Ivo Andritx

zubiaDatu pertsonalak

Jaio 1892ko urriaren 9a  Dolac, Travniken ondoan, (Austria-Hungariako Inperioa)

Hil 1975ko martxoaren 13a  Belgrado (Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista)

Ivo Andritx, Alfabeto zirilikoz: Иво Андрић, (Dolac, Bosnia, Austria-Hungariako Inperioa, 1892ko urriaren 9a – Belgrado, Jugoslavia, 1975ko martxoaren 13a) serbokroazieraz idatzi zuen idazlea izan zen. 1961ean Literaturako Nobel Saria eman zioten.

Ivo Andritx 1892ko urriaren 9an Dolac herrixkan jaio zen, Travniketik hurbil, garai hartan Austria-Hungariako Inperioaren agindupean zegoen Bosnia herrialdean. Gurasoak, kroaziar katolikoak, Sarajevon bizi ziren, baino Ivo Dolac-en sortu zen, ama ahaide batzuk bisitatzera joana zelako. Bi urte geroago aita hil zen. Amak, umea mantentzeko modurik ez zuenez, Višegraden utzi behar izan zuen, osaba-izeba batzuen etxean. Hiri horretan igaro zuen Andritx-ek haurtzaroa. Zenbait urte geroago bertako Mehmed Paxa Sokolovitx zubia Zubi bat Drinaren gainean eleberriko protagonista bilakatu zuen.

Bigarren hezkuntza Sarajevon egin zuen. 1912tik aurrera Zagreb, Viena eta Krakoviako unibertsitateetan Humanitate ikasketak egin zituen. Lehen Mundu Gerra hasi zelarik atxilotua izan zen, Austriaren aurkako erakunde klandestino batekoa izateagatik, eta hiru urtez preso egon zen. Gerra amaituta Zagrebeko unibertsitatera itzuli zen, baino diru premiak lanean hastera behartu zuen. Sortu berria zen Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresumako (geroago Jugoslaviako Erresuma) Erlijio eta Kanpo Arazoetako Ministerioetan aritu zen. 1920 eta 1941 artean Vaticano, Bucarest, Trieste, Graz, Madril, Brusela, Geneva eta Berlinen diplomazialaria izan zen

1941ean, Alemaniak Jugoslavia inbaditu zuenean, Berlindik Belgradora itzuli zen. Hiri honetan igaro zuen Bigarren Mundu Gerra eta orduan idatzi zituen bere hiru eleberririk ospetsuenak: Travnikeko kronika, Zubi bat Drinaren gainean eta Andereñoa. 1945ean argitaratu zirenean sekulako arrakasta izan zuten

Gerraren ondoko urteetan Jugoslaviako Idazleen Elkarteko presidentea izan zen eta 1949an Jugoslaviako parlamentu federalean sartu zen. 1958an Militza Babitx jantzi diseinatzailearekin ezkondu zen. 1961ean Literaturako Nobel Saria eman zioten eta jasotako dirua Bosnia-Herzegovinako liburutegiak hobetzeko eman zuen. Handik aurrera eta, batez ere, 1968an emaztea hil zitzaionetik, jarduera publikoa asko gutxitu zuen. 1975ko martxoaren 13an Belgradon hil zen

Deja un comentario