Pedro Subijana sukaldariak jasoko du Urrezko Danborra

Donostia Turismoko Administrazio Kontseiluak aho batez erabaki du 2015. urteko Urrezko Danborra nori eman. Pedro Subijana sukaldariak jasoko du. Goizean eta arratsaldean egon dira bilduta udal ordezkariak, eta erabakia 18:30ak inguruan eman dute jakitera.

Urrezko Danborra nori eman arratsaldeko bileran adostu dute, aho batez. (Argazkia: Lide Ferreira)

Urrezko Danborra nori eman arratsaldeko bileran adostu dute, aho batez. (Argazkia: Lide Ferreira)

Zarautz –Luis Irizarren eskolan– eta Madrilgo ostalari eskoletan jaso zuen gastronomia arloko hezkuntza Subijanak, eta, 1975an, Igeldoko Akelarre jatetxearen buru jarri zen.

Irakasle gisa, sukaldaritza ikastaroak eman ditu Amerikako eta Europako erakunde ezberdinetan, baita Estatuko enpresa eta hezkuntza eskoletan ere.

Euskal Telebistan saio bat aurkeztu zuen, La cocina de Pedro Subijana, eta 1992etik 1.400 saio baino gehiago egin zituen.

2007an, Akelarre jatetxeari Michelin Gidako 3 izar eman zizkioten, gehienezko balioa.

Subijanari Urrezko Danborra emateko arrazoien artean, Basque Culinary Centerren sortzaileen artean dagoela izan da, udal gobernuko bozeramaile Josu Ruizek jakinarazitakoaren arabera. Ruizek azaldu du 22 hautagai zeudela, guztiak herritarrek aurkeztuak, zinegotziek ez baitute proposamenik egin gaurko bi bileretan. “Donostia helmuga gastronomiko garrantzitsuenetarikoa da mundu mailan eta hori Pedro Subijana bezalako sukaldariei zor diegu, euren bizitza euskal sukaldaritzat eskaini eta gure mugez harago Donostia hiriaren promozio nabarmena egin du gastronomiaren bidez. Eta ez da ahaztu behar BCCko fundatzaileetako bat dela. Bere jatetxeak Hiru Michelin Izar ditu eta hori da jatetxe batek jaso dezakeen errekonozimendurik handiena”. Halaber, hautaketa sistema berria goraipatu du: “Hautaketa prozesu honek ahalbidetu duena da prozedura asko arintzea, abenduak 10ean jada badakigu-eta 2015eko Urrezko Danborra nori emango zaion”.

Hauek izan dira herritarrek proposatutako beste hautagaiak: Elena Arzak sukaldaria, Fernando Savater filosofoa, Richard Oribe igerilaria, Amaia Montero abeslaria, Ander Ramos zientzialaria, Oier Cascante motorista, Amaia Arberas sopranoa, Txaro Perez idazlea, Jose Ignacio Ansorena eta Julio Biurrun musikariak, Easo Abesbatza, Donostia International Physycs Center, Maria Servini epailea, Francisco Etxeberria forensea, Aquariumeko presidente Vicente Zagarueta, Estanis Martinez de San Vicente, June Yamaguchi blogaria, Wiesbaden-Donostia senidetzearen presidente Ute Bleisner, Gureak, Eskola eta Gaztelubideko presidente ohi Jose Antonio Salas.

Aritz Sorzabal 2014/12/10

Deja un comentario