“Han gehiago harrituko dira, ez dutelako ibaiaren kulturarik”

piraguaPatagoniako ibaietan barrena 600 kilometroko ibilbidea egiteko asmoarekin abiatuko dira hiru lagun, datorren astean; bi hilabeteko abentura aitzindaria egiteko prest daude Aitor Goikoetxea, Mikel Sarasola eta Xabi Olano.

Oso gazteak zirela ekin zioten piraguan ibiltzeari Aitor Goikoetxeak (Errotaburu, 1990), Mikel Sarasolak (Erdialdea, 1987) eta Xabi Olanok (Usurbil, 1989). Donostiako Atletikoko kideak dira hirurak, eta bi hilabeteko erronka prestatu dute, euren kontura. Argentina eta Txilen inguruan 600 kilometroko espedizioa egiteko asmoa dute, euren kayakekin. Datorren asteazkenean hartuko dute hegazkina; eta abiatu aurretik, bi donostiarrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk.

Nola sartu zineten kayaken munduan?

Mikel Sarasola (M. S.): Donostiako Atletikok udaran antolatzen dituen ikastaroetan hasi nintzen piraguan ibiltzen, 10 urterekin, Donostiako gehienok hasi garen bezala. Gerora guk egin izan dugun moduan, ondo ibiltzen diren haurrei galdetzen diezu ea klubean sartu nahi duten. Jarraitu egin nuen, eta ibaian ibili nintzen lehen egunean jakin nuen horretan jarraituko nuela, bai edo bai. Lehenagotik futbolean aritzen nintzen, baina piragua askoz nahiago nuen. Kluba berez slalomekoa da, eta horretan sartua egon naiz, diziplina olinpikoa da, Maialen Txorraut eta hauek egiten dutena. Momentu bat iritsi zen slalomaz aspertu egin nintzena, sakrifizio handia eskatzen zuen; urte batean Kataluniara joan nintzen egunero entrenatzen aritzeko… Gauza gehiago probatzen hasi nintzen, eta muturreko kayaken munduan sartu nintzen gehiago, duela lau urte. Ibaiak jaisten ditugu, leku berriak ezagutuz eta gozatuz, lagunez inguratua. Lehia zati txiki bat ere badauka. Bizi guztia slalomean aritu ostean, erraz hartu genuen.

Aitor Goikoetxea (A. G.): Ni ere antzeko moduan hasi nintzen, udako ikastaroetan, haurra nintzela. Baina nik anai-arreba zaharragoak ditut, lehenago hasi zirenak, eta nire amak ni ere bidali ninduen. Slalomean ibili nintzen buru-belarri eta biko piraguan ibili nintzen 20 urte izan arte. Oso zaila zen diziplina hori, beste batekin eguneroko elkarbizitzan egotea. Erabaki genuen hori uztea, entrenamendu seriotik pixka bat urruntzeko. Belauniko joaten ginen kanoa bakarrean, eta bakoitzak alde batekin egiten zuen arraun. Oso harreman ona izan behar duzu bestearekin, zure bikotea bezala da, eta azkenean utzi egin genuen. Gero, estilo librean ibili nintzen, eta Munduko Txapelketan hirugarrena geratu nintzen; ibaiko olatu estatiko batean trukuak egitea da kontua. Gero, pixkanaka muturreko kayaketan sartu nintzen, Mikel eta beste batzuekin.

Kanpora asko joaten zarete orduan?

M. S. : Normalean bidaiak egiten ditugu, bai, ibaiak ezagutzeko, eta lagunartean joaten garenez, asko gozatzen dugu. Ezagutzen ditugun tokiek ez dute zer ikusirik izaten. Eskalada edo alpinismoa egitea bezala da, beste modu batera iritsiko ez zinatekeen tokietara iristen gara.

Zer du desberdin muturreko kayakak?

M. S. : Niretzako daukan politena talde lana da. Slalomean zu bakarrik zara, eta lagunekin zauden arren, zure lehiakideak dira. Ibai bat jaistea lortzen duzunean, berriz, talde guztiak egindako lanarengatik da. Denen artean lortu dugu, eta harro sentitzen zara. Zure segurtasuna besteen baitan dago eta oso garrantzitsua da gainontzekoak ongi ezagutzea. Sistema guztia ongi antolatua izatea eta esperientzia izatea oso garrantzitsua da.

A. G. : Oso zaila denean eta ezin denean ongi ikusi ibaiak zein bide egiten duen, bat ateratzen da piraguatik ikustera, edo denak ateratzen gara piraguetatik. Normalean lehenengo doanari kasu egin behar zaio, eta keinu batzuk ditugu gure artean ulertzeko.

Argentina aldean antolatu duzue abentura, nolatan?

M. S. : 2012ko urrian joan nintzen Patagoniara, lan kontuengatik. Abentura enpresa handi bat dago, outdoor kirolen inguruan, eskalada, trekinga glaziarretatik… baina jarduera berriak sortu nahi zituzten uretan, eta horretara joan nintzen, kataluniar batekin batera. Urarena nahiko gai tabua baita han, ez dago kulturarik kayaken eta raftingaren inguruan. Itsasoko kayaketan egin genituen gauza batzuk, baina ur-bizietan gauza pila bat egiteko aukera dagoela ikusi nuen. Baina, bakarrik negoenez, ezin nuen gehiegi landu, eta ibai erraz batzuk jaitsi nituen. Torres del Painekoa oso ibai handia da, eta nik bakarrik ezin nuen jaitsi. Itzuli nintzenean buruan nuen hara itzultzea, baina ez lanera, gogoko dudana egitera, eta Aitorrekin hitz egin nuen. Beti gurekin ibiltzen da Jon Otamendi, eta gurekin etorri behar zuen, baina azkenean ezin izan du, eta Xabi Olano etorriko da.

A. G. : Baiezkoa eman nion, sekulako abentura izatea espero dudalako. Sekulako paisaiak ikusiko ditugu, eta piraguismoaren aitzakian ez bada, ez dut halako tokietara joateko aukerarik izango.

Gauza asko prestatu beharko dira halako bidaia bat egin aurretik, ezta?

M. S. : Gauza gehiegi, eta hori da nik espero ez nuena. Polita dauka aurretik gutxi arakatu gabeko tokietatik ibiliko garela, piragua munduan ez dago aurrekaririk. Bertako parke nazionalekin hitz egin behar da baimenak lortzeko, Argentinatik Txilera ere pasako gara, baina hor ez dugu mugarik pasako. Beraz, baimena lortu behar dugu… gauza horiek egiten denbora asko eman dut. Gero, materiala ere prestatu beharra dago, gauza batzuk erabiltzera ez gaude ohituak, Europan ez direlako behar. Adibidez, GPSak, satelite bidezko telefonoak, erreskaterako gauza asko… aurreikuspenekin jokatu behar dugu, gero han ezusterik ez izateko. Han bakoitzak bi piragua erabiliko ditu, itsasokoak han utziko dizkigute, eta ez da batere erraza, baina ur bizietakoak hemendik eramango ditugu hegazkinean. Egun osoak galtzen dituzu prestaketa fisikoan aritu beharrean, deiak egiten eta posta elektronikoak bidaltzen.

A. G. : Gainera, espedizio honekin dokumental bat egin nahi dugu. Beraz, material asko eraman behar dugu zerbait polita egiteko. Kamerak, bateriak… hasieran dena oso erraz ikusten duzu, eta prestatzen hasten zarenean zailtasunak gehitzen dira.

Orduan pisu asko eramango duzue piraguetan, ezta?

M. S. : Beti daramatzagu piraguetan erreskate sokak, mosketoiak… edozein gauza gertatu ezkero prest egoteko. Oraingoan, dena eraman beharko dugu, kanpin denda, zakuak, sukaldea, arropa, janaria… Ur bizietako piraguek 23 kilo inguruko pisua dute, eta bakoitzak beste 15-20 kilo gehituko dizkiogu. Azkenean, pisu bikoitzarekin joango gara, eta horrek ere atzeratu egingo gaitu pixka bat, gehiago nekatuko gaitu, nabigatzeko era ere ez da berdina izango…

A. G. : Argentinako lakutik Dixon lakura, gainera, treking antzeko bat egin beharko dugu, 200 metroko maldarekin, 20 kilometro ingurukoa. Kayakak bizkarrean eramango ditugu, motxila antzeko batekin, eta xuabe-xuabe aurrera.

Zein da zuen plana?

M. S. : Martxoaren 6an iritsiko gara, eta hamar egunez parkeekin, aduanekin, guztia ongi lotuko dugu. Gero, jaitsiera erraz batzuk egingo ditugu nik lan egin nuen enpresarentzat, bezero batzuekin, diru pixka bat ateratzeko, bost egunez. Ondoren, bi egunez gure abenturarako prestatuko gara, erosketak egin… eta gure espedizioa hasiko dugu martxoaren 21-22 aldera. Hortik aurrera, hiru edo lau aste egingo ditugu ibaian sartuta, 600 kilometroak egin arte. Seguru kilometro gehiago izango direla gainera.

Egunero ibiliko zarete uretan?

M. S. : Berez astean egun bat hartu dugu gure kalkuluetan atseden hartzeko, baina hori gainontzeko egunetan egiten ditugun kilometroen araberakoa izango da. Egunean 30-40 kilometro egingo ditugula kalkulatu dugu, baina gauza askoren araberakoa izango da, ea gorputzek nola erantzuten diguten, haizea…

Nola moldatzen zarete entrenatzeko?

M. S. : Gu lau lagun gara normalean elkarrekin entrenatzen dugunak. Badakigu fisikoki ongi egon behar garela, eta gimnasioa eta korrika saioekin lantzen dugu fisikoa, lesioak ekiditeko. Prest egon behar gara estres handiko egoeretara eta adrenalina asko eskatzen dutenetara. Bizitza guztia daramagu piraguan, eta gure gorputza ohitua dago. Orduan, ez dugu hainbesteko beldurrik alde hortatik. Sekulako ur-jauzi batera irits zaitezke, eta ez bazaude ohituta halako egoerei aurre egitera, sekulako tentsioa eta beldurra izan ditzakezu; burua ongi prestatua izatea da garrantzitsuena.

A. G. : Ura dagoenean, ibaira, hori beti, bestela ezin duzu teknika landu. Gimnasioan, bizkarra eta sorbaldak lantzea da garrantzitsuena.

Zer izango da zailena?

M. S. : Bi modalitateak uztartzea izango da zailena. Ibaian, ur-bizietakoa, eta lakuetan itsasoko kayakekin egin behar duguna. Jarrita ditugu non egin beharko ditugun piragua aldaketak. Hiru aldaketa izango dira, eta hango lagun batek piraguak leku batetik bestera eramaten lagunduko digu. Gu ur bizietan ibiltzera oso ohituak gaude, eta hori da berez gehien gustatzen zaiguna, ongi ezagutzen ez dugun ibai berrietan sartzea eta esploratzea. Han luzeena itsasokoa izango da, eta esfortzua fisikoa izateaz gain, burukoa izango da. Hiru lau astetatik hiru laurden itsasoko kayakean izango dira, haize askorekin, eta sekulako pisuarekin kayaketan. Horretarako ez gaude hain ohituak, eta proba batzuk egin ditugu prestatzeko. Hasierakoa oso fisikoa izango da, baina bukaera izango da zailtasun gehien duena. Beraz, erreserbatu egin beharko gara, bukaera ongi egiteko.

Glaziar asko igaroko dituzue, ezta?

M. S. : Bai, Cerro Torre glaziarraren azpitik hasiko gara eta bidean egia esan ez dakit ezta zenbat glaziar egongo diren! Viedma glaziarraren ondotik pasako gara, Argentinako handiena dena, Perito Morenoren gainetik ere pasa nahi dugu…

A. G. : Bukatuko dugun tokian ere, Txileko itsasoan, glaziar txiki pila bat daude, eta oso politak.

Ingurukoek zer esaten dizuete?

A. G. : Gure piraguismo bizitza ezagutzen dutenak ohituak daude, gainontzekoak harrituak geratzen dira.

M. S. : Han gehiago harrituko dira, ez dutelako ibaiaren kulturarik. Ibaiak arazoak bakarrik eman dizkie. Gainera, argi izan behar dugu, hori egiten saiatuko garela, baina ez dakigula lortuko dugun edo ez. Ibai guztiak zeharkatzen saiatuko gara, baina han dena ikusi arte ez dugu jakingo. Gustatzen zaigulako egiten dugu, baina garbi daukagu ez badugu diru pixka bat lortzen gauza hauetatik, azkenean ezingo dituzula nahi dituzun gauza guztiak egin. Bidaia hauek kirola garatzeko eta ezagutarazteko balio dute. Groufunding bat egin dugu, gurekin identifikatuak sentitzen direnek laguntzeko; www.bedatsy.com-en bidez lagundu daiteke.

Dokumental bat egiteko asmoa ere baduzue.

A. G. : Irudiak hartzeko nahikoa material daukagu, eta 30 minutu inguruko dokumental bat osatu nahi dugu. Gure erronka azaldu nahi dugu, eta badugu aurretik ideiaren bat nola egingo dugun. Hango klima aldaketaren berri ere eman nahi dugu, eta gure kirola ezagutarazi.

Nolakoak izaten ari dira bidaia egin aurreko azken egunak, urduri zaudete?

A. G. : Ni urduri baino gehiago irrikaz nago. Data hurbiltzen ari den moduan, han egoteko geroz eta gogo gehiago daukat; hara iritsi eta ea zer gertatzen den.

M. S. : Berak ez dituelako parkeekin kontuak lotu behar! Gauza horiek pixka bat urduritzen naute. Azken egun hauek lasai entrenatzeko hartu nahiko nituzke, baina uste dut behin hara iristean lasaiago egongo garela. Uretan gaudela ikusten dugunean, gainontzeko lan guztiak eginda, orduan bai, gozatuko dugu.

Estitxu Zabala  2014/02/28

Aitor Goikoetxea eta Mikel Sarasola. (Argazkia: E. Zabala)  

Deja un comentario