Gaur duela 10 urte argitaratu zen IRUTXULOKO HITZAren lehen zenbakia

hitzaRealeko orduko entrenatzaile Jose Mari Amorrorturi egindako elkarrizketarekin hasi zen egunkariaren ibilbidea.

Egunkaria, bai. IRUTXULOKO HITZA egunero kaleratzen baitzen hastapenean. Donostiako eguneroko albisteak euskaraz irakurri ahal izateko aukera eman du bertako hedabideak azken hamar urtean. Ez hori bakarrik; udaleko informazioaren berri emateaz gain, auzo elkarte, gizarte mugimendu, jai batzorde eta herritarren bozgorailu bilakatu da. Herritarrengandik gertu egotea baita komunikabidearen xedea.

2005a Korrika urtea izan zen, 2015a izango den moduan. Lehen urte hartan, Gaztelumendi anaiak lehia bizian murgilduta zeuden dagoeneko, Eskolarteko Bertsolari Txapelketan; ezker abertzaleak deitutako manifestazioaren aurka egin zuen Ertzaintzak, Aste Nagusiaren atarian; Zinemaldiak euskaraz egin zuen Aupa Etxebeste pelikularekin, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinemagileen eskutik; eta Egiako gaztetxea hustu eta bota egin zuten. Hamar urte pasa dira, baina, berri hauek ikusita, gauzak ez dira hainbeste aldatu.

IRUTXULOKO HITZA 2005ean hasi zen argitaratzen, baina aurretik Donostian bazen euskarazko beste komunikabide bat: Irutxulo aldizkaria. 1994ko martxoan sortu zuen Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak. Handik urte batzuetara, tokian tokiko egunkariak sortuz joan ziren, Hitza markarekin. IRUTXULOKO HITZAren 0 zenbakiak danbor hotsen artean egin zuen agerraldia, San Sebastian egunaren bezperan. 40.000 ale banatu zituzten, otsailaren 17an etorriko zen lehen zenbakiaren aurrekari.

Ospakizun ekitaldia, San Telmo Museoan

Aurten hamar urte betetzen dira IRUTXULOKO HITZA-k lehen zenbakia argitaratu zuenetik, eta urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi eta berrikuntza prestatu ditu lan taldeak, Beste 10 urte baietz! lelopean. Irakurleekin, laguntzaileekin eta sustatzaileekin egin nahi dute ospakizuna, eta horretarako ekitaldi berezi bat antolatu dute.

San Telmo museoan elkartuko dira etzi, asteazkena, 19:30ean. Astekariaren eta webgunearen diseinu berriak aurkeztuko dituzte, eta aurrera begira dituzten erronken berri emango dute. Ekitaldian parte hartuko dute Beñat eta Unai Gaztelumendi bertsolariak, Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko kideak eta U.K. Bill musika taldea. Añorgako musika taldeak ere hamar urte bete ditu, eta IRUTXULOKO HITZAren urtemugako kanta egin du. Zuzenean aurkeztuko dute abesti berria. Ekitaldia bukatzean, Zuloaga plazako Artess kafetegi tabernan topa egingo dute.

Ostiralean, zenbaki berezia eta webgune berritua

Astekari berezia argitaratuko dute ostiralean, diseinu berriarekin, eta hamasei orrialdeko gehigarri bat egingo dute. Azken hamar urtean albiste izan diren gertakizun nagusien errepasoa egingo dute azalen bidez, modu oso grafikoan. AsteInkesta bat ere egin dute, auzoz auzo, herritarrek IRUTXULOKO HITZAren inguruan duten iritzia jasotzeko. Bi hamarkada bete dituen bertako beste hedabide bati egindako elkarrizketa ere jasoko dute zenbaki berezian. Ttan Ttakun irrati libreko Asier Mendizabali egindako elkarrizketa irakurri ahalko da.

Irutxuloko Hitzako lan taldea.

(Argazkia: Leire Palacios)

Deja un comentario