El coro Easo rememora el Bicentenario con una cantata infantil

Parte Zaharra kantuz beteko dute igandean

La actuación comenzará el domingo a las 17.00 horas en la Bretxa y continuará en San Vicente

200 pertsona Parte Zaharreko bost gunetan banatuko dira: Bretxa, San Bizente, Konstituzio plaza, Santa Maria eliza eta Zuloaga plazan.

Hiriaren suntsiketa eta berreraikuntzaren bigarren mendeurreneko jarduerek jarraipena izango dute igandean, urriaren 20an. Oraingoan, kantata bat aukeratu dute, eta 200 haur, gazte eta heldu arituko dira kantuan Parte Zaharrean.

Easo Abesbatzak udalarekin elkarlanean prestaturiko ikuskizuna da. Kantata Josu Elberdinek sortutako zazpi musika piezak osatuko dute. Letrak, berriz, Jose Vicente Etxegarai, Jose Elizondo, Jexusmari Mujika eta Santos Sarasolarenak dira. Narratzaile testuak ere azken honek sortu ditu, eta narratzaile lanetan, berriz, Ander Edo arituko da.

Bost geldialdi izango dituen saio ibiltaria izango da. Bretxan hasiko da 17:00etan eta Zuloaga plazan bukatuko dute hiru bat orduren buruan. Gainera, gune bakoitzean duela bi mende gertatatutakoaren ikuspegi bat eskainiko dute.

Bost gune, bost ikuspegi  Saioa hasi aurretik narratzaileak sarrera txiki bat egingo du testuingurua azaltzeko; aukeratutako agertoki bakoitzak duela bi mende izan zuen garrantzia argitzeko.

1.-BRETXA: Lehen agertokian Easo musika eskolako Cum Jubilo abesbatzak 1813ko abuztuaren 31an aliatuen sarrera hirian kontatu eta kantatuko du. Jose Vicente Etxegarairen Nere Donostiyako herritar maiteak lanaren moldaketa musikala interpretatuko dute, Sergio Pedrousoren zuzendaritzapean.

2.-SAN BIZENTE ELIZA: Duela 200 urte aterpe bilakatu zen eliza hau hainbat herritarrentzat, bereziki emakumeentzat. Emakumeak izango dira, hain zuzen ere, agertoki honetan omenduko dituztenak. Araoz gazte abesbatzako 16 eta 20 urte arteko neskek Gorka Miranda zuzendari dutela, duela 200 urte emakumeek sufritu zituzten erasoak ekarriko dituzte gogora. Josu Elberdinek Santos Sarasolaren letraz egindako musika lana interpretatuko dute. Sarasolaren arabera, ikerketa lan handia egin dute letrak sortzeko, eta kasu honetarako zehazki testigantza errealak erabili dituzte. “Emakumeen testigantza oso oso latzak aurkitu ditugu, eta gogorrenak erabili ez ditugun arren, oso kontakizun krudela da”.

3.-KONSTITUZKO PLAZA: Garai hartako Plaza Berrian, 1813ko bizimodua islatzen saiatuko dira; Donostia irrifar batekin deskribatu nahi dute. Izan ere, duela 200 urte bertan egiten zen merkatua eta donostiarren topaleku izan ohi zen. Pianoa, gitarra eta bibolinaren laguntzaz Araoz Txiki, Easo Txiki eta Araoz Gaztetxo abesbatzetako zortzi eta 13 urte arteko neska-mutikoak arituko dira kantuan. Entzuteko eta batez ere ikusteko saioa izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

4.-SANTA MARIA ELIZA: 1814an eliza honetan eraiki zen katafalkoan idatzi zituzten testuak erabili dituzte abestien letrak idazteko. Latinez, euskaraz eta gazteleraz idatzitako testuak dira, eta hiriaren suntsiketan hildakoen omenezko saioa izango da. Santa Maria elizako organoaren doinuei jarraituz, Easo musika eskolako Araoz Gaztetxo, Araoz Gazte eta Easo Eskolaniako neska-mutilak arituko dira kantuan. Bi taldetan banatuko dira abesbatzak eta elkarren arteko elkarrizketa ikusgarria izango da.

5.-ZULOAGA PLAZA: Hiria erre eta egun gutxira Zubietan erabakitako berreraikuntza kontatuko dute. Horretarako, Jose Elizondoren Amaren obiyan bertsoak moldatu dituzte. Bertso hauek bigarren saria jaso zuten 1913an, mendeurrena zela eta egindako poesia lehiaketan. Etorkizunari itxaropenez eta ilusioz begiratzeko saioa izango da azkenekoa.

Naiara Sampedro, kultura zinegotziaren esanetan, kantata honek Bigarren Mendeurrena gorpuzten duten ardatzak balioetsiko ditu. “Donostian gertaturikoa ezagutaraztea, gogoratzea, eta hiria elkarrekin eraikitzen jarraitzea da helburua”. Ildo beretik, Santos Sarasolak igandeko ikuskizuna elkarlan moduan deskribatu du; “Gunean guneko gertaerak hausnartuz, denok elkarrekin bukatuko dugu Zuloaga plazan, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko”.

Deja un comentario