Aieteko auzotarren ekarpenek zein isla izango duten aurrekontuetan atzo azaldu zuten

Herritarrek ere osatu dute aurrekontu proiektua

AIETE 3

2015eko aurrekontu proiektua prest du udal gobernuak, otsailaren 26ko udalbatzarrera eramateko. Auzoz auzo egindako bileretan bildutako 116 proposamen jaso ditu, eta 16,7 milioi aurreikusi ditu errealitate bilakatzeko.

Udal gobernuak auzoetan dituzten kezkak eta beharrak jaso ditu azken hilabeteetan, Auzoak eta Herriak Indartzen partaidetza prozesuaren bidez. Herritarrekin bildu ondoren, hainbat proposamen txertatu ditu 2015eko aurrekontu proiektuan, 16,7 milioi euro aurreikusi baititu auzotarren ekarpenak gauzatzeko. Otsailaren 26ko udalbatzarrean adostu nahi ditu aurrekontuak.

Hala, auzoz auzo egindako bileretan jasotako 220 proposamenetatik 116ri bide emango die aurten, eta 56 proposameni datozen urteetan. Gainerako 48 ekarpenak ez ditu onartu, gaur egun lehentasun ez direlako edo teknikoki edo eskumen kontuengatik ezin direlako egikaritu. Hori bai, udal gobernuak proposamen guztiei eman die erantzuna, onartutakoei zein baztertutakoei.

Atzo Aietean egon ziren, 19:00etatik 21:00etara: Juan Karlos Izagirre alkatea eta bost zinegotzi: Jabi Vitoria, Ogasunekoa; Axier Jaka, Informazio, Partaidetza eta Ingurumenekoa; Naiara Sampedro, Berdintasun, Migrazio, Kultur Aniztasun, Hezkuntza eta Gazteriakoa; Ricardo Burutaran, Etxebizitza eta Hirigintzakoa; eta Jon Albizu, Lankidetza, Gizarte Ongizate eta Mugikortasunekoa.

Egun geldirik dagoen Aieteko bidegorria amaitzea da bizilagunen eskaeretako bat. 2014an, ordezko aukerak aztertu zituzten Oriamendi pasealekutik Aiete pasealekura doan bizikletentzako bidea egin ahal izateko. Etorkizunean, egungo sarearekin lotuko dute bizikletentzako bidea, Aiete pasealekuan garraio bertikaleko elementuak jarrita. Tarte hori eraikitzeko proiektua idazteko, 35.000 euro daude 2015eko aurrekontuan.

Barneko mugikortasuna hobetzea da asmoa, trafikoaren kontrola eta 30 kilometro orduko abiadura guneak sendotuz, bai Bera Bera pasealekuan, baita Aiete pasealekuan ere.

Bolatokia egokitu nahi dute, eta ezagutarazi. Erretiro etxearekin edo auzo elkarte batekin hitzarmena sinatzea proposatu du udal gobernuak; konpromisoa hartuko luke 6.000 euro emateko, eguneratze lanak egiteko.

Jaiak antolatzeko baimena emateko prozesua bizkortzea eskatu dute aietearrek. Berriki, udalean lantalde tekniko bat sortu dute, jarduerak kalean egin behar direnean baimenak hobeto koordinatzeko.

Kultur etxean programatutako jardueretatik haratago, Donostiako jarduera orokorrak Aietera eramatea eskatu dute auzotarrek. Eskaera aztertuta, udal gobernuak konpromisoa hartu du hala izan dadin.

Deja un comentario