Bihar, Artikutza Eguna

artikutza_naizPilota txapelketak, herri kirolak, bertsolariak, taloegileak, erromeria, artisau erakusketak, meza, bazkaria… Urtero bezala, giro bikaina nagusituko da San Agustin egunean (abuztuak 28) Artikutzan. Izan ere, urteko egun bakarra da baimenik gabe naturgunean sar daitekeela eta horrexegatik ehunka lagun hurbiltzen da. Lehen, abuztuaren 28a errentak ordaintzeko eguna izaten zen inguruko bizilagunentzat, baina gaur egun festarako aitzakia izaten da.

Eguna mezarekin hasiko da beti bezala, goizeko 11etan eta ondoren pilota-partida jokatuko dituzte Oiartzun eta Goizuetako eskoletako pilotariek. Jaiak arratsaldean jarraituko du: arratsaldeko 16:00etan haurrentzako musika eta dantzaldia izango dira; 18:00etan, txingalariak, harri jasotzaileak eta aizkolariak. eta, azkenik, 20:00etatik aurrera dantzaldia.

Ohi denez, artisauen lanak eta Euskal Herriko hainbat produktu dastatzeko aukera ere izango dute bisitariek. Ez dira faltako, ez, gazta eta taloak. Bi taberna ere zabalduko dira propio egun horretarako, jan-edanak eskuratzeko.

Entzutez ezaguna da Artikutzako naturgunea. Donostiako Udalaren jabego pribatua izan arren, Goizuetako lurretan dago. Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta, Labaien eta Goizuetako mendiek inguratzen dute 3.700 hektareatako ingurua. Euskal Herriko eremurik euritsuena da, eta bertan dago Donostia urez hornitzen duen urtegia. Bizikletaz edo oinez iristeko oztoporik ez badago ere, Artikutzara autoz bertaratzeko urtean zehar baimen berezia behar izaten da.

Deja un comentario