Izaki misteriotsuz bete dute Kubo Aretoa

Koadro beldurgarri eta fantastiko ugari topa daitezke erakusketan. (ArgazkiaEstitxu Zabala)Irudi Fantastikoa’ erakusketak omenaldia egin nahi dio Beldurrezko Astearen 25. urteurrenari.

Koadro beldurgarri eta fantastiko ugari topa daitezke erakusketan. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Izaki misteriotsuak, oihan ilunak, garezurrak, fantasiazko lekuak… argi dago Kubo Aretoko erakusketa Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearekin loturik dagoela. Izan ere, aurten 25 urte beteko dituen jaildiaren aitzakiarekin osatu dute, omenaldi gisa. Hala, XX. mendeko artisten sorkuntzak jasotzen ditu Irudi fantastikoa erakusketak, beti ere, izenburuak berak dioen moduan, fantasiazko munduari lotuta. “Alegoriazko artea beti existitu da”, aipatu du aretoko arduradun Cristina Belokik. Estatuko 52 artisten 79 lan jaso dituzte, eta tartean, noski, ez dira falta euskal artisten sorkuntzak: Amable Arias, Jesus Zurita, Javier Perez…

Bereziki tamaina handiko koadroek arreta deitzen dute, baina aspaldi egindako marrazki mistoriotsuak ere badaude, besteak beste. Azken batean, margolanak, marrazkiak, grabatuak, argazkiak, eta film eta bideo‐sorkuntzak ere topa daitezke erakusketan. Lau zatitan banatu dituzte:

Tradizioa: Alegoria eta munstroak.

Figurazioa versus abstrakzioa.

Gorputzaren poetikak.

Baso misteriotsuak eta gaueko beldurrak.

Edonola, lan guztiak euren artean loturik daudela argi utzi nahi izan dute antolatzaileek. “Zaila da fantastikoa zer den definitzea. Kontzeptua zabaltzen saiatu gara, eta pieza guztien artean harremanak sortzen. Bisitariek ikusitakoaren inguruan pentsatzea nahi dugu; ziur gauza askotaz ez direla ohartuko, eta berriro itzuli beharko dira”, azaldu du Carlos Arenas erakusketaren komisarioak. Hainbat hitzekin deskribatu du erakusketa komisarioak, arte fantastikoaz hitz egiterakoan erabiltzen diren adjektiboak erabiliz: Arraroa, misteriotsua, alegiazkoa, munstrozkoa, iluna, naturaz gaindikoa eta ameslaria. Gainera, fantasiarena, betidanik izan den eta oraindik den, arte‐joera dela azaldu du Arenasek.

Kubo Aretoko erakusketetan ohikoa den moduan, hainbat jarduera paralelo antolatuko dituzte:

Familientzako tailerrak. Ipuin magikoak sortzuko dituzte itzal txinatarren forman; irudiak edo siluetak baso liluratu batean dantzatu, etxe sorgindu baten hormen atzean ezkutatu edo gazteluko dorretik hegan abiatu ahal izango dira.

Bisita gidatuak. Hilabete bakoitzeko lehen larunbatean, 19:00etan.

Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteak hiru film labur eskainiko ditu Viktoria Eugenia Antzokian: Urriaren 25ean, 17:00etan, Minotauromaquia; urriaren 26an, 17:00etan, Destino; eta urriaren 26an, 19:45ean, Un Chien Andalou.

Irudi fantastikoa erakusketa bihar zabalduko dute, 20:00etan, hainbat artisten bisitarekin, eta 2015eko urtarrilaren 25a arte egongo da zabalik. Asteartetik igandera zabalduko dute, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Beti bezala, sarrera doakoa izango da.

Estitxu Zabala 2014/10/15

Deja un comentario