4,5 milioi euro inguruko kalteak eragin ditu denboraleak

1Igandean kostaldea astindu zuen denboraleak 4 eta 4,5 milioi euro arteko kalteak eragin ditu Donostian.

Kalteak aztertzen eta zenbatzen igaro dituzte azken egunak, eta itsasertzean eta hiri azpiegituretan orokorrean eragindako kalteak gehituz eman du kopurua Nora Galparsoro, Hirigintza zinegotziak. Udalak eta Kosta departamentuak ordaindu beharreko kalteei dagozkien zifrak dira, betiere.

Kalte nabarmenenak

Pasealeku Berriko horma, Kontxako kabinak, hondartzetara sarbideak, zubiak eta Zurriolako kai muturra dira kalte nabarmenenak jasan dituztenak. Baina hauei beste batzuk gehitu behar zaizkie: egun hauetako garbiketa eta konponketa lanak, Kaian egin beharreko lanak eta orain arte sartzeko aukerarik izan ez den hainbat gune, besteak beste, uhartea eta Ondarreta eta Zurriolako kabinak. Ondorioz, gaur emandako kopuruak gora egingo duela uste du Udalak.

Nora Galparsoro, Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du lehentasuna hiria normaltasunera bueltatzea eta kaltetutako puntuak segurtatzea izan dela.

Bestalde, Kosta departamentuak dagozkion lanak azkar egitea espero du udal gobernuak, “premiazkoa baita dagozkion konponketak egitea”. Hala nola, Pasealeku Berriko horma eta batez ere Zurriolako kai muturra, “hiriarentzat babes garrantzitsuak direlako”.

Boluntarioak

Bestalde, 50 bat boluntariok, Piratak eta beste herritar batzuk tartean, beren laguntza eskaini diote Udalari. Beraien lana arratsaldeko 18.00etatik aurrera kontrol lanetara mugatuko da, jendea debekatutako puntuetara pasa ez dadin. Boluntarioek ez dute garbiketa eta antzeko lanik egingo.

Agurtzane Altuna  2014/02/05

 

Deja un comentario