‘ZUBI BAT DRINAREN GAINEAN’.

Zubiaren begien aurrean

PUENTE web

Bixente Serrano Izko

Egilea: Ivo Andritx.

Itzultzailea: Karlos Zabala.

Argitaletxeak: Alberdania eta Elkar (Literatura Unibertsala).

Z ubi batek koskortu zuen aurreko hirixka, eta bildu zituen geroko hiriaren hala historia nola eguneroko bizitza, haren bihotz eta pultsu emaile bihurtzeraino XVI. mendetik gaur arte. Vixegrad, Bosniako ekialdean, mende horietan otomandarren pean hasieran, austrohungariar Inperioaren barnean gero, geroago Jugoslavian sei errepublika sozialistetako bateko hiria, Bosnia eta Herzegovinakoa gaur, hogei mila eta koska biztanletakoa… Historia sigi-sagatsu horren lekuko eta belaunaldi anitzen sehaska egonkorra izan den zubia dugu eleberri honen protagonista. Harri sendotako pasabidea otomandarrek eraiki zutenetik, XVI. mendeko azken laurdenean, Gerra Handiak 1914an bizkarrezurra erditik hautsi zion arte doa Ivo Andritxen kontakizuna, berau Vixegraden bizi izanda haurtzaroan, 1894-1904 artean.

Zubi bat Drinaren gainean, bai, eta zubi bat historia luzeko gizaldi eta aginte-aro anitzen artean, baina baita ere kultura/erlijio desberdinetako biztanleen arteko zubi eta biltoki, kristau, musulman eta juduen bizikidetzaren lekuko mutu egunez egun, komunitate bakoitza bere kiribilean bildurik bizi izanda ere. Tragedia anitz, gerra eta ezbehar franko haren gain eta inguruan, hiria astindu zutenak, baina bertako biztanleen gaineko eragina du kontagai beti eleberrigileak. Erran nahi baita ez dituela kontakizun nagusi aginte edo aginte-gai desberdinen arteko gerrak eta matxinadak, batailak eta segadak, askoz gehiago dela gizatalde plural baten egunerokotasun diakronikoaren narrazioa, zubia betiere erdigune eta behatzaile. Astindu historikoak gertatzen direnean ere, nondik datozen haizeak sufrituko dute gehiago komunitate batek bertzeek baino, baina giroa berriro baretzean bere betiko pultsua berreskuratuko du hiriak, zubi egonkorraren begien aurrean.

Odolez eta lan bortxatuen gainean eraiki zen zubia, odolez eta granaden azpian kraskatu zitzaion bizkarrezurra zubiari, baina bitartean, lau mendean, aurrera doa hiriko bizitza arrunta, noizbehinka arruntak ere diren ezbehar eta indarkeria gorabeherengatik. Biztanleen oroimenean gorde eta hazitako sinesmen, legenda eta istorioek ematen dizkiote bizkortasun eta arima hiriaren historiari, narrazio historikotik baino askoz haratago eramanik eleberria. Zerikusirik ez egile baten etxezuloko historia bitxiarekin, unibertsala da eskaini digun panorama, hausnarketa patxadatsuen iturri izan daitekeena.

Klasikoa da narrazio-teknika. Garapen kronologikokoa, erregistro errealistan kontaturik, deskripzio geldo eta aberatsak bai paisaienak bai pertsonaienak, begirada amultsu eta poetikoak, jai-giro, mozkorraldi eta solasaldi esanguratsuak zubi gainean, plazan, tabernetan edo dendetan… muzin egin gabe, hala ere, tragedia gogor gordinetan barna sartzeari. Ahots askotariko narrazioa, haren «indar epikoari» egin zion gorazarre Suediako Akademiak 1961ean Nobel saria Andritxi eman zionean. Herri xumeak, arruntak, hitz egiten du, bai, haren orrialdeetan, eguneroko kezkez eta noizbehinkako aparteko ausardi edo ezinbertzeko jarrera duinez, baina irakurlea pertsonaia desberdinen baitan sakon sarrarazten ere badaki egileak.

Irakurketa atsegina eskaini digu Karlos Zabalak, ez dakigularik, baina, zein bertsiotatik ekarria. Serbokroazierazkotik ez, segurik. Badakigu, jakin, ezin duguna hizkuntza guztietako jatorrizko bertsioetatik euskaratu. Hala izanik ere, ongi etorriak gurera, baiki, mundu osoko altxor literarioak. Baina eskertzekoa izanen litzateke irakurleoi jakinaraztea zer zubi-hizkuntzatatik igaro den ekarpen bakoitza gureganaino iristeko.

Deja un comentario