Catala Rocaren zuri-beltzeko ‘Maisulanak’

Argazkilari kataluniarrak 1950 eta 1960 hamarkadetan eginiko 150 irudi jaso dituzte Kubo aretoko erakusketan; bihartik ekainaren 1era egongo da zabalik.

WEBKubo, Catala-Roca Maisunalak

Chema Conesa erakusketaren komisarioa, azalpenak ematen. (Argazkia: Lantxabe)

Francesc Catala Roca argazkilariaren 150 argazkik osatzen dute Maisulanak erakusketa. Kursaaleko Kubo aretoa bete du La Fabrica eta Barrie Fundazioak ekoitzitako erakusketak, kataluniarraren zuri-beltzeko irudiekin, eta gaur goizean aurkeztu dute. Bilduma osatzeko, Catala Rocaren artxiboa bisitatu, eta 200.000 negatiboren artean aukeraketa egin behar izan zuen Chema Conesa erakusketako komisarioak; ia urtebeteko lana. “Bere seme-alabak ezagutzera joan nintzen, eta Bartzelonako estudio hezea bisitatu nuen”, azaldu du Conesak. Catala Roca Tarragonan jaio zen 1922an, eta Bartzelonan hil zen, 1998an; bere argazkilaritzaren gorena 1550 eta 1960 inguruan lortu zuen Conesaren ustez, eta garai hartan estatuan atera zituen argazkiek osatzen dute erakusketa; gertakari askoren dokumentu historiko gisa. Adituen arabera, Kataluniako argazkigintzaren abangoardiaren ordezkari nagusia da Catala Roca; “Errealitateko irudiak atera eta objektu zoragarri bilakatzen saiatzen zen”, gehitu du Conesak. Euskal Herrian ere egon zen, baina bertan ere bereziki eraikinen argazkiak atera zituen. Erakusketa dagoeneko Sevilla, Bartzelona, Tarragona eta Madriletik igaro da, besteak beste, Donostiara iritsi aurretik.

Erakusketak ez du ikusteko hurrenkera jakinik, eta argazkiak ez daude denboran kronologikoki antolatuak. Zaldi gainean dagoen polizia baten irudiak ematen dio hasiera erakusketari, eta hortik gertu, inguru beraren argazkia, sei metro gertuagotik aterata ikus daiteke. “Beretzako garrantzitsuena zena sartu zuen argazkian, polizia eta atzeko publizitatea”, argitu du komisarioak; hala ere, bi argazkiak ederrak iruditzen zaizkiola dio. Eraikinei argazki asko atera zizkien Catala Rocak, eta Kataluniako arkitektoen argazkilari ofiziala bihurtu zen nolabait ere. Erakusketan honetan, ordea, alderdi dokumentalista azaleratu nahi izan dute. Izan ere, haren obra garai zehatz baten lekukotasuna bihurtu da. Adituen arabera, irudi “ludikoak eta zorrotzak” lortzen zituen, “beroak eta isilak”, eta kontra-argiarekin asko jolasten zuen.

Argazkigintza ulertzeko beste era bat bultzatu zuen Catala Rocak, edozein eratako manipulazioetatik kanpo zegoena; argazki hutsa baloratzen zuen. Hala, argazkilari belaunaldi berri oso batek miretsi zuen. Zehazki, 13 urte zituela hasi zen argazkiak egiten Catala Roca, bere aita Pere Catala Picen estudioan. Bere estudio propioa, berriz, 1947an zabaldu zuen, eta lehen erakusketa 1953an jarri zuen, Bartzelonako Caralt aretoan. Gerora, hainbat kolaborazio egin zituen Revista y Destino aldizkarian eta Grup R arkitekto taldearekin, besteak beste. Joan Miro margolari ezagunaren argazkilaria ere izan zen Catala Roca, urte askotan egin zizkion argazkiak. Conesa komisarioak Catala Roca ezagutzeko aukera izan zuen, eta bere esanetan, lagun leiala zen, eta bere lanarekin oso zorrotza. “Oso argi zuen egin nahi zuena, ez zituen argazki komertzialak nahi, ezta erretratuak ere”, aipatu du Conesak.

 

Kuboko erakusketa bihartik ekainaren 1a arte egongo da zabalik. Asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Sarrera doakoa da eta familientzako jarduerak egingo dituzte larunbatero, 12:00etatik 13:30era; 5-11 urte bitarteko haurrek parte har dezakete, 3 euroren truke, eta informazio gehiagorako 943 012 400 telefonora dei daiteke. Doako bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, hilabete bakoitzeko lehenengo larunbatean, 19:00etan, baina beharrezkoa izango da aurrez erreserba egitea.

Estitxu Zabala

2014/02/13

 

 

Deja un comentario