Akabera

olariaga

Anjel Lertxundi Esnal

Garai bateko gizarteak orainaren nekea zuen kezka, ez etorkizunarena. Hilko ziren berak eta beren ondorengoak, baina munduak aurrera egingo zuen. Katedral bat egiten hasten zirenek bazekiten ez zutela berek bukatuko. Ezta hurrengo belaunaldikoek ere. Berdin zion: katedralak utzi zizkioten geroari. Lehen milurtekoaren aurrean sentitu zuten panikoa bezalako anekdotak kenduta, ez ziren etorkizunaren beldur. Egunen batean mundua bukatu egingo zela, bai, baina urruti jarria zeukaten akaberaren perspektiba, oso urruti. Eta, gainera, katastrofe naturalen batek akabatuko zuen mundua, ez guk.

Globalizazioaren ezaugarrietako bat, etorkizunaren kezka; eta gure garaiotako konbentzimendu bat, mundua ez duela katastroferen batek hondatuko, guk baizik. “Ezinezkoa da poesia egitea Auschwitz-en ondoren”, esan zuen Adornok, eta nago filosofoak ez ote zuen arrazoi: idazten ari garena ez da, beharbada, poesia, epitafio bat baizik.

Deja un comentario