Zerga eta tasen eztabaidak batu egin ditu

basurasUdal gobernua eta PSE-EE akordioetara iritsi dira 2014rako aurreikusitako zergen igoera erabakitzeko garaian. «Donostiak fiskalitate justu eta aurrerakoi bat izango du», esan dute.

Urriko udalbatzarra ez ezik, aste honetan ere zerga eta tasei buruzko ez ohiko udalbatzarra egin dute udaletxean; astelehenean, hain justu. Eztabaidak lau ordu eta erdi iraun zuen, eta albiste nagusiena udal gobernua eta PSE-EEren arteko sintonia ona izan zen.

Hain zuzen ere, Ogasun zinegotzi Nekane Burutaranek PSE-EEk erakutsitako jarrera txalotu zuen, euren arteko ulermenak akordioak lortzea ahalbidetu zuelako. «PSE-EE alderdi arduratsuena izan da. Urrutiago iritsi ahal ginen, etxebizitza hutsei aplikatu beharreko zergekin esaterako, baina pozik gaude emaitzarekin», esan zuen.

Bilduko bozeramaile Josu Ruizek ildo berean hitz egin zuen, eta zergen eta tasen garrantzia nabarmendu zuen, udalaren sarreren %50 bertatik etortzen delako. «Pozik gaude lortutakoarekin. Zorionez, elkar ulertu dugu; PSE-EErekin, batez ere. Jarrera aurrerakoia erakutsi dute», aitortu zuen. «Donostiak fiskalitate justu eta aurrerakoi bat izango du gaurtik aurrera», erantsi zuen.

PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gasco ere pozik agertu zen lortutako akordioekin. «Alderdi guztiekin bozkatu dugu, inongo arazorik gabe, betiere Donostiaren onerako», esan zuen. 77 emendakin aurkeztu zituztela jakinarazi zuen. «Esfortzu izugarria egin dugu. Helburua justizia sozialean oinarritutako lan hoberena egitea zen. Eskertzekoa da PP eta Bilduren jarrera hitz egiteko garaian; ez, ordea, EAJrena», adierazi zuen.

PPko bozeramaile Ramon Gomezek, berriz, ez zuen begi onez ikusi udal gobernuaren eta PSE-EEren arteko «hitzarmena». PPk zergen eta tasen izoztea zela irtenbidea esan zuen, eta uztaileko KPIa kontutan hartzea «dirua biltzeko» xede hutsarekin egin dutela berretsi zuen, hurrengo hilabeteetan KPI indizea txikiagoa zela argudiatuta. «Donostiarren poltsikoa puskatzen ari dira, dirua biltzeko asmoarekin; gainera, gero ez dakite diru hori zertan gastatu», kritikatu zuen.

EAJko bozeramaile Eneko Goiak, bere aldetik, ez zuen inolako kritikarik egin udal gobernua eta PSE-EEren artean lortutako akordioak direla eta. «Jokoaren arauen barruan sartzen da alderdien arteko negoziaketa», esan zuen. Hori bai, eurak ere akordioetara irekita egon direla argitu zuen, eta udal gobernuarekin hitz egin dutela azpimarratu. PSE-EErekin, ordea, ez dutela hitz egin esan zuen, «ez baitugu euren aldetik interesik jaso gurekin akordioetara heltzeko». Horrenbestez, Gascori erantzun zion ez dezala kontrakoa esan.

Autobusaren prezioa, izoztuta

Ogasun zinegotzi Nekane Burutaranek hartu zuen hitza lehenengo asteleheneko udalbatzarrean, eta agintean daramatzaten bi urteetan Bilduren filosofiak emaitzak ekarri dituela nabarmendu zuen. «Ez gara zenbaki hutsez ari bakarrik, herritarrak daude erabakien atzean. Zerga politikak balio behar du pertsonen beharrei erantzuteko», zehaztu zuen, eta udal gobernuaren oinarriak aipatu zituen: zerbitzu publikoak bermatzea, gastu eta sarreren arteko oreka zaintzea eta gutxien dutenek gutxiago ordaintzea.

Zerga eta tasa berrien ezaugarri nagusien artean, nabarmentzekoa da autobus bidaien prezioak ez duela momentuz igoerarik izango. 2014ko apirila bitartean behintzat izoztuta geratuko da txartela, hilabete horretan Garraioaren Agintaritzak hartuko duen erabakiaren zain.

Bestalde, zaborren tasetan aldaketak egongo dira 2014ko ekainetik aurrera. Hain zuzen ere, konposta egiten dutenei zerga merketuko diete (%10); hots, bosgarren edukiontzia erabiltzeagatik. Uraren tasari dagokionez, gutxiago ordainduko dute etxeko erabiltzaileek (%1,7ko igoera) eta gehiago ura erabilera profesionalerako baliatzen dutenek (%1,9ko igoera).

OTA sistemari dagokionez, egoiliar tarifa izoztuko dute, erabaki garrantzitsua, errotazioko tokien %70a hartzen baitute egoiliarrek, eta garabiaren zerbitzuak %5a egingo du gora, datorren urterako aurreikusitako igoera handiena. Ibilgailuei ezarritako igoera, bere aldetik, %1,9koa izango da.

Alokairua sustatzeko helburuarekin, aldiz, urtean 90 egun hutsik dagoen etxea bigarren edo udako etxebizitza bezala sailkatuko dute.

Orokorrean, zerga eta tasen igoera %1,5ekoa izango da batez beste. Igoera horrekin udalak 1,8 milioi euro gehiago bilduko ditu datorren urtean.

Aritz Sorzabal

Deja un comentario