Kafkaren sagua

sostener chaparronZutabe honen enegarren arrankea duzu hau.

Azkena izateko esperantzan ekin diozu honi ere.

Ez zaitu, hasieratik dakizu, asebeteko. Ase eta beteko ez zaituen testu bat irakurtzen ari zara. Atzokoa bezalako egunek hori dute: unetik unera ezer ez da berdin, eskema ezagun betikoen arrailen gainean.

Hori kontatu nahi zenuke.

Gizona —kasu honetan, zutabegilea— bere bakardadean. Atzoko egunak eman zuenari so. Kafkaren sagua bezala sentitzen zara: kabitu ezin itogarriz, estutzen eta estutzen ari dela iruditzen zaizun mundu batean. Kafkaren sagua bezala zaude: asmatu ezinik nola buelta eman asfixiari; leihoak zabaltzeko premiaz, leihoak hautsak janda dituen ganbara-zulo batean.

Urtetako eskarmentuz dakizu zein garesti ordaintzen ari zaren arnasaren lehengaia, munduari begiratzeko higiene mentala. Eta, hala ere, sinestu nahi duzu zure egitekoa ez dela mundua gehiago estutzea, leihoak zabaltzen laguntzea baizik.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabearen enegarren bertsioa gaurko manifestaziorako deialdiaren berri izan aurrekoa da.

Segidan doana ipuinaren itzulpen libre bat da:“Ai! —esan zuen saguak—.

Mundua gero eta gehiago ari da txikitzen. Hasieran, beldurra nion, hain egiten zitzaidan handia. Korrika eta korrika egiten nuen, eta egia esan, eskuin-ezkerreko hormek poztu egiten ninduten, urruti zeudelako.

Baina horma horiek oso agudo estutzen dira eta dagoeneko azkeneko gelan nago eta hor bazter horretan dago gainditu behar dudan tranpa.“—Egin behar duzun guztia norabidea aldatzea da —esan zion katuak.

Eta hantxe bertan irentsi zuen”.

Anjel Lertxundi

 

Deja un comentario