Sinadurak 10.413 izan dira

bellas-artes-k_c_1531_11Arte Ederretako eraikinaren defentsan hamar mila sinaduratik gora aurkeztu dituzte udaletxean. Eraisteko arriskuan dagoen eraikina babestea Donostiako Ondarearen Denfentsarako Elkartearen ekimena izan da, eta elkartasun handia jaso du, hainbat norbanakok eta eragilek hartu baitute eraikina babesteko hautua.

Sinadurak 10.413 izan dira eta internet bidez jaso dituzte hilabete baino pixka bat gehiagoan. Horiek guztiak aurkezteko, asteartean udaletxe aurrean agerraldia egin zuten Arte Ederren egoitzaren hainbat babeslek.

Hasieran, Juan Karlos Izagirre alkatearekin biltzea zuten helburu, baina, jakinarazi zutenez, hurrengo egunerako aurreikusita zegoen udalbatzarra zela eta, ezin izan zituen sinadurak hartu. Hala, udaleko erregistroan aurkeztu zituzten.

Eraikin honen kontua ez da berria; azken asmoak, ordea, eraikina bota eta hotel bat eraikitzekoak dira, eta hainbat herritarrek hiriaren historiaren parte den eraikina zutik mantentzea eskatzen dute.

Gainera, ez da erraza, izan ere, talde politiko guztien babesa du proiektuak.

Hotel baten proiektua

Eraikina eraistea ez da hutsean doan proiektua. Izan ere, horren ordez hotel bat eraikitzeko aukera dute.

Eraikina defendatzen dutenek azaldu zuten ez daudela hirian hotelak eraikitzearen aurka, baina onartzen ez dutena horretarako halako eraikina bota behar izatea da. «Ezin da ulertu, bere arkitekturagatik ezaguna den Donostia batean, halako eraikin bat botatzeko luxua hartzea. Hau ulerkaitza izango litzateke beste edozein hiritan», esan zuen sinatzaileen ordezkari Montse Fornellsek.

Bertan zegoen Marga Otaegi hiritarra ere; berak eskaria sinatu du eta babesean azaldu zen; «ezin ulertu daitekeena da, hotel bat egiteagatik, edo beste edozer gauza egiteagatik, donostiarrak haien ondarearen parte den elementu garrantzitsu bat gabe uztea», esan zuen.

Gaineratu zuen krisia eta ekonomia ezin zirela aitzakia izan; «egia da une honetan krisi egoera batean gaudela, baina edozein gauza ezin dugu egin. Hau ezin dugu utzi horrela baztertuta», esan zuen.

Bestalde, hotelaren proiektuak eraikina bota eta hutsetik «antzekoa» izango litzatekeen bat eraikitzea hartzen du baitan. Fornellsek esan zuen hori «faltsifikazio» bat egitea besterik ez zela izango.

2000. urtean ere antzeko proiektu bat aurkeztu zuten, baina, duela 13 urteko kasu hartan, hura geratzea lortu zuten; besteak beste, orain ere, ekimenari babesa eman dion Ancora elkarteak aurrera emandako ekimenari esker.

Ondare babes nahikorik ez

Arazoa, hareago doa, izan ere, duela 13 urte eraikina ondareari dagokionez babestea lortu zuten. Orain, ordea, besteak beste, jabea den Sade taldearen utzikeriaren ondorioz, ondare horren maila jaitsi diote, egoera «tamalgarrian» dagoela eta. Horrek behera botatzeko aukera zabalduko luke. Duen ondare kategoria mantendu eta hori bera ekidin nahi dute. Hori, besteak beste, udalaren esku dagoela diote.

Mende hasieran Ramon Kortazan arkitektoak diseinatu zuen eraikuntza. Fornellsek azaldu zuenez, «Kortazar zabalguneko ardatzetako bat da, ordezkaezina». Euskal Herrian horretarako eraikitako zinematografo zaharrena da.

Donostiarentzat ez ezik, harago ere garrantzia handia du eraikinak; Europan Lehen Mundu Gerra aurretik zutik dirauen halako eraikin gutxienetakoa da.

Asteartean, eskaera sinatu duten hainbat lagun azaldu ziren, horien artean, eraikina diseinatu zuen arkitekto Ramon Cortazarren biloba ere bertan izan zen. Hain zuzen ere, Juan Manuel Encio Cortazar da biloba, arkitektoa bera ere. Bestalde, «hiritar mugimendu handi bat dago honen atzean, hemen ikusten dituzuen sinadurez gain», esan zuen Fornellsek.

Azpimarratu zuten beste hainbat erakunde garrantzitsuren babesa ere badutela, hala nola, Historia eta Artearen EHUko saila, Hispania Nostra edo Eusko Ikaskuntzarena.

Azkenik, esan zuten eraikinaren defentsan borrokan jarraituko dutela; «borrokan jarraituko dugu, udalak ulertzea nahi dugulako, bere esku dagoela eraikina mantendu edo txikitzea», amaitu zuten.

Deja un comentario