Aieten 898 langabe daude, ekainean 28 pertsonek lana aurkitu eta gero

Aurelio-Arteta-El-ferrocarrilUda sasoiaren etorrerarekin, langabe kopuruak behera egin du Donostian. Hain zuzen ere, Lanbideren zerrendetan oinarritutako Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak emandako azken datuen arabera, hirian 11.689 lagun zeuden lanik gabe ekainaren 30ean, maiatzean baino 292 pertsona gutxiago.

Iaz ere hilabete ona izan zen ekaina; orduan, 355 donostiarrek aurkitu zuten lana. Egungo egoera, hala ere, gordinagoa da. 2012ko ekainaren 30ean, 10.625 langabe zeuden; aurten, garai berdinean, ia mila gehiago.

Urte hasierarekin alderatuta, lehenengo seihilekoa urtarrilaren 1ean baino 406 langabe gehiagorekin bukatu da. Udak arindu du kopurua, lehen hiruhilekoan 12.000 langabeen langa gainditu baitzuen hiriak; zehazki, 12.008. Horrenbestez, Aste Santuak eta uda sasoiak lagundu dute, are eta gehiago Donostia Zerbitzuak arloan oinarritutako hiria denean.

Langabe dauden herritarretatik 6.211 emakumeak dira eta 5.478, gizonezkoak. Zerbitzuak arloa dago langabeziaren zorigaiztoko zerrendaren lehen postuan, alde nabarmenarekin gainera; 8.695 donostiar daude lanik gabe bertan. Hori bai, ekainean lana eskuratu duten 292 donostiarretatik 260 arlo horretan lortu dute, uda etorri izanaren seinale.

Gainontzeko arloetan ia ez da aldaketarik egon. Arrantza eta nekazaritzan izan ezik, zertxobait jaitsi da langabe kopurua, baina oso gutxi. Industrian maiatzean baino 12 langabe gutxiago daude, 1.200; Eraikuntzan 4 gutxiago, 965; eta aktibitaterik gabeko sektorean 12 gutxiago, 716. Arrantzan eta nekazaritzan egoerak berdin jarraitzen du, gordin; 113 donostiar daude lanik gabe arlo horretan, maiatzean baino 3 gehiago.

Altza da txokorik kolpatuena, 1.849 langaberekin (urte hasieran, 1.798). Zerrendak horrela jarraitzen du: Amara Berri, 1.351 (1.327); Antigua-Ibaeta-Igeldo-Añorga, 1.339 (1.265); Intxaurrondo, 1.245 (1.227); Egia, 962 (941); Aiete-Miramon, 898 (870); Amara Osinaga-Loiola-Martutene, 900 (862); Gros, 807 (812); Erdialdea-Amara Zaharra, 764 (681); Bidebieta, 563 (543); Ulia-Ategorrieta, 563 (534); eta Parte Zaharra, 359 (354).

Langabeak eta euskara

Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte datorren ikasturtean. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro hauek antolatu ahal izateko diru laguntzak emango dizkie euskaltegiei.

Ekimen honek bi helburu uztartzen ditu: batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerren daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahalko dute izena.

Guztira hamar talde osatzea aurreikusi dute, euskara mailaren arabera. «Talde bakoitzean bederatzi eta hamabost ikasle artean egongo dira. Hortaz, guztira 100 eta 120 langabe artean eskolatzeko aukera egongo da. Ikastarook 120 ikastordu izango dituzte, eta egunero hiru ordu emango dituzte; astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:45era», jakinarazi du udaleko Euskara arloko arduradun Nerea Txapartegik.

Ikastaroak urriaren 9an hasi eta abenduaren 5ean bukatu dituzte, eta presentzia derrigorrezkoa izango da. Donostiako edozein euskaltegi homologatuan eman ahalko dute izena, irailaren 2tik 20ra bitartean

Aritz Sorzabal on 2013/07/19 in

Deja un comentario