SANTA AGEDA

aguedaArrasatetik Garagartza jo eta, handik hurrena, Gesalibar auzoa duzu, Urkiola parke Naturalaren alboko azpi batean. Eta han, antzina bainuetxe izana, 1898z geroztik urte askoan Santa Agedako Osasun Etxe modura ezagutu izan dena dago; gaur egun, Aita Menni Ospitale Psikiatrikoa. Ahizpa Ospitalariek gobernatzen dute, gaixoei profesionalki arreta pertsonala eskainiz, berealdiko lanean, egun orori berea emanez. Bihoakie hemendik nire miresmenik zinezkoena, gaur, Santa Ageda egunean. Izan ere, neke-lan ona dago haiei begira! Han gertatua kontatuko dut, amorez eta umorez.

Maisu goierritar gure lagun-zahar bat maiz joan zen bisitan hara, ospitaleko berri atsegin morbosoz jakitera bera, eta haren ikasleak atariko parkeko zelaian futbolean jokatzera. Behin Ahizpa zuzendaria tokatu zitzaion etxadi aurrean. Maisua ez zegoen isilik egoteko, eta ea zer-nolako proba-edo, galdetu zion, egiten zioten gaixo ekarri berriari, internatu behar ote zen ala ez ikusteko. Andreak esan zion, horretarako bainuontzi handi urez betea zeukatela; gaixoa haren aurrean ipinita, koilara bat, kikara bat eta balde bat jartzen omen zioten eskura, hustu zezala erabat, agindu emanez.

«Jakina –erantsi zion bizkorkilo gure lagun-zaharrak-. Jakina, kuanto: burutik sano dagoenak baldeaz hustuko luke noski bainuontzia, eta ez inola ere, horratio, kutxaraz edota tazaz». Orduan Ahizpa zuzendariak, harrituarena eginez, zehar begira, baina burla-haizez, honela esanik izan behar zion: «Ez, ba. Burutik sano dagoenak tapoia ateratzen du; bistako da. Ai, ene, Jesus! Zuk zein aldetara nahiago duzu logela: atariko parkera ala Urkiolakora begira!?».

2014 FEBRERO 5 por Jesus Mari Mendizabal

Deja un comentario