Bidezidor ezezagunetatik barrena

katxolaAne Urrutikoetxea

(Argazkia: Ane Urrutikoetxea)

IrutxulokoHitza

2015/01/30

Donostiako Itzuliaren hirugarren etapa osatu du Irutxuloko Hitzak. Club Vasco de Camping-ek eta udalak antolatuta, ibilbide gidatua egin dute Añorga Txikitik Martuteneko 27 poligonora.

Herritar guztiek ezagutzen dituzte Donostiako pasealeku nagusiak, baina hirian badaude ere bidezidor ezkutu bezain ederrak, askok eta askok inoiz zapaldu ez dituztenak. Duela hilabete inguru Donostia inguratzen duten bazterrak ezagutzeko egitasmoa aurkeztu zuten Club Vasco de Camping-ek eta Donostiako Udalak, Donostiako Itzulia izenarekin. Bada, igandean ibilbide horren zati bat egin zuen Irutxuloko Hitzak, Donostiako Itzulia bertatik bertara ezagutzeko antolatutako ibilaldi gidatuen bitartez. Berrogei lagun elkartu ziren; kazetari hau, tartean.

Itzuliaren hirugarren etapa zen asteburukoa, Añorga Txikin hasi eta Martuteneko 27 poligonoan amaituta. Tartean, Katxola baserria, Miramongo basoa eta inguruko baserri eta sagardotegiak zeharkatzen ditu bideak, zelaiak eta basoak hiriko kanpoaldea eta errepideekin nahastuz.

Añorga Txikiko Euskotrenen geltokian hasten da txangoa; Gorga ibaia zeharkatuta, hain zuzen ere. Aldapan gora, kilometro bat igarota, Miramongo magaleraino eramaten du bideak. Ibiltarien gehiengoak harrituta ikusi zuen zeinen gertu eta ederki konektatuta dauden Añorga Txiki eta Miramon. Lehen geltokia Katxola baserrian izan zen, eta ibiltarientzat apropos ireki zuten antzinako dolarea, gaur egun kultur gune bihurtuta.

Katxola baserrian, Miramon basoko magalean kokatuta, hamaiketakoarekin egin zieten ongietorria bisitariei; gazta, intxaurrak, irasagarra eta noski, sagardoa. Baserriaren barrenetan, XVIII. mendeko hobi eta hormen historioa azaldu zuten. Hain justu, baserriaren jatorrizko kokalekua ez zen gaur egungoa; 1990an zaharberritu eta lekuz aldatu zuten. Barroko garaiko baserria Donostiako zaharrenetako bat da, eta garaian inguruko gehienak bezala, sagardoa ekoizteko erabili zuten. Gaur egun, dolare eder bat dauka behealdean, garai batean Munto baserriarena izandakoa. Azken bi urteetan sagardoa egin dute bertan, atzean utzitako ohiturak berreskuratuz, eta aurki Miramongo basoko interpretazio gunea izatera pasako da baserria.

Katxola baserrian hamaiketakoa egin ondoren, Miramongo basoan murgildu ziren ibiltariak; bertan, Miguel Gallastegi frontoia eta anfiteatroa igarota, bertako haritzen artean ibili ziren. Zientzia Museora iritsita, Javier Sada historialariak inguruko eraikinen inguruko azalpenak eman zizkion taldeari, Aieteko jauregia, Miramarrekoa eta inguruan gertatutakoa berreraikiz. Sadak lehen eta hirugarren Karlistadetako sarraskiak ekarri zituen gogora, Donostiak jasandako gerrate eta borrokak deskribatuz.

Bidean aurrera eginda, taldea baserri eta sagardotegien artean sartu zen, Oriamendi gaina pasata. Urumearen inguruak ikusi zituzten ibiltariek, une batez errepidea alde batera utzi eta Antondegi muinotik igaro ondoren, Donostialdeko baserri eta sagardotegiak bisitatu zituen taldeak. Amaitzeko, Martuteneko industrialdea goitik ikusteko aukera izan zuten.

Azken etapa, otsailaren 22an

Igandeko txangoarekin ia amaituta gelditu da Donostiako Itzulia bertatik bertara ezagutzeko egindako ibilaldi gidatuak; azken etapa otsailaren 22an egingo dute, Martuteneko 27 poligonoan hasi eta Mirakruz Gainan amaituta.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbide hauek edozein egun eta uneetan egin daitezke, oinez edo bizikletaz; horretarako, soilik margo zuri-urdina jarraitu beharda. Dena den, informazio guztia udaleko webgunean eskuragarri dago.

Deja un comentario