Miguel Gallastegi Omenaldia

 “1943an ezagutu nuen txoko hau, eta osasunak uzten didan arte jarraituko dut etortzen”

Miguel Gallastegi pilotariari omenaldia egin diote Aieten. Miramongo frontoian bere omenezko plaka bat jarri dute, eta Donostiako Udalak eskainitako txapela ere jantzi diote.

1

Ohi baino jende gehiago zegoen gaur Aieteko Pakea plazaren alboan dagoen frontoian. Plazaren izena jakin gabe ere, lasaitasun bila, bake bila igotzen da Miguel Gallastegi Erdialdetik txoko honetara. Baina gaur festa giroa izan da nagusi. Izan ere, dagoeneko auzokotzat hartzen duten Aieteko bizilagunek omenaldi bat egin nahi izan diote pilotari ohiari.

Aspaldian ezagutu zuen txoko hau Miguel Gallastegik; ongi gogoan du 1943ko abuztuaren 13a zela. Dagoeneko eraitsia dagoen Ramonene baserrian eman zioten ostatu. Donostian jokatu zuen pilotariak eta bertan igaro ere eguna. Ordutik asko aldatu da Aieteko inguru hau; “garai batean basoa eta lau baserri besterik ez ziren hemen. 1943an ezagutu nuen txoko hau, eta osasunak uzten didan bitartean etortzen jarraituko dut”.

Miguel Gallastegirentzat Pakea plazako lasaitasuna bezain berezia bihurtu da bere presentzia bertako bizilagunentzat, eta hala erakutsi dute gaurko ekitaldian. Saio “hunkigarria” izan da; halaxe aitortu du Gallastegi berak ere, asko izan baitira anfiteatroko frontoiko harmailetan eseri diren ezagun, senitarteko, lagun eta aietearrak ere. Tartean, baita Euskadiko Pilota Federazioko ordezkari bat, eta hainbat udal ordezkari ere. Juan Karlos Izagirre alkateak adierazi duenez, “ezin uko egin Gallastegi omentzeari, ez-ohiko ekitaldia izan baita hau, herritarren ekimenez sortua. Gainera, omenaldirik politenak gustuko lekuetan egiten dira, eta oraingoan asmatu dugula uste dut”.

Pilota kutsuko omenaldia

Atano IIIari aurre egin zion pilotari gisa ezagun egin zen Miguel Gallastegi edo ‘Don Miguel’. Hiru txapela irabazitako pilotaria da, eta bere omenaldian ere pilotak izan du lekua.

Bero zakarra eta itzal gutxi izan da gaurkoan Miramongo frontoian, baina gustura egon dira bertaratu direnak. 11:30ean afizionatuen arteko pilota partida jokatu dute. Azken unera arte jokatu ere, 22 eta 20 bukatu baitute.

Eroso egon da Miguel Gallastegi lehen ilaran partidari begira, eta bukatu denean bertsolarien loreek lotsagorritu dute. Xamoa eta Egoitz Zelaia aritu dira bertsotan. Gazteegiak direla aitortu dute Gallastegiren jokua ezagutzeko, baina Zelaiak gogoan izan ditu bere aitonaren hitzak, Gallastegiren jarraitzaile fina izan baitzen.

Udal Txistulari Bandaren doinuei jarraiki dantzariek ireki diote Gallastegiri frontiserako bidea. Han, ‘Miguel Gallastegi pilotariari Aieteko bere txoko kuttunetik’ dioen plaka bat jarri dute, eta pilotaria hunkitu da bere gazte garaiko irudiaren aurrean eta zaleen txalo artean. Esker oneko hitzak besterik ez ditu izan denentzat.

Beste erritmo batean bizi da Gallastegi, eta agian denbora falta izan zaio ezagun guztiak agurtzeko, frontoian bildu direnen artean asko baitziren gazte garaiko jarraitzaileak. Dena den, Maria Jesus Danborenea emaztearengana joan eta irribarre batez muxu emateko tarte bat atera du.

Katxola baserrian izan du patxadan egoteko beta. Pintxo batzuk janez San Tomas egunean egindako sagardoa dastatzeko aukera izan du jendeak. Berotik ihesi gustura gerturatu dira guztiak baserriaren itzalera. Jai giroan ospatu dute gaurko eguna, baina bihar lasaitasuna itzuliko da inguru horretara, eta seguraski astelehenean baita Miguel Gallastegi ere, egunkaria irakurri eta bere plakari goitik begiratzera.

Agurtzane Altuna on 2014/06/21 in HIRIA, KIROLA

Deja un comentario