Ez da giro Martutene aldean

11 urumeaBizilagunak etsituta daude, beti ibaiari begira egoteaz nekatuta. Bart gauean Urumeak gainezka egin duela eta, Txomin Enean pankarta bat jarri dute, konponbide bat eskatuz.

Txomineko bizilagunek konponbidea eskatu dute Antzieta pasealekuan jarritako pankarta baten bidez. (Argazkia: E. Zabala)

Martutene eta Txomin Eneako bizilagunak etsituta daude.

Nahikoa da auzo horietatik bueltaxka bat ematea, bizilagunen aurpegietan egoera latza islatua ikusteko. Etsituta daude, beti ibaiari begira egoteaz nekatuta, eta konponbide bat nahi dute. Izan ere, bart gauean berriz ere Urumea ibaiak gainezka egin du, eta kalte handiegirik eragin ez badu ere, alerta egoeran daude bi auzoak, eta noski, bizilagunak kezkatuta.

Inguru horietan ibili da IRUTXULOKO HITZA, gaur arratsaldean.

Martutenen bat baino gehiago ziren katiuskak jantzita ibaiertzean edo zubietan atzera eta aurrera zebiltzanak, ibaia nola zetorren begiratuz. Indartsu zetorren Urumea, urez lepo eta ibaiertzeren batean gainezka eginda, Okendotegi pasealekuan. Inguru horretako garajeren bateaan sartu da ura, eta bizilagun bat bertan lanean ari zen, ur guztia kendu ostean, traste guztiak txukun-txukun garajearen paretetan zintzilikatzen.

Pilar auzunean bizilagun batzuk elkartuak zeuden, haur baten urtebetetze askaria zela eta. Hala ere, jaian ere ez da oharkabean igaro ibaiaren kontua. Haur eta helduak zubira hurbildu dira behin baino gehiagotan, eta ia beste hizketa gairik ez zegoen beraien artean: goraka zetorrela, itsasgora gauean dela, ura aterako dela… edonola, udal langileak alertan daudela nabari zitekeen, udaltzaingoen auto bat baino gehiago inguruan bueltaka baitzebilen, eta anbulatziaren bat ere bai.

Bien bitartean, futbol zelaian partidak jokatzen ari ziren, euripean.Txominen inor gutxi ikus zitekeen kalean, eta zebiltzan gutxi horiek, katiuskak jantzita, Martutenekoen moduan. Zementuzko futbol zelaia autoz betea zegoen, ohiturari jarraituz aparkaleku bihurtu baitute, auzoa baino goraxeago dagoela aprobetxatuz.

Parkerako sarbidea itxia zegoen; eta Renfeko geltokian ezinezkoa zen alde batetik bestera igarotzea, trenbideen azpitik doan oinezkoentzako bidea itxita baitzegoen, urez gainezka. Gainontzean, ez zen bestelako arazorik nabari. Hala ere, gurutzatzen ziren bizilagunek ere Urumea zuten hizketarako gaia.

Udaltzaingoaren unitate mugikorra bertan zegoen, bizilagunen zerbitzura.Loiola aldera joan ahala giroa lasaiagoa zen, inguru horretan ibaiak gainezka egitea arraroagoa izaten baita. Datozen orduetan ere ziur Martutene eta Txomin Eneako bizilagunek alertan jarraituko dutela.

Estitxu Zabala  2014/01/25

 

Deja un comentario