkargatuta, Eusko Jaurlaritzatik; proiektuko hiru filmenak [Hamaseigarrenean, aidanez, Ehun metro eta Zergatik panpox]. Errodatzean ere izan nintzen». Baina, horretaz guztiaz gain, bazen beste kontu funtsezko bat: «Gidoia idatzita izatea niretzat tentazio izugarrizkoa zen komiki bat egiteko. Paperean zerbait idatzita izateaz gain, egilea ezagutzen nuen, interlokuzio posible bat nuen, eta, gainera, egileari beldurrik gabe gauzak esateko aukera. Pagotxa! Ni nobela komiki bihurtzen hasi banintz gidoiaren laguntzarik gabe, krimen bat izango zen; harakiri bat egingo niokeen nobelari, bere buruaz beste eginarazi».

Geroztik, oso aukera gutxi izan ditu Olariagak gisa horretako lanik egiteko, eta Hamaseigarrenean, aidanez euskaraz argitaratutako nobela grafiko bakanetako bat da. Definizio hori —nobela grafikoa— ez zaio erosoa egiten egileari. «Nobela grafikoa deitzen zaio hemen beldurra ematen duelako komikia hitza erabiltzeak, ematen duelako komikiak nahitaez umeentzako izan behar duela. Frantzian, adibidez, oso bestelakoa da horren inguruko ikuspegia, beste kultura bat dago han komikiaren inguruan».

Ipurbeltz aldizkariak eman izan zion hala ere, garai batean, inork idatzitako gidoitik abiatuta lan egiteko aukera. «Lau-sei bat orrialdekoa izaten zen gehienetan, hasi eta buka. Luze bat egin nuen, katxondeozkoa, Buztandarren Biltzarra, espazioko giro sideralean kokatua, zientzia fikziokoa. Baina hori ere neuk egin behar izan nuen, oinarrian inoren gidoirik izan gabe. Nik beti bilatu izan dut hori: gidoi batekin lan egin, eta nire problemak izan daitezela grafikoak». Gaur egun oso estimagarriak iruditzen zaizkio Xabiroi aldizkariak idazleak eta komikigileak elkarlanean jartzeko egiten dituen saioak.

Zinema uzteko erabakia

Zinemagile ibilbidea ez zuen askorik luzatu Lertxundik. Kareletik zuzendu zuen, 1987an estreinatutako filma, Mikel Garmendia aktorea Balantxas izeneko pertsonaia gogoratuarekin uztatu zuena. «Oso segidan etorri zen Kareletik filmatzeko aukera, eta baiezkoa eman nion», ekarri du gogora Lertxundik. «Hamaseigarrenean, aidanez filmeko produkzio zuzendaria oso atipikoa zen, zinemaz gehiago baitzekien produkzioaz baino, eta diru kontuez baino, Jose Luis Garcia Arrojo. Alderdi artistikoaz oso ardura handia zuen, eta asko hitz egin nuen harekin. Hark animatuta hasi nintzen Kareletik filmerako gidoia egiten».

Lertxundi ez zen oso gustura geratu filmaren emaitzarekin, baina ez zen hori izan zinemagintza alde batera uztera eraman zuen arrazoi nagusia. «Lagunekin literaturaz hitz egitean jabetu nintzen erabat out geratzen ari nintzela, ez nuelako behar adina irakurtzen. Eta jabetu nintzen ez zela posible horrela jarraitzea». Jabi Elortegik Lertxundiren Zorion perfektua nobelan oinarrituta filmatu zuen izenburu bereko filma, 2009an; horixe izan da Lertxundik 1987tik gaur arte idatzi dituen 11 nobelen artean bakarra pantaila handirako bidea egiten. Duela 30 urte eraikitzen hasitako zubi aspaldi hautsitik aparte.

Berria

Deja un comentario