Aiete pasealekuan egin nahi dute anbulatorioa bizilagunek

DSC_0028Proposamena Eusko Jaurlaritzari aste honetan bidaliko diotela ziurtatu du Ricardo Burutaranek

Bizilagunak bozkatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)

Irutxuloko Hitza

Otsaila erdialdean, Donostiako Udaleko hirigintza taldeak Aieteko bizilagunei anbulatorioa egiteko bi lursail proposatu zizkien, bata Aiete pasealekuan eta bestea kultur etxearen ondoan. Bi aukerek auzotarrek beraiek ezarritako bi baldintza betetzen dituzte: Aiete erdialdean egotea eta garraio publikoa gertu izatea. Bada, gaur arratsaldean 70 lagunetik gora elkartu dira Topalekun, Aieteko jauregiko lorategian, bi lursail horien artean bat aukeratzeko eta anbulatorioaren prozesua jarraituko duen batzorde bat osatzeko. Batzarra Felix Perez Lantxabe auzo elkarteko presidenteak gidatu du, Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaran ondoan zuela. Bion artean azalpenak eman dituzte eta baita bertaratu direnen zalantza guztiak argitu ere.

Udalak proposatutako bi lursail horien artean egon dira eztabaidatzen, eta aukera bakoitzak dituen alde onak eta txarrak aztertu dituzte. Lursail horietako bat kultur etxearen eta parrokiaren artean dago kokatuta, berriki eraiki dituzten etxebizitza batzuen atzeko aldean. Lursail honetan egingo balitz, anbulatorioak bakarrik bi solairu edukiko lituzkeela esan dute eta sarbidea ez litzateke hain erosoa izango. Beste lursaila, berriz, Aieteko pasealekuan dago, mojen komentu baten aurrean. Nabarmen dutenez, honek aukera ematen du eraikina handitzeko eta anbulatorioaz gain beste zerbitzu batzuk eskaintzeko. Gainera, bertan sartzeko bi sarrera egongo lirateke.

Bi aukerak aztertu ondoren, erabaki bat hartzeko unea iritsi da eta horretarako bozketa bat egin dute. Bost bizilagunek kultur etxe ondoko lursailaren alde bozkatu dute, bik ez dute bozkatu eta beste guztiek (70 lagun inguru) Aiete pasealekuaren lursaila aukeratu dute. Hortaz, bizilagunek Aiete pasealekuan egin nahi dute anbulatorioa, eta proposamen hori aste honetan Eusko Jaurlaritzara bidaliko dutela ziurtatu du Ricardo Burutaranek. Eusko Jaurlaritzak onarpena emanez gero, anbulatorioaren proiektua abian jarriko litzateke, eta baliteke 2016ko aurrekontuan egotea.

Deja un comentario