Andrés Rábago ‘El Roto’

«Irria gehienetan desaktibatzailea iruditzen zait»

… ustelak lurpera, bizitza da handiena, galtzea litzake galtzea dena…”

pertsonaia

Koloreztatzeagatik koloreztatzeari ez diot zentzurik ikusten. Austeritatea, hitzaren oinarrizko zentzuan, arlo guztietan da baliotsua”

Denek marrazten dugu txikitan…

Eta zergatik ez handitzean? Zergatik galdu ohi da marrazteko grina eta artea bidean? Nik txiki-txikitatik erabili dut lapitza eskuan, oso umetatik heldu nion marrazki satirikoari. Bakoitza mundura zeregin konkretu batekin sortzen dela sinesten dutenetakoa naiz. Neurea oso goiz topatu nuelako, agian. Ez dut sekula deus erabaki, zirkunstantziek eraman naute batetik bestera. Oztopoak saihesten saiatu naiz, bazterra ez jotzen ahalegindu, nire burua ur-azalean mantentzeko borrokatu naiz, baina beti jarraitu diot bizitzaren korronteari. Zortekoa naiz, ez dut sekula mundura marrazteko sortu ote nintzen kolokan jartzeko besteko zailtasunik aurkitu. Ibai guztietan bezala, egon dira urak geldi-geldi zeuden sasoiak, emari bizi-biziko aroak, baina korronteak seinalatutako norabideari jarraitu diot beti.

Frankismopeko urak derrigorrez dira nahasiak artista satiriko batentzat?

Diktadurek beti dauzkate ezpatak zorroztuta, mingainak zein eskuak mozteko prest, baina ez nuen zailtasunik izan. Aise intuitu nuen etor zitekeena, eta eroso mugituko nintzen espazioen bila, politikarekin tematuta ez zeuden aldizkari kulturaletara jo nuen. Horixe agintzen zidan barrenak eta horren araberako sailak eskaintzen zizkidaten. Lengoaia mutu eta oso bisuala nerabilen, interpretatu beharreko kodez josia, zentsuratzen gaitza. Frankismoa pasata ohartu nintzen zinez zer zen diktadura. Ordura arte, horixe zen zegoena eta kito. Horregatik, ez naiz sekula preso sentitu, beti kausitu dut esan nahi nuena esateko modua.

Eta frankismo ostean? Zentsura aferak zeresana ematen ari dira.

Demokraziaren lehen aroa eferbeszentzia sasoi bat izan zen. Orain baino askoz irekiagoa zegoen dena, orain baino libreagoak ziren espirituak. Orain jendea sailkatuagoa dago, etiketatuagoa, bakoitzak zaindu behar du bere parrokia, baina orduan dike guztiak puskatu eta alde guztietara isurtzen zen ura. Hori hala, zaila da zentsura zein autozentsuraren lanak neurtzea. Nik beti jarri dizkiot mugak nire buruari eta muga horien baitan dantzatu dut eskumuturra. Beti ahalegindu naiz edukatua izaten, ez naiz probokazio bila ibili, egoeraren ulermenera bideratutako komunikazioa hobetsi dut. Esaterako, irria ez da ezinbestekoa niretzat. Are gehiago, gehien-gehienetan desaktibatzailea iruditzen zait. Hori bai, barretik edo negarretik, guztiak izan behar du analisirako gai. Hor ezin liteke zentsurarik egon.

Marraztu ezazu zure burua.

Bizi dugunaren ikuskatzailea naiz, obserbazioaren transkribatzailea. Hori da marrazkilariaren sena. Gero bakoitzak dauzka bere begiak, munduari begiratzeko bere kokapena, bizkarrean daraman motxila… Erabateko neutraltasuna ezinezkoa dela jakinik lantzen da neutraltasuna. Ez naiz profeta, pentsamendu pertsonalez jositako begirale neutroa baizik. Gutxi gehiago, denok dakigu zer ari den gertatzen, gure sasoiko espiritua zein den. Gauza zenbait ezkutatu ala gure arreta desbideratzeko interesa egon arren, gehien-gehiena begi-bistan dago. Horregatik, begi-bistan dagoena ikustea da nire eguneroko borroka. Horretarako oso interesgarria da iraganetik edo etorkizunetik begiratzea orainaldiari. Beste territorio batean kokatu eta gauzak izango diren edo izan ziren bezala ikusteak pista asko ematen ditu bizi dugunari buruz.

Zer harreman duzu aktualitatearekin?

Aktualitatea ez zait interesatzen. Egunkariak irakurtzen ditut, badakit zer ari den gertatzen, baina ez dut uste dekantatzen utzi gabe gauzen neurri eta garrantziaz jabetu litekeenik. Gertatzen ari dena itsu-itsuan jarraitzen duenak, nekearen nekez mingaina ahoan kabitzen ez zaiola amaitzen du, eta itota nola esan liteke taxuzko ezer? Horregatik, aktualitatea ez, orainaldia da interesatzen zaidana, eta ez orainalditzat aurkezten digutena, zinezko orainaldia baizik. Informatzeko modu onena isiltasuna dela ulertu behar dugu. Isiltasunik gabe ezin duzu ingurura soseguz begiratu, ezin diozu zure buruari kasu egin. Inguruko zaratak ez dizu gauzek zure baitan duten oihartzuna aditzen uzten. Zarata interesatua dela? Ados, baina nik ardura pertsonalean sinesten dut, eta bakoitzak jakin behar du zalaparta ateratzen duten tresnak nola erabili, noiz piztu eta noiz itzali. Aurkako interesak egoteak ez gaitu gure arduretatik salbuesten. Pertsonak gara, ez makinak.

Pertsonak aurpegia izaten du, eta zure marrazkietako pertsonen aurpegiak ez dira inoiz garbi ageri. Zergatik?

Teknika bat da, hautu bat. Ez zait gauzak aurpegi batekin lotzea gustatzen. Egoeren ardurak pertsona jakinekin lotzen baditugu pertsona horiek desagertzean afera konpontzen dela sinestera iristen gara. Hori ez da hala. Pertsona horiek momentuko txotxongiloak dira, momentuko aktoreak. Niri gidoia eta gidoilariak interesatzen zaizkit, aktoreak bost axola! Aktore bat gaixotzean, aktorez aldatzen dute, baina gidoiak jarraitzen du. Horregatik uste dut identifikazioak nahasten gaituela. Gainera, denbora eta nire aroa zeharkatzeko anbizioa daukat. Ez nuke nahi orain egiten ari naizena bihar ez ulertzea pertsonaia bat nor den inork ez dakielako. Bihar nor oroituko da Rajoyz, Botinez, Zapateroz edo Juan Carlos erregeaz? Inor ez. Artearen edo plastikaren sena duzun unetik duzu denboran irauteko borondatea, eta egoerek aurpegiek baino askoz hobeto zeharkatzen dute denbora.

Zure artearen senak apenas eskatzen dizun kolorerik.

Espirituaren erabateko liberazio nahiak narama, eta koloreak beti gozatzen du edukia. Zuri-beltzaren edertasuna planteamendu bat da bere osotasunean. Uneak eskatzen badit edo plastikoki funtzionatzen badu, tarteka-marteka kolore tanta bat eransten diet marrazkiei, baina koloreztatzeagatik koloreztatzeari ez diot zentzurik ikusten. Austeritatea, hitzaren oinarrizko zentzuan, arlo guztietan da baliotsua. Ene iduriko horixe da eskas eta behar duguna. Austeritatea ez da pobrezia. Austeritatea kontsumo sistema honi kontra egitea da, hormaren aurka garamatzan kamioiari norabidea aldarazteko modua.

Zer aldarazi nahi duzu zure zintetan animaliak eta landareak humanizatuz?

Izaki bizidunak, arimadunak, humanizatzea ez da bekatua. Bortxa jasanezina zaidanez, etengabe enpatizatzen dut animalia eta landareekin. Gaizki tratatu duten animalia bat jaten dugunero irensten dugu bortxa hori. Landareei produktu toxiko bat botatzen diegunero kaltetzen dugu gure burua. Animaliak zein landareak humanizatzea gure ingurua aintzat hartzeko aldarrikapena da. Gure inguruarekin bakean al gaude? Gure izateak ba al du zentzurik inguru horretatik kanpo? Metatzen ari garen inguruarekiko zorrak nork kitatuko ditu? Politika edo debate filosofiko handiustekoetara dedikatzen den inteligentziak horretaz ere arduratu behar luke. Hori da guztiaren oinarria.

Zure bineten oinarrian testua eta marrazkia daude. Zein da bien arteko harremana?

Harremanak orekatua behar du. Ezin liteke testu bikaina marrazki eskasarekin ezkondu, ezta alderantziz ere. Biek eskatzen dute arreta, biek kalitatea. Horregatik bilatzen dut testuan marrazkian bilatzen dudan soiltasuna. Oso hausnartua dago dena, ezinbestekoa soilik agertu dadila, ezer ez soberan, deus ez faltan. Austeritatea marrazkian, austeritatea testuan, austeritatea bizitzan. Esaterako, kontzienteki baztertzen dut tratamendu digitala. Bilaketa zein artisau-lanketa hobesten ditut, igarri dadila eskua. Argazkiak errebelatzen diren gisan bihurtzen dut buruan dudan planteamendua marrazki. Paperean hartzen du zentzua eskuak. Papera eta eskua ukatzen dituena oso hotza da nire gusturako.

Papera eta eskua, prentsaren geroaz ari zarela dirudi.

Papera desagerrarazi nahi duten susmoa dut. Papera dokumentua da, testigantza. Bestelakoak erraz aldatu litezke, azkar ezabatu, arrasto gutxi uzten dute… Baina munta handiko aferek papera eskatzen dute. Hori hala, hedabideak oso gaixo daude, jendartea oso gaixo dagoelako. Medioen sendabidea sendabide sozialetik etorriko da, eta sendabide pertsonalak soilik ekar dezake sendabide soziala. Beti uzten ditugu erruak eta ardurak besteentzat, beti seinalatzen dugu auzokoa. Arazoa zein den esan behar digute, konponbidea aurkeztu, norabidea markatu… Ez al luke bakoitzak bere munduaren jabe izan behar? Gure buruaren, munduaren, eta maitasun zein gorrotoen jabe izateak sendatuko gaitu. Hortik datoz soluzio guztiak. Prentsari dagokionez, segur aski dauzkagunak baino medio gutxiago beharko genituzke. Hobeto ikusiko genuke arazoen aurrean nola jokatu, non eta nola izan dezakegun eragina, zein den gure kokapen egokiena. Ezer izatekotan, bitartekariak dira medioak, eta bitartekari gehiegi izatea txarra da denetan. Gauzenganako eragin zuzena lortuko bagenu bitartekariak ez leudeke soberan, baina ez lukete inondik inora egun duten garrantzirik izango. Alabaina, horrek ez du esan nahi kazetaritzak ez duenik gerorik. Kazetaritza informazioa da eta informazioa beti izango da beharrezkoa. Zer balio du ordea informazio saturazioak, galbaherako gaitasunik gabe?

Zure lanak argitaratzen dituen El País egunkariak ez ditu garai onenak bizi. Nola eragiten dizu horrek?

Ez dut nire burua egunkarian kokatzen. Ez naiz lan egiten dudan medioan inplikatzen, egiten dakidan horretan onena ematetik harago. Ez noa erredakziora, ez dakit zer egosten den bertan, ez dakit nola funtzionatzen duen egunkari batek. Nik nire estudioan egiten dut lan, bertatik begiratzen diot munduari. Goizetan egunkariak irakurri eta interesatzen zaidanari buruzko notak hartzen ditut, begiz jotako argazki pare bat moztu, eta pintatzen edo bisitan etortzen zaizkidan lagunekin hizketan egoten naiz. Bazkalostean, bidea egin duten ideiak aztertu, indarra zerk duen erabaki, eta marrazten hasten naiz. Marrazketa saioa bukaturik, senak eta egoerak eskatzen didatenaren arabera deliberatzen dut biharamunean zer argitaratuko dudan. Izan liteke duela sei hilabete egindako bat edo arratsalde horretan bertan borobildutako azkena. Eguneroko errutina metodiko hori da nire oskola, onerako eta txarrerako.

Gauza bera marraztuko zenuke El Paísen, El Mundo-n, edo ABC-n?

Zuretzat gatazkatsua ez den medio batentzat lan egitea da logikoena. Etengabe haize-kontra marraztu behar baduzu, goiz ala berant, lehertu egiten zara. Hala, medioak zure askatasuna onartu eta errespetatu behar du, zure ustez egin behar duzuna egiteko modua eman behar dizu, ez dizu esan behar honi buruz bai eta honi buruz ez, ez dizu gairik jarri behar… Ez dut sekula halakorik onartu, ezta onartuko ere. Gai bat eman didaten aldiro berehala gogaitu naiz zer esango nukeen pentsatzen. Airean presente dagoen edozeri buruzkoa izanik ere, zure baitatik atera behar du marrazkiak. Ez dut kanpotik behartutako bulkadetan sinesten.

Hil arte irauten al du artistaren bulkadak? Ez al da inoiz erretiratzen?

Ez erretiratzea da ohikoena, lanean hiltzea. Beti ikasten ari zarenez, beti daukazu zer marraztua, hortik lapitza eskuan hiltzeko desira. Agian egun batez medioak ez dira existituko, bota egingo naute, inork ez dit libururik argitaratu nahiko, baina inork ezingo dit galarazi niretzat pintatu eta marrazteko plazera. Horregatik ez nau arduratzen argitaratzeko espaziorik gabe gelditzeak. Bitartean, orain arte bezala, korronteak markatzen didan norabideari segituko diot, nire maila gorenari eusten ahaleginduko naiz, egunero zerbait ikasiz, lengoaiari ateak irekiz. Ezinbestekoa iruditzen zait lengoaia satirikoari bidea eman izana. Zaharkitua zegoen, lizundua, eta pixkanaka gaitasun espresibo osoa hartzen ari da. Adierazteko forma berriak aurkitzea da bidea. Horrela soilik egin liteke denok amestu eta sekula iristen ez den maisu-lana.

Nortasun agiria

Andrés Rábago. 1947an Madrilen sortutako marrazkilari satiriko autodidakta. 1968an argitaratzen hasi zenetik, ezizen zenbait eta medio andana pasa ondoren, 1990etik hona El País egunkarian argitaratzen ditu marrazkiak ‘El Roto’ ezizenarekin. Bere lanen bildumekin osatutako 20 liburu baino gehiago dauzka (azkenak, Oh la l’art eta A cada uno lo suyo), eta 2012an Espainiako ilustrazio sari nazionala jaso zuen.

Prentsako argazkiak

Oso garrantzitsuak dira, informazio asko ematen dute. Batzuetan, testuak gauza bat dio eta argazkiak kontrakoa. Bestetan, osagarriak dira. Ezinbestekoa zait bien arteko jolas hori. Ez al dira argazkilariak irakurleon begiak? Zoritxarrez, prentsa idatziak, oro har, ez du argazkia behar bezala zaintzen, ez dio behar besteko garrantzirik ematen”.

Sustrai Colina 2014-06-29

Deja un comentario