Eredu berrira egokitu behar dela diote. Baina zein da eredu hori?

ALFAYAPatrick Alfaya. Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendaria

Gaur hasiko da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 74. ekitaldia, Donostiaren suntsiketa oroituko duena. Hiriaren berreraiketa egungo gizartearentzat eta kulturarentzat eredugarri izan daitekeela uste du Alfayak.

Juan Luis Zabala Donostia ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Bosgarren ekitaldia du dagoeneko Patrick Alfayak (Madril, 1971) Donostiako Musika Hamabostaldia zuzentzen. Murrizketen ondorioz bere lana gero eta zailagoa dela aitortu arren, gustura eta ilusioz ari da, estimu handitan duen lantaldearekin batera. Donostiarrek beren hiriaren suntsiketari elkar hartuta hiria berreraikiz erantzun zioten bezala, egungo murrizketa ekonomikoei elkarlanaren bidez erantzun behar zaiola uste du.

Zer moduzkoak dira orain arteko sarrera salmenten datuak?

Asteartean [uztailaren 30ean] okupazioaren %80ra iritsita geunden gutxi gorabehera. Berez, oso datu ona da hori, egoera ekonomikoa kontuan hartuz gero, baina, dauzkagun murrizketen eta BEZaren igoeraren ondorioz, %90 edo %92ra iritsi beharra daukagu, eta hori oso zaila izango da. Egia da oraindik ere egun asko daudela aurretik sarrera gehiago saltzeko, baina kontuan hartu behar da benetako zalerik gehienek erosiak dituztela dagoeneko beren sarrerak, eta hemendik aurrera bakanago salduko direla, hirira etorritako turistek eta horrelakoek erosita.

Arlo artistikorako aurrekontua 1.410.000 euro izan zen iaz, aurten 1.160.000 euro. Eta iazkoa ere murritza zen aurreko urteetakoekin alderatuta. Zaila izango da, noski, jaialdia kudeatzeko lanetan arazo ekonomikoei aurre egitea.

Egin kontu ni jaialdi honetara iritsi nintzenean, 2009an, ia bi milioi euro zeudela arlo artistikorako. Beraz, erdira jaitsi da ia-ia aurrekontua. Askok esaten digute orkestren eta artisten cacheten jaitsierak lana erraztuko digula. Baina ordainsariak ez dira jaitsi, edo, hobeto esanda, lehendik ere handiak ez ziren cachetak baino ez dira jaitsi. Ordainsari txikienak dituztenak dira, zoritxarrez, ordainsariak are gehiago jaisteko presionatzeko errazenak, baina ezin duzu horretan ere muturrera jo, ezin duzu jendea amildegiaren ertzera eraman. Gainera, ez da ahaztu behar ordainsariez landa, gastu operatibo handiak ditugula, murrizteko oso zailak direnak: bidaiak eta hotelak. Guk ez ditugu artistak bakarka eta talde murritzetan mugitzen, talde handietan baizik. Kudeaketa lana gero eta konplikatuagoa da. Urte hau oso zaila izan da, ni hemen nagoenetik zailenetakoa, urtarrilean dena behera erortzen hasi zitzaigulako: batetik, murrizketa handiak izan genituen, eta, bestetik, gastu batzuek gora egin zuten. Horrek gauza asko aldatzera era man gaitu; aldatzera gehiago, kentzera baino.

Baina egitaraua prest dago, eta ez da nolanahikoa.

Egoera ekonomiko estu honetan, kontsolamendu bakarra da denok hasi garela jabetzen gure arteko elkarlana indartu behar dugula. Alemania, Frantzia, Austria eta Herbehereetan krisitik aparte samar bizi izan dira aurreko urteetan, baina horiek ere hasi dira, zoritxarrez, zailtasunak izaten. Eta horrek eraman ditu pentsatzera denon artean hitz egitea komeni dela, gastuak ahal den neurrian kontrolatu ahal izateko. Hori lagungarri gertatu zaigu. Elkarlana gero eta beharrezkoagoa da. Adibidez, aurten Donostian ezin izango genuke operarik izan horregatik ez balitz. El Escorialeko San Lorenzo Antzokiarekin batera batera ekoitzi dugu opera. Han eskaini dute, udako beren jaialdian, eta gero hona ekarriko dugu, hemengo orkestra batekin eta hemengo abesbatza batekin: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Easo abesbatzarekin.

Donostiako hiriaren suntsiketaren 200. urteurrena du aurten ardatz nagusi jaialdiak, eta hiri suntsitua berreraikitzeko egindako lana goraipatuko du. Kulturak ere har dezake duela bi mendeko donostiarren eredua, egun arlo askotan duen suntsipen egoera kontuan hartuta?

Dudarik gabe. Hiriaren suntsipenaren ondoren, gizarte zibilak erabaki zuen hiria berreraikitzea, Frantziako Iraultzaren ondorengo urteetan, gizarte zibila izatearen eta horren garrantziaz jabetuta. Egungoa baino askoz okerragoa zen egoera batetik irteteko indarra izan zuen orduan jendeak, eta hori itxaropenezko oihu bat izan daiteke hala gure gizarteari gertatzen ari zaionaren aurrean nola kulturaren munduan gertatzen ari denaren aurrean. Kulturaren mundua asko aldatzen ari da nire ustez. Eredu aldaketa bat dagoela esaten digute behin eta berriro eta egokitu egin behar dugula. Oso ondo. Baina zein da eredu berria? Espainiako Gobernuan agintean dagoen jendeari ere egin diot galdera hori, baina inork ez dit ezer zehatzik esan, eta kulturaren arloan gertatu den aldaketa nagusia izan da BEZaren igoera %8tik %21era. Espainiako Estatuan oso hizkuntza biolentoa dago kulturaren aurka. Kultura ezer ere ekoizten ez duen eta diru-laguntzetatik bizi den jende bitxiaren kontu bat balitz bezala. Jakin nahiko nukeen lehen gauza da ea nor ez den bizi, zeharka bada ere, diru-laguntzetatik? Ikuspegi ekonomiko batetik begiratuta ere, bankarien hizkuntzan mintzatuta, kultura funtsezko elementua da, sorkuntza sustatzen duelako eta sorkuntza aberastasun ekonomikoaren iturri delako. Enpresari askok ere salatu dute hezkuntzan eta kulturan murrizketak egitea oso kaltegarria izango dela ekonomiarako.

Erakundeak jabetzen dira horretaz?

Gure jaialdiari buruz hitz eginez gero, argi ikusten dut Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak oso zaila dutela guri laguntza handiagoak ematea, haientzat ere egoera oso zaila delako, baina estatu zentralaren jokabidea salagarria iruditzen zait: Madrilgo Teatro Real antzokiak jasotzen duen laguntza handiagoa da musikak, dantzak eta antzerkiak estatu osoaren gainerako lurraldeetan jasotzen duena baino, Katalunia alde batera utziz gero; eta Katalunia salbuetsi behar baldin bada, salbuetsi behar da Liceu antzokiak ere laguntza handia jasotzen duelako.

Publikoa da jaialdiaren oinarri nagusietako bat. Entzuleak. Baina, Donostiako eta Euskal Herriko hezkuntza musikalaren maila kontuan hartuta, uharte bat da jaialdia, ala benetan gizartean txertatuta dagoen zaletasun bati erantzuten dio?

Nik uste dut jaialdia ez dela inondik ere uharte bat. Laudatu, gurtu eta zaindu beharreko sare funtsezko bat dago hemen: mugimendu korala. Motor eraginkor bat da hori, eta hezkuntza musikalaren oso parte garrantzitsua. Horrez gainera, orkestra bikainak daude, jakina. Horrek guztiak batuta, haztegi handi bat sortzen du. Dena den, bada arazo handi bat: oso zaila da gazte jendea kontzertuetara erakartzea eskolan musika ezagutzeko aukera eskaintzen ez bazaio, oinarrizko kontzeptu batzuk gutxienez. Maila kultural ertaineko frantses batek ederki daki nor den Maurice Ravel, eta Alemanian, Italian, Herbehereetan, Austrian eta abarretan egoera ez da okerragoa. Maila kultural ertaineko espainiar batek, aldiz, ez du arrastorik ere nor izan zen Manuel de Falla. Euskal Herrian mugimendu koralak asko lagundu du, nire ustez, hezkuntzaren arloko gabezia horiei aurre egiten.

Aurtengo egitarauari erreparatuz, Dmitri Xostakovitxen Babi Yar, Carl August Nielsenen Agortezina eta Gustav Mahlerren Pizkundea hautatu dituzue Donostiaren suntsiketa eta berreraiketa oroitzeko. Zeintzuk dira obra horien balioak?

Xostakovitxen Babi Yar aurki entzungo da, igandean, Mariinski Antzokiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo abesbatzak emana. Naziek Kiev hiriaren kanpoaldean egindako sarraskia salatzeaz gain, obraren barruan badira egunerokotasunari atxikitako xenofobia salatzen duten poema batzuk, eta agerian geratzen dira Xostakovitxek estalinismoarekin izan zituen arazoak ere. Nielsenen Agortezina-k, Lehen Mundu Gerrak eragin zuen oinazean oinarrituta, gizakiak bizitzari atxiki eta zailtasunei eta ezbeharrei grinatsu aurre egiteko duen ahalmena goratuko du, Frankfurteko Irratiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, abuztuaren 24an. Mahlerren Pizkundea-k, berriz, biribildu egingo du suntsiketaren ondorengo giza erreakzioa ilustratzen duen ibilbide hori, Galiziako Orkestra Sinfonikoak, abuztuaren 31n, jaialdia ixteko egingo duen emanaldian.

Jaialdiko azken emanaldia izateaz gain, Victor Pablo Perez zuzendariak Galiziako Orkestra Sinfonikoa zuzentzen egindako azken emanaldia izango da.

Victor oso estu lotua egon da beti Donostiako jaialdiarekin, baita Donostiako Orfeoiarekin ere, bira asko egin baitute elkarrekin. 20 urtez izan da Galiziako Orkestra Sinfonikoaren zuzendari eta, kasualitatez, azken emanaldia Donostian egokituko zaio. Donostiako egitarauan parte hartzeko eskaintza egiteko deitu nionean nik ez nekien, baina haren kontratua justu abuztuaren 31ko gauerdira artekoa da.

Sinbolismo handiko elementu asko batuko dira, beraz, jaialdiaren amaierako kontzertu horretan.

Hala da, bai. Ni Galiziako Orkestra Sinfonikoaren gerentea izana naiz, eta garai hartan hiru aldiz etorri nintzen orkestra harekin Donostiara. Orkestra gutxi izango dira Donostiako Musika Hamabostaldian Galiziako Orkestra Sinfonikoa adina bider aritutakoak, batez ere azken 20 urteotan. Victorrekin lan egin duen jende asko izango da kontzertuan —Donostiako Orfeoikoak, Andra Mari abesbatzakoak, Ainhoa Arteta…—, eta uste dut sentiberatasun handiko uneak izango direla kontzertuan.

Opera emanaldia izaten da, publikoaren aldetik, emanaldirik arrakastatsuena, preziatuena. Zer eskainiko du aurten La Traviata-k Donostian?

Opera hautatzean, beti bilatzen ditugu publiko zabala erakartzen duten obrak. Urte osoan opera programaziorik ez duen hiri batean ez dago beste modu batean jokatzerik. Baina, hala ere, kalitate oneko emanaldi bat eskaintzeko nahitaezkoa zaigu beste antzoki batzuekin elkarlanerako akordioak egitea. La Traviata opera ezaguna da, eta operako zati batzuk mundu guztiak ditu entzunak, La Traviata-koak direla ez jakin arren. Edukiari dagokionez, gai tristea duen opera da. Emakumeak gizartean jasotzen duen tratamendua salatzen duen
kritika sozial zorrotza egiten du. Muntaketa nahiko modernoa eta ikusgarria da. Publikoaren gustukoa izango delakoan nago.

Deja un comentario