Jazzaldiekin iritsi da ekaitza

olariaga

Olariaga eta Mikel Lizarralde (Berria)

Euri zaparrada eta haize ufada bortitzen artean jarri du abian Jamie Cullumek, DJ lanetan, Donostiako 50. Jazzaldia. Zurriolako hondartzan bildutako zaleen kopurua nabarmen murriztu du eguraldiakOrdura arte langarra zena ekaitz bihurtu zen Jamie Cullum Zurriolako hondartzan DJ lanetan hasi eta berehala, eta horrek nabarmen murriztu zuen Donostiako Jazzaldiaren 50. ekitaldiaren hasierako jaialdiko ikus-entzuleen kopurua, zaparrada eta haize ufada bortitz artean zaila baitzen ikuskizunaz gozatzea. Jaialdiko izen nagusia izanik, logikoa zen Jamie Cullumen emanaldi batekin hastea jaialdia, nahiz eta abeslari britaniarrak, paradoxikoa bada ere, ez zuen kantantu atzo iluntzean. Bestelakoa zuen aurtengo jazzaldian egin behar dituen hiru saioetan aurrenekoa, berea ez baizik eta besteena den musika jartzea, eta horri ekin zion ordubeteko saioan, hondarretan zegoen jendea soinu zaharrekin (R&B, swing, rockabilly) nahiz berriekin (hip hopa) dantzarazi nahian.

Eguraldiak guztiz markatutako Jazz Band Ball-a izan zen atzokoa. Eguzkia lagun Kursaaleko inguruetan jendea lurrean edo jarlekuetan eserita ikustea ohikoa izaten bada ere, atzo ez zegoen horretarako girorik. Dena dela, arratsaldean aritu zirenez, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak, Carla Cook abeslari estatubatuarrak eta Zanmari Bare Reunion Uharteko musikariak Cullumek baino zorte hobea izan zuten eguraldiarekin, eta egoera normalagoan aritu ahal izan ziren.

Josetxo Silguerok eta Iñigo Ibaibarriagak zuzendu zuten Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra, eta Anjel Unzu gitarrista izan zuten laguntzaile. Jazzeko estandarrak —Perdido, Blues Machine, Canta Loop Island…— eta euskal kantu ezagunen bertsioak —Esan Ozenki, Aitormena…— ez ezik, Unzuk orkestraren estreinaldirako sortutako piezarik ere eskaini zuten, Ballad for Cifu horien artean.

Gaua egiten hasi baino lehen igo ziren hondartzako oholtzara Al McKay eta haren talde jendetsua, Earth, Wind & Fire soul, rhythm & blues eta funk talde mitikoaren kantutegia berregiteko. Haize atal indartsu batekin atzera begiratu, eta musika beltzaren klasiko bihurtutako kantuak jo zituzten, tartean September arrakastatsua.

Reunion uhartetik

Zanmari Bare (ahotsa, kayanm) Reunion irlatik datorren musikaria da. Mikael Tapot (bob, sati), Willy Paitre (rouler), Serge Parbatia (piker), Laurent Dalleau (kongak) eta Stephane Gaze (kayanm) ditu taldekide. Indiako ozeanoko instrumentuak eskuan eta belarriak fin, Barek konposatutako abestiei ahotsak sartzen dizkiete. Atzo arratsaldeko kontzertuaren aurretik, Barek agerraldia egin zuen prentsaren aurrean, eta, han azaldu zuenez, «modu naturalean» egiten dute musika. «Irribarre egiten badut, ondo ari garen seinale da». Reunion irlako musika tradizionala egiten dute, maloya izenez ezaguna.

Reunion irla Frantziako kolonia izan zen 1634. eta 1946. urteen bitartean. Orduz geroztik, itsasoz haraindiko departamendua da, Frantziaren administraziopean betiere. Kolonia garai horretan du jatorria maloya musikak. Esklaboen kantuak ziren sorreran, eta, «kaleko transmisioa» dela eta, gaur egunera arte iraun dute. Finean, taldearen helburu nagusia maloya musikaren iraupena bermatzea da.

Melodiez gain, abestien hitzei ematen diete garrantzia. «Lan handia egiten dugu hizkuntzarekin». Zanmari Barek berak idazten ditu abestien hitzak. Haren arabera, egunerokotasuna islatzen dute: «Bizitza garaikidea islatzen dugu hizkuntza tradizionalaren bidez». Kreolera da hizkuntza hori. Izan ere, taldekideek azaldu zutenez, Reunion irlan frantsesa da nagusi, eta sarritan «menperatua» izan da kreolera. «Kreolera hizkuntzan abeste hutsagatik, kulturarekiko ikuspegi bat ematen dugu». Gatazka horren inguruan, haiek argi dute zein den euren jarrera. «Hizkuntza ederra da». Bikoizketa kulturala eskaini ez ezik, maitasunaren inguruan ere abesten dute. Azken diskoaren izenburua Mayok Fler (2013, Maiatzeko lorea), «hein batean maitasunaz ari da».

Maloya egiten dutenen artean, asko poetak dira: besteak beste, Daniel Waro eta Firmin Viry. Bareren iritziz, horiei esker hedatu da Reunioneko musika: «Tradizioaren zaindariak dira». Dena dela, esklabotza garaitik gaur arte iraun badu, batez ere, familiako transmisioagatik izan da. «Nolabait esateko, maloya ez dago modu ofizialean oso garatua. Eskolaren bat edo beste badago, baina batez ere kalean ikasten da. Erritual bidez transmititu ez balitz, ez dakit desagertuta egongo litzatekeen, baina bizirik irauteko zailtasunak izango lituzke».

Gaur gauean kontzertua eskainiko dute San Telmo museoan. 00:00ean. Mayok Fler diskoko maloya estiloko kantuez gain, Reunion irlako beste musika mota bat ere joko dute, sega izenekoa.

Deja un comentario