Muntoren azken nahia bete dute

Muntoren fatxada nagusiaren zati bat utzi dute eraitsi gabe. (Argazkia: Nagore Koch)

Muntoren fatxada nagusiaren zati bat utzi dute eraitsi gabe. (Argazkia: Nagore Koch)

2013ko otsailaren 12ak Aieteren historian izango du tartea; XVI. mendeko baserria eraitsi zuten asteartean, fatxada nagusia izan ezik. Pareta hori utzita, auzotarrek eskatutakoa bete du udalak; aztarna bat uztea oroigarri gisa.

Heriotzaren atarian, azken nahia eskatzeko aukera eman ohi zaie gizakiei. Muntoren paretek hitz egiterik ez zutenez, aietearrek eskatu zuten azken desira bere ordez, baserria bera bota aurretik: Muntoren aztarnaren bat uztea, leku horretan baserri historikoa zegoela gogoan izateko.

Auzotarrekin duela pare bat aste izandako bileran, udalak nahi hori errespetatuko zuela ziurtatu zuen. «Bileran oso garbi geratu zen hori, eta plaka bat ez da nahikoa. Baserriaren mahaiak, granitozko harriak, eskailerak… halako elementuak mantendu behar direla eskatzea besterik ez zaigu geratzen, baserria bertan egon dela identifikatzeko», esan zuen Lantxabe Aieteko Bizilagunen Elkarteko kide Felix Perezek, astelehenean, baserria botako zutela jakin bezain pronto. Biharamunerako zegoen iragarrita eraistea.

Hain zuzen ere, Felix Perez etsituta zegoen Irutxuloko Hitzak albistearen berri eman zionean, espero zuen berria izan arren; baimena emana zuen udalak, eta jada ez zegoen atzera bueltarik.«Baserria eraisteko beste erremediorik ez dago, baina udal desberdinen errua izan da, Odon Elorzaren legegintzaldikoarena batez ere», nabarmendu zuen.

Kritika gehiago

Udalak iragarri bezala, asteartean bota zuten Munto. Hori bai, aietearren azken nahia bete du udal gobernuak: Muntoren iparraldeko fatxada utzi dute eraitsi gabe, oroigarri gisa, «bizilagunen aurrean lur hauetan baserriaren oroitzapen bat kontserbatzeko konpromisoa hartu ondoren».

Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranen arabera, «hau guztia aurreko gobernuaren utzikeriaren ondorio da, Munto egungo egoeran izatea ahalbidetu zuelako, baita oposizioaren jarreraren ondorio ere, eraikina biziberritzeko pausorik eman nahi izan ez duelako».

Kritikak kritika, goizeko 9:30ak aldera iritsi zen kamioia Muntora, eraistea egiteko beharrezkoa zen garabiarekin. Errepide ondoan zegoen aldea eraisten hasi ziren lehenik eta, geroago, beste aldearekin hasi baino lehen, inguruko sasiak eta zuhaitzak moztu zituzten lana errazteko.

Hori eginda, lorategiaren aldeari ekin zioten eta, amaitu ondoren, barrualdean sartu ziren, teilatua eta gainontzekoa botatzeko. Eraistea amaitu zen horrela; ez, ordea, lanak. Pilatutako obra-hondakinak jasotzen ibili dira egunotan.

Ikusmin handia

Etsipena ez ezik, Aieten ere ikusmin handia sortu du Munto eraitsi izanak. Hain justu, argazki kamera eskuan, herritar ugari hurbildu ziren lanak bertatik bertara ikusteko. Ez zen gutxiagorako, XVI. mendeko baserriak urteetako historia gordetzen baitzuen bere pareten artean. Pentsa, makina bat funtzio izan zituen eraikinak. Komentua izan omen zen; eta geroago, ospitalea; ondoren, sagardotegia; baita sagardotegia eta taberna batera ere. Gainera, ospe handia omen zuen Muntoko sagardoak.

Horretaz gain, hainbat bizipenen lekuko izan zen eraikina; Karlistadetan barrualdea erre zuten, esaterako.

Aiete pasealekuan, Gurutzeaga elizaren ondoan, Aieteko jauregitik gertu, zutik iraun du Muntok, 2013ko otsailaren 12a arte. Inguru horretan zeuden 30 bat baserrietatik geratzen zen bakarra zen, . Etxe handi eta zabala zen, antzinakoa, garai batean sendoa izandakoa, baina egun egoera tamalgarrian eta erortzeko zorian zegoen.

Harri erorketak gertatu ziren behin baino gehiagotan. Aurten, urtarrilaren 25ean, azken erorketa gertatu zen, eta baserriaren aurreko espaloia itxi zuten ondorioz, hesiekin, oinezkoak bertatik ez igarotzeko.

Hain justu, mantentze gastu handiengatik saldu behar izan zuen Urrestarazu sendiak baserria duela urte batzuk.

Katxola, Munto baserriko dolare preziatuaren gordeleku

Hondeamakinek errauts bihurtu dute Munto, fatxada nagusia izan ezik, baina oraindik badaude bizirik jarraitzen duten beste elementu batzuk ere. Hain zuzen ere, Muntoko dolarea eta baserrian zeuden hainbat tresna Katxola baserrian daude. Hara 2007an lekuz aldatu zituzten, Josu Tellabide etnologoak eta Asier Agirresarobe ingeniariak egindako proiektuari esker, Lantxaberen enkarguz. Hiru urte geroago, Katxolan sagardoa egiten hasi ziren, Muntoko dolareari esker.

Aritz Sorzabal 2013/02/15

 

 

1 comentario en “Muntoren azken nahia bete dute

  1. MUNTO baserria Donostian Aiete baillaran kamio ertzean dago

    MUNTO baserria Donostian Aiete baillaran kamio ertzean dago, eguzkiak eta aize osasungarriak gogoz maitatzen dutela. Etxe aundi zabal bat da bera, antziñakoa, zaarra edo urtetsua. Bertako bizilagunak ziotenez, bosteun urtetik gora ditu etxe onek, eta oraindik ere zutik eta modu onean dago.

    Bere inguruan ziran baserri asko bota dituzte, kale-etxe berriak egiteko. Baiña Munto ez dute botatzen; eta, diotenez, ez dute botako. Monumento histórico bezela utziko dute.

    Munto lendabizi komentua omen zan. Geroago, ospitala. Ondoren, orain urte asko, sagardotegia; eta geroago sagardotegia eta taberna. Gaur ez dute sagardorik egiten baserri ortan, eta taberna ere ez dago.

    Baiña sona aundiko sagardoak egin izan dira geienetan etxe ortan. Neronek ere gazterik ikasi nuan sagardotegi ortara bidea, nere bizitzan beti sagardozalea izan naizenez. Amalau edo amabost bat urte nituala, joaten nintzan jaietan nere lagunekin Munto baserrira.

    Aietearrak ziran orduko nere lagun geienak: Erreka baserriko Ximon, Etxetxiki baserriko Joxe, Gure Pakea baserriko Rafael, Ugalde baserriko Pedro eta Donostian Anoetako Uralde baserriko Xanti.

    Nere lagunak ziran aiek geienak illak dira. Jaunak berekin ditzala zeruan.

    Xanti zanak, Anoetan Uralde baserrian bizi zirala, ostatua jarri zuan bertan, eta andik urte batzuetara bota bearra izan zan jatetxe ori, kirol jolasetarako obrak egin bear zirala eta.

    Baiña beste jatetxe eder bat egin zuten Anoetan bertan, Hotel Anoeta izena duana. Eta Uralde jatetxean jende asko ibiltzen bazan ere, gaur ez dago gutxiago Hotel berri ortan.

    Xanti zanaren seme Joxek eta bere familiak lagun eta ezagun askorekin dituzte artu-emanak, eta danok ondo artzen gaituzte, bertara joaten geranean; eta ez ondo artu bakarrik, borondaterik onenez ondo serbitu gaiñera.

    Ain sukaldari apartak diranez, bein jatetxe ortara joaten dana, berriro ere bertara joateko gogoarekin irteten da, eta orrek poza ematen du.

    Munto sagardotegiko gertakizunekin ari naizenez, badet zerbait geiago ere esan bearra. Munton bertakoak ziranak, lengo zaarretakoak alegia, iru bat gizonezko ezagutu nituan: Agustin, Xanti eta Pedro Illarreta. Gizon langilleak eta zintzoak ziran baserri-lanetan, eta sagardoa egiten ondo ikasiak arreta aundiz.

    Gizon auetako baten alaba Manuela Illarretarekin Fernando Urrestarazu ezkondu zan. Lau seme-alaba izan zituzten, eta, gurasoak il ziranean, seme Isidrok eraman izan ditu baserriko gorabeerak.

    Garai batean, orain urte asko, Aieteko kamioa erregebidea omen zan. Madritik Donostiara edo Donostiatik Madridera joan-etorria egin bear zutenean, Aieteko kamio ortatik ibiltzen omen ziran. Erderaz camino real deitzen zioten.

    Goi-maillako jaun agurgarri asko etorri izan omen da Munto baserrira. Beste askoren artean, Frantziatik Napoleon ere Españira zetorrenean, Donostian Munto izaten omen zuan ostatu bezela, eta bertan pasatzen omen zituan bere atseden-egunak.

    Gaur Españian daukagun errege Juan Karlos ere, gaztea zala, Donostian egin omen zituan bere ikasketak; eta, bere lagunekin ibillalditxo bat egiñez, Muntora etortzen omen zan sagardoa edatera. Ixidro Urrestarazuk serbitzen omen zioten ain gogozkoa zuten sagardo txinpartatsua; eta, bertan egonaldi luze bat egin ondoren, “Beste bat arte” esanez alkar agurtzen omen zuten ikasle gazteak.

    Errege Juan Karlos Donostian bizi zanez, Muntoko Ixidrok bazuan osaba bat, Ixidro bera ere, aitaren anaia, illea eta bizar-moztaillea. San Bartolome kalean zeukan bere lantokia, eta errege Juan Karlos Ixidrorengana joaten omen zan burua apaintzera.

    Ikusten danez, goi-maillako jaun agurgarri asko iritxi da Munto baserri sonatuan. Juan Karlos errege onen aitona zanak ere badu bere istoria, Alfonso amairugarrena, Españiako erregea zanez udara partean bere atsedenaldia pasatzera Madritik Donostiara etortzen zanean, jakiña, Antigua baillaran dagoan Palazio Real izeneko jauregi etxe ortara.

    Bere ibilalditxoa egitera edo paseatzera norabait joan bear zuanean, Aiete alde ori omen zuan bere gogozkoa, eta ortxe egoten omen zan, baserritarrak baratzan lanean nola ari ziran begira. Alako batean baratzan lanean ari ziran tokira bertara joaten omen zan, eta zillarrezko duro bana ematen omen zien, esanez:

    Tengan para tomar un poco de vino.

    Arrazoi txar bat aiñakoa izango zan eskupeko ori, ardo pixka bat edateko irrikitzen zeuden aitona gizarajo aientzat. Galdu etzedin, azkar asko gordetzen omen zuten, paiñueloaren puntan bost edo sei korapillo eginda. Ez baizuten egunero izango olako opari dizdiratsua. Gauean, lotara joan da ere, duro zillar orrekin ibiliko ziran noski ametsetan.

    Nik neronek ezagutu nituan, len esan bezela, garai artan emen gure artean ibiltzen ziran diruak. Bazebiltzan kobrezko txanponak, baiña baita ere zillarra eta ontzako urre dizdiratsuak ere. Gaur emen esku artean darabilkigun au baiño aberatsagoa zan garai artako dirua. Garaian garaiko kontuak.

    Munto sagardotegiarekin ari naizenez, amaika umore paseak gera, bertan biltzen giñan lagunarte paketsuan. Garai artan etzan gaur daukagun alkar ikusi eziñik edo gorrotorik. Danok famili batekoak bagiña bezelatsu giñan; eta, zerbait eztabaida edo aserrerik sortzen bazan, sagardoak egiten zuan geienetan pakea. Umore txar guztiak azturik, jendea bertsotan edo kantuan asiko zan, eta geienetan alaitasuna nagusi.

    Bertsolariak ere ezagutu ditugu Aieten. Beste batzuen artean, Berabera baserriko Joxe Sorozabal eta bere seme Nikolas. Iñoiz saioak egin izan dituzte alkarrekin batean eta bestean, eta ale ederrik eskeiñi ere bai jendearen gozamenerako, Munton sagardo ederra edanez. Orain irurogei ta bost bat urteko kontuak dira auek.

    Neri ere esaten zidaten iñoiz:

    I, Sebastian: ik ere badakizkik, ba, bertso zaar eder askoak, Txirritarenak, Pello Errotarenak, Udarregi edo Pello Mari Otañorenak. Kanta itzik, ik ederki kantatzen dituk eta.

    Ni gaztea nintzan garai artan: amalau edo amabost urte. Baiña nere gogozkoa zan bertso zaarrak memoriz ikasi ta lagunartean kantatzea, eta ikusten nuan jendeak gogoz entzuten zituala, eta danok alaitasun ederrean, sagardo txinpartatsua edanez.

    Munton ere une guztiak etziran arrosa kolorekoak izaten. Gau batez izan zuten atsekabe galanta. Maliziz ondo orniturik zeuden gaizkille batzuek asmo txarreko azioa egin zieten.

    Baserri ortan, beste baserrietan bezelaxe, edukitzen zituzten ganaduak: beiak, zekorrak, zaldia, eta egazti-talde aundi bat ere bai. Eta lapurrak, nunbaitik zerbait ostu nai duanean, geienetan burutazio gaiztoak erabiltzen ditu.

    Munton ogei ta amabost edo berrogei bat oillo edukitzen zituzten, eta nolako oilloak gaiñera! Oillo gorri eder oietakoak. Egunez kanpoan belazean ibiltzen ziran, baiña gauerako beti etxera biltzen zituzten, eta zakur ar aundi bat ere antxe egoten zan, oillo aien inguruan lotuta, etxea eta bertako gauzak zaitzeko, etxekoak bakarrik ezagutzen zituan oietakoa.

    Kanpoko jendeari zaunka beldurgarriak egingo zizkion bere ortza zuriak erakutsiz; baiña gau artan eme bat eraman omen zuten. Sarrerako atea alde batetik puskatu omen zuten, eta zakur emea bialdu arrarengana; eta, biak jostatzen zebiltzan bitarte, lapurrak oillo guztiak, eta oillar bikain askoa ere bai, danak ostu, etxekoak batere konturatu gabe. Zakur oillozaiak ez baizien zaunkarik egin.

    Ederki utzi zuten Manuela etxekoandre gajoa. Oilloak arrautza gorri ederrak jartzen zizkioten, sagardotegira zetorren jendea serbitzeko, eta gero dendara joan bear erostera. Ara zer mesedeak egiten dituzten lapurrak baserrietan eta nun-nai ere.

    Garai bateko ijitoen antzekoak izango ziran lapur aiek ere. Len garai batean, orain urte asko, ijitoak ere joaten omen ziran elizara aitortzera edo konfesatzera; eta apaizaren galdera:

    Ezer ostu al dezu? .

    Eta ijitoak:

    Bai, jauna. Oillo bat badet ostua, baiña jarri bitza kontuan bi, gaur gauean beste bat ostu bear det eta.

    Damutasun ederra zeukan arek ere. Oillo kontuan ari geranez, Txirritak ere bertso baten bidez aitortu omen zion Atxukarro apaiz jaunari, Ernanin bere kuadrillarekin etxez etxe San Juan eskean zebiltzala, nola oilloak ostu izan zituzten. Onelatsu kantatu omen zuan:
    Gero penetan egon ez dedin
    esango diot bertatik
    nola bi oillo ostu genitun
    Astigarrako bentatik.

    Responder

Responder a MUNTO baserria Donostian Aiete baillaran kamio ertzean dago Cancelar respuesta