Bihar, Bavaria

lovestoryillustration22Bavaria (alemanez: Bayern) Alemaniako hego-ekialdeko estatua da. Ezaugarri berezia du, «estatu librea» izanda (Freistaat Bayern). Hiriburua Munich da (1.314.551 biztanle) eta estatuak 12.464.997 biztanle ditu. Garrantzi historiko handia izan du Europan. Halaber, pertsona ospetsu ugari bertan jaio zein bizi izan dira.

Geografia

Danubio ibaiak bitan banatzen du mendebaldetik ekialdera. Danubioaren hegoaldean, Alpeak daude eta bertan, Alemaniako gailurrik gorenak (Zugspitze, Hochwanner eta Watzmann, besteak beste). Hegoalderago, Iller, Lech, Isar eta Inn ibaiek zeharkaturiko ordoki suabiar-bavariarra zabaltzen da; haran eta aintzira ugari (Ammersee, Starnbergsee, Chiemsee) dago han.

Danubioaren iparraldean, Suabia-Frankoniako arroa dago, Main eta Danubioaren eskuinaldeko adarren artean. Frankoniako Jura mendiek zeharkatzen dute eskualde hori. Ekialdean, Bavariako oihana (Bayerischer Wald) Txekiar Errepublikarekiko mugan hedatzen da Bohemiako oihanean (Böhmerwald, txekieraz Cesky Les, 1.400 m).

Ekonomia

Artzaintzak eta nekazaritzak garrantzi handia hartu dute: esne aziendak Alpe eta ordokian, laboreek eta patatak Danubio ibarrean, mahastiek Main haranean. Petrolio findegiak daude Ingolstadt-en. Mekanika eta kimika industria, ehun langintza, janari industria (garagardoa)… Nurenberg, Munich, Aubsburgo eta Würzburg hirietara bildu dira batez ere. Turismoa garrantzitsua da: Alpeak (Garmisch-Partenkirchen, Berchtesgaden), Munichen hegoaldeko aintzirak, Bayreuth (Wagner-en operak).

Historia

Zeltak izan ziren lehen biztanleak; erromatarrak K. a. 15. urtean sartu ziren Bavarian. Danubioko haran zabalak eta Alpeetako haranek inbasioetarako bidea errazten zutela, V. eta VI. mendeetan, Bohemiatik etorritako herriek hartu zuten. Frankoen eskuetan egon ondoren, dukerri bihurtu (911) eta Saxoniaren, Frankoniaren eta Guelfoen etxeen mende geratu zen.

1180. urtean, Bavaria Palatinatuko Otton Wittelsbacheko kondearen palatinarraren gobernupean utzi zuten; 1218 arte bertako haren etxeak izan zuen agintea. Palatinatuaren barnean, lurraldeak Holanda eta Hainaut lurraldeetara zabaldu zituen Bavariako etxeak (Luis IV.a Bavariako enperadorea, 1314-1347). XVII. mendean, Maximilian I.a Handia, Bavariako Duke eta Hauteslea (1573-1651) Liga Santuko buru bihurtu zen eta printze protestanteen aurka borrokatu zen Hogeita Hamar Urteko Gerran. Westfaliako Itunak (1648) lurraldea aitortu zion, Goi Palatinatua barne. Handik aurrera, Bavariako koroak Frantzia aldera jarri zituen begiak, eta itunak frantsesekin egin zituen. Frantziako gobernuak lagunduta, Maximilian Josef I.a Bavariako errege izendatu zuten 1805ean. Napoleonen erasoen garaian, hasieran alde egon bazen ere, azkenean frantsesen aurkako aliatuen bidea hartu zuen Bavariak eta Frantziarekiko aliantzak bukatu. Austriaren alde borrokatu zen Prusiaren aurkako gerran (1866) eta Prusiaren alde Frantziaren aurkakoan (1870). Versaillesko itunaren arabera (1870), Bavariako erreinua Alemaniako Inperioaren kide bihurtu zen, nolabaiteko autonomia gorde bazuen ere. Bavariako monarkiaren azkena 1918ko azaroaren 7an etorri zen (Weimar-ko Errepublika): land bihurtuta, eskubide gehienak galdu zituen. Nazismoa —Munichen sortu zen— aginpidera heldu orduko (III. Reicha, 1933), autonomi eskubide guztiak galdu zituen. Amerikarrek 1945ean hartua, Alemaniako Errepublika Federaleko hamar landetako bat bihurtu zen.

Deja un comentario