Lauroba + Howdy, Musika Parkean Aieten

wpid-IMG-20130420-WA0005-300x2252014 Apirila 12 / 14:00

Lauroba eta Howdy musika talde donostiarrek girotuko dute larunbatean Aieteko parkea.

Piknika egin eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera emango du Musika Parkean programak

Belarra zapaldu lelopean, parkeak hartzera deitu dituzte herritarrak. Musika Parkean-en denboraldia hasiko da larunbatean, eta aurreko lau urteetan bezalaxe, hiriko sei parketan emanaldi berezi bana antolatu dute Euskadiko Elkarte Filarmonikoak eta Donostia Kulturak. «Parkeak ikusteaz gain, beraietaz beste era batera gozatzea da helburua, hainbat herritan egiten duten moduan», azaldu du Donostia Kulturako Jon Aizpuruak.

Musikaren edo emanaldi baten aitzakian, piknika eta mantak hartu eta herritarrek parkeetako belarra zapaldu eta ongi pasatzea nahi dute antolatzaileek. Iaz 6.000 lagunek parte hartu zuten Musika Parkean-en jardueretan.

Aieteko parkean elkartuko dira larunbatean. Eguraldi iragarpenak huts egiten ez badu, ez du euririk egingo, eta piknik zaleak gustura eseri ahal izango dira belarretan. Lauroba eta Howdy talde donostiarrek girotuko dute piknika, 14:00etatik aurrera. Maiatzaren 17an, Txomin Eneako Benartegi baserrian; ekainaren 14an, Egiako parkean; uztailaren 19an, Miramar jauregian; abuztuaren 23an, Ulian; eta irailaren 20an, Urgullen. Horiexek izango dira hurrengo emanaldiak. Egun horietan zein taldek joko duten emanaldi bakoitza hasi baino bi aste lehenago jakinaraziko dute.

Eguraldi iragarpenen arabera, dataz mugitu dezakete emanaldiren bat, baina beti ere bezperako 10:00etarako emango dute erabakiaren berri.

Aurtengo Musika Parkean-ek baditu berrikuntzak. Izan ere, familia asko erakartzen dituela ikusita, haurrentzako aisialdi jolasak prestatu dituzte, kontzertuek irauten duten tarterako. Gainera, euskaraz abesten duten taldeei garrantzia emango diete, eta antolatzaileak proposamenak jasotzeko prest daude.

Estitxu Zabala 2014/04/10 

Iaz Aieteko jauregiaren inguruan egindako Musika Parkean, apirilean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)

Deja un comentario