“Ez gaude ados herritarrekin eztabaidatu gabe hiria lau barrutitan banatzearekin”

1 Auzo-elkarteakDatorren asteko udalbatzarrean, oposizioko alderdiek adostutako barrutien araudiari lehen onarpena emango diote. Araudi horren bidez hiria lau barrutitan banatzea adostu dute, eta Altzako barrutia legealdia amaitu aurretik jarri nahi dute abian.

Gaur, ordea, hiriko 20 auzo elkartetako hainbat ordezkari bildu dira udaletxean euren iritzia emateko. Ez daude ados hiria barrutietan banatzeko prozesuarekin, eta herritarrak ez dituztela kontutan hartu salatu dute: “Herritarren partaidetza funtsezkoa da hiriari, eta zehazki gure auzoei eragingo dieten erabakiak hartzeko garaian. Horregatik, ez gaude ados herritarrekin eztabaidatu gabe hiria lau barrutitan banatzearekin”, adierazi du Eider Obeso, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak. “Hiria barrutietan banatzea derrigorrezkoa dela diote, 2003ko lege batek hala behartzen duela, baina harrigarria iruditzen zaigu, orain arte neurririk hartu ez izana eta hauteskundeen atarian gaudenean, presaka araudi bat prestatzea”, gaineratu du Felix Perez, Aieteko Lantxabe auzo elkarteko kideak.

Auzo elkarteetako kideak oso pozik agertu dira, barrutien gaiak guztiak elkartzeko aitzakia eman dielako, eta herritarrak “ez daudela lo” adierazten omen du horrek. Barrutien eztabaidak herritar guztiei eragiten diela nabarmendu dute, eta halako erabaki bat herritarrei galdetu gabe hartzea ez dela zilegia esan dute. Horregatik, datorren asteko udalbatzarreko gai ordenetik barrutien gaia kentzeko eskatu dute. Badakite lehen onespenaren ondoren hilabeteko epea dutela zuzenketak aurkezteko, baina euren ustez, epe hori ez da nahikoa. Gainera, abiapuntua da aldatu beharrekoa: “Ez dugu erabaki bat zalantzan jarri nahi, herritarren artean eztabaida lasai eta irmo bat sortzea nahi dugu, gaiak hala eskatzen duelako. Hiriaren kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeari buruz, erakundeak auzoetara hurbiltzeari buruz, eta herritarrek hiriko erabakietan eta bizitzeko nahi dugun hiri ereduari buruzko dugun iritzia eman nahi dugu”, esan du Obesok.

Zentzu horretan, “herritarrok autodefentsa tresnak behar ditugu, politikoek nahi dutena eta nahi dutenean erabaki ez dezaten“, esan du Arkaitz Aranburu, Amarabai auzo elkarteko kideak, eta “horretarako herriari galdetzea ezinbestekoa da, parte hartzea kulturaren zati izan dadin, eta ez eslogan bat”.

Auzoen izaera zalantzan

Mahai gainean duten barrutien araudiak auzoak inolako ordena eta irizpiderik gabe banatzea ekarriko luke, auzo bakoitzaren izaera eta beharrak kontuan hartu gabe”, esan du Obesok. Lantxabe auzo elkarteko kideak, adibidez, Aieteko kasua aipatu du: “Mendebaldeko barrutian, Antigua, Benta Berri, Aiete-Miramon, Añorga eta Zubieta batu nahi dituzte, eta gaur egungo egoeran, zerikusi gutxi edo batere ez daukagu gainerako auzo horiekin, Zubietarekin esaterako”.

Udaletxean bildutako 20 auzo elkartetako ordezkariek adierazi dutenez, hiria nola antolatu behar den alderdi politikoek erabakitzea “goitik beherako demokrazia baten isla da”. Felix Perezen arabera, berriz, eurek eskatzen dutena alderantzizkoa da: “behetik gorako eredua, herritarrek erabakitako. Hiria puntu kardinalen arabera zatitzea eragiketa matematiko sinpleegia da“. Perezen arabera, gainera, urtetako lanaren ondorioz lortu dute auzoak, auzo elkarteak eta auzoetako herritar eta eragileen arteko sareak eraikitzea, eta “erabaki politiko batek ezin du guzti hori hankaz gora jarri”.

Altza

Altzako kasua berezia dela onartu dute. “Altzak nortasun, gizarte eta ekonomia errealitate propioak ditu, eta altzatarrei beren interesen kudeaketan modu aktiboan parte hartzeko aukera emango dien irudi bat bilatu beharra dago. Altzak kudeaketa organo propio bat behar du, baina Altzan barruti bat edo antzeko zerbait sortzeak ez du esan nahi hiriko gainerako eremuak ere aldatu behar direnik”, adierazi du Felix Perezek.

Hauek dira, gaurko agerraldia babestu duten auzo elkarteak: Morlanstarrak auzo elkartea, Amara Berri auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Altza XXI Herri Ekimena, Herripe auzo elkartea, Amarabai auzo elkartea, Lantxabe Aieteko bizilagun elkartea, Uliako auzo elkartea, Intxaurrondo Zaharreko bizilagun elkartea,Ondarpe Groseko auzo elkartea, Añorga Txikitarrak auzo elkartea, Sarroeta auzo elkartea, Martutene, Agrupacion Comunidades Poligono Bera Bera, Errondoko auzo elkartea, Lan Berri Txomin-Enea, Urumea Ibaia auzo elkartea, Egia Bizirik, AVERIL, Loiolako Erriberako auzo elkartea, Igeldoko Herri Kontseilua, Zubietako Herri Kontseilua

Agurtzane Altuna 14/10/22

4 comentarios en ““Ez gaude ados herritarrekin eztabaidatu gabe hiria lau barrutitan banatzearekin”

  1. Axier Jaka

    “Inposizioren bidetik ezin da halako proiekturik aurkeztu”, esan du Jakak, oposizioak adostutako barrutien araudiari erreferentzia eginez; “Egungo ereduak zaharkituak daude eta bistan da demokrazia bertikalak ez duela lekurik”.

    Tresna administratibo gisa udal gobernua ez dago barrutien aurka, baina oposizioak aurkeztutako ereduaren aurka bai: “hiria lau zatitan banatu nahi dute, eta horrek ez ditu nukleo naturalak errespetatzen”, esan du Jakak. Gainera, herritarren parte hartzea zabala izan behar duela uste du zinegotziak, eta bere ustez, “oposizioaren ereduak antolatutako herritarrak bakarrik hartzen ditu kontuan, ez norbanako guztiak”.

    Responder
  2. Eneko Goia

    Jeltzaleen arabera, hainbat auzo elkartetako ordezkarik gaur eskatu dutena egiteko badira beste bide batzuk. Behin behineko onarpenaren ondoren hilabeteko epea dago zuzenketak egiteko, eta Eneko Goia, bozeramaile jeltzaleak esan duenez, “prest daude herritarren ekarpen eta kezka guztiak jaso eta eurekin eztabaidatzeko”.

    Gainera, datorren astean hasierako onarpena adostuko dutela gogoratu du Goiak, “prozesua luzea da, eta behar diren aldaketa guztiak egiteko ateak irekita daude”.

    Sortuko duten lehen barrutia Altzakoa izango da. Goiaren esanetan, “altzatarren egoeran tresna egokia dela uste dugu. Gainera ez dugu ahaztu behar, gainerako barrutiak sortzea hurrengo legealdirako lana izango dela; lehenik Altzakoa abian jarri eta balorazio bat egin beharko da, ondorengoentzako erreferentzia izan dadin”.

    Dena dela, gaia lantzeko auzo elkarteekin edo herritarrekin elkartuko direla adierazi du Goiak.

    Responder
  3. Ernesto Gasco

    Herritarrekin biltzeko konpromiso bera agertu du Ernesto Gasco, bozeramaile sozialistak ere. “Dagoeneko bildu gara auzo elkarte batzuekin, eta ulertzen dugu euren ezinegona edo kezka, baina eztabaida irekia da, eta proposamenak jasotzeko prest gaude”, esan du Gascok.

    Barrutien prozesuak aurrera jarraituko duela esan du zinegotziak, eta alegazio epean jasotako kezka guztiak aztertu eta kontuan izango dituztela nabarmendu du.

    Responder
  4. Jose Luis Arrue

    PPko zinegotziaren esanetan, “ezin digute eskatu legeari iskin egiteko; legeak betetzeko dira, eta dagoeneko 11 urteko atzerapena daramagu”.

    Gainera, zinegotzi popularraren arabera, barrutiak eta auzoak bateragarriak dira: “barrutiak sortzeak ez du esan nahi auzoen izaera desagertuko denik. Begira bestela Bilbo: zortzi barrutitan banatuta dago, eta ederki moldatzen dira”.

    Auzo elkarteetako ordezkarienganako errespetu osoa agertu du Arruek, eta barrutiak tresna administratibo onak direla azpimarratu du: “Eskumenak emateaz gain, baliabide ekonomikoak bermatzen dizkie auzoei”.

    Responder

Responder a Jose Luis ArrueCancelar respuesta