Munto, desagertzeko zorian


Munto, desagertzeko zorian

Urrestarazu familiak saldu egin behar izan zuen Aieteko baserria duela urte batzuk, mantentze gastu handiengatik; orduz geroztik, zutik mantentzearen ala botatzearen inguruko eztabaida kalean izan da.
Aieteko Munto baserri historikoa botatzeko arriskuan dago. Hala jakinarazi zien udalak auzoko bizilagunei aurreko astean egindako bilera batean. Bilera hartan Ricardo Burutaran eta Axier Jaka Hirigintza eta Partaidetza zinegotziek azaldu zutenez, eraikina eraistea beste aukerarik ez dute; «pena da, baina Munto baserria bota beharrean gaude», adierazi zuten zinegotziek. Auzotarren aspaldiko eskaera izan da Munto berreskuratu eta babestea, baina arriskutsua da egun eraikina dagoen egoeran mantentzea. Gaia gertutik jarraitzen dute Aieteko bizilagunek, eta euren iritziak jaso ditu IRUTXULOKO HITZAk.
Felix Perez Lantxabe Auzo Elkarteko kidea da, eta minduta dago aurreko udal gobernuak eta oraingoak baserriarekin izan duten jarrerarekin. «Muntoko informazioa jarraitzeaz gain, bertako protagonista izan da Lantxabe elkartea. Baserriaren babesa gure oinarrizko borroketako bat izan da. Urreztarazu familiak Munto saldu behar izan zuenean, gurekin harremanetan jarri zen, gutxienez dolarea salbatzeko. Orduan, Eusko Jaurlaritzaren, aldundiaren eta udalaren laguntzarekin, Muntoko dolarea Katxola baserrira eraman genuen 2007an, eta sagardoa egiten dugu urtero», azaldu du harro Perezek. Edonola, Muntoren egoerarekin beti «kezkatuak» egon direla onartu du; «Aieteri izaera ematen dioten elementu horietako bat da».
Perezek dioenez, urrestarazutarrek bertan bizitzen jarraitu nahi zuen, obrak egin eta barrualdea berrituz. «Udalak, ordea, behin eta berriz baimen horiek ukatu zizkion. Beraz, baserriaren mantetzeak sekulako gastua zekarrenez, saldu egin behar izan zuten». Perezen hitzetan, ez aurreko udalak eta oraingoak ere ez die sekula Muntoren etorkizunaren berri eman. «Guk sekula ez dugu jakin nork erosi zuen baserria, ez baitigu ez Urrestarazu familiak ez udalak esan. Lehengo astean udalarekin izandako bileran jakin genuen eraikuntza enpresa donostiar baten eskuetan dagoela Munto; Munto Berri urbanizatu duen enpresa bera, hain zuzen ere. Burutaranek ziurtatu zigun udala eta eraikuntza enpresa horren artean akordio bat dagoela. Udalak lurra emango dio etxeak eraikitzeko, eta trukean, enpresa hori Muntoren eraisteaz arduratuko da, eta plaza bat eraiki beharko du».
Perezen hitzetan, Muntoren egoera «tamalgarria» da; «Ia mirari bat da baserria guztiz ez erortzea». Hori kontuan izanda, baserria botatzen badute ere, bere oroimena bizirik mantentzeko zerbait egin behar dela uste du Lantxabek. «Harri oroigarri bat jartzeaz gain, arkitekto eta adituen bidez ahalik eta elementu gehien salbatu behar ditu baserria bota behar duen enpresak. Eskailera edo hormaren bat, esaterako, ondoren sortzen duten plazan argi gera dadin Munto bertan egon zela. Hori errespetatuko zutela esan zuten, baina zalantzak ditut, botatzea eta dena zementuz betetzea baita ekonomikoena. Eraikuntza enpresek ez dute ondarearen errespetua bilatzen, negozioa baizik. Azken batean, etxebizitza berriz inguratzea nahikoa da baserria suntsitzeko. Aieten 80 edo 90 baserri desagertu dira dagoeneko; kaleen izenetan baino ez dira geratzen».
Baserriaren balioa zein den argi ikusten dela dio Perezek. «Baserri baliotsua da, askaltzeko tokia du platanondo bikainekin, behekaldea guztiz atondua upelak zeuden tokian… hori guztia mantendu zitekeen, baina orain beranduegi da». Hurrengo pausoen zain daude bizilagunak. «Burutaranek esan zuen agian aldundiak edo Jaurlaritzak baserria ez erortzeko beharrezko milioi bat euro emango ziela. Nik, ordea, ez dut horretan sinesten».
Gazteek ere zutik nahi dute
Naike Diez Aieteko gazteak biltzen dituen taldeko kidea da, eta bera ere Muntoren eraistearen aurka dago. «Jabetza pribatua izanik beraiek dute botatzeko edo ez botatzeko erabakia. Odonek bere azken agintaldian utzitako opari bat izan zen botatzeko eskubide hori, baina auzoak Munto mantentzeko gogoa du», dio sendo gazteak.
Diezen ustez, «ikur sinbolikoa» da auzotarrentzat; «aietearrentzat topaleku bat zen». Euren helburua betetzeko lanean ari direla esan du. «Ondaregintza taldekoak leku historikoak mantentzeko lanean ari dira, momentuz, nahiko isilean, eta Aieteko gazteak laguntzen gabiltza ahal dugun guztian».
Baserria botatzea pena litzatekeela dio. «Berritzea eta auzoarentzat uztea ondo legoke, baina udalak ezin du eskua sartu. Bota bitartean pixka bat borrokan jarraituko dugu, agian elkarteren batek diru laguntzaren bat emanda jabeek iritzia alda dezakete… zaila dago».
Baserriaren tokian jarri dezaketenarekin ere ez dago ados. «Berez plaza bat egiteko asmoa dute, eta nire ustez, Aieten plazak soberan ditugu, eta hobe litzateke beste erabilpen bat ematea», adierazi du Diezek.

Komentua, ospitalea, sagardotegia…

Urteetan, bizitokia izateaz gain, beste hainbat funtzio izan ditu Munto baserriak, eta Aieteko bizilagunen bilgune izan da; urteen poderioz, ordea, bere egoerak txarrera egin du, eta azkenaldian harri erorketa bat baino gehiago izan ditu.
Aiete pasealekuan, Gurutzeaga elizaren ondoan, Aieteko jauregitik gertu, Munto baserria dago, XVIII. mendeko baserria. Urteetako historia gordetzen du bere pareten artean, eta inguru horretan zeuden 30 bat baserrietatik zutik mantentzen den bakarra da. Etxe handi eta zabala da, antzinakoa, garai batean sendoa izandakoa, baina egun, egoera tamalgarrian eta erortzeko zorian dagoena. Garai batean inguruan zituen baserrien tokian, etxe berriak daude.
Aieteko baserri ezaguna da, Urrestarazu familia jaso zuena, baina makina bat funtzio izan ditu eraikin horrek berak. Komentua izan omen zen; eta geroago, ospitalea; ondoren, sagardotegia; baita sagardotegia eta taberna batera ere. Gainera, ospe handia omen zuen Muntoko sagardoak.
Barrualdea erre zuten Karlistadetan barrualdea erre zuten, hiriko baserri gehienen moduan, baina zutik iraun zuen. Urteen joan etorrien ondorioz, ordea, Urrestarazu familiak baserria utzi zuen, eta bertan eurentzako etxebizitzak osatzen saiatu ziren arren, Donostiako Udalak baimena ukatu zion. Hala ere, mantentze gastuak ordaindu behar zituen familiak. Azkenean, gastu horiei aurre egin ezinik, arkitekto talde bati saltzea erabaki zuten. Jabetza saldu aurretik, ordea, dolarea eta sagardoa ekoizteko erraminta eta pieza etnografiko guztiak Aieteko bizilagunen Lantxabe elkarteari ematea erabaki zuten. Elkarteak Katxola baserrira eraman zuen dolarea 2007an, eta hantxe dago, goiko solairuan. Hala, urte batzuen ostean, sagardoa ekoizten hasi ziren Katxolan, Muntoko dolarea zenarekin. Muntok herri mailako babesa izan du, hau da, paretak babestuak izan ditu, ondare gisa. Aurreko udal gobernuak, ordea, 2011ko martxoan, eraisteko baimena eman zuen. Eta orain, enpresa jabeak baserria bota egin nahi du; eroriko balitz ardura zibila beregain hartu beharko lukeelako. Egungo udal gobernuak eraikin historikoaren eraistea ekiditen saiatu dela dio. Horretarako, 2012ko aurrekontuetan eta inbertsio planean aurrekontu-sail bat ezarri ziotela diote arduradunek, baina oposizioko taldeekin izandako negoziazioek ez zutela arrakastarik izan. Hala ere, eraistea ekiditeko azken saiakerak egiteko konpromisoa hartu zuten aurreko hilean bizilagunekin izandako bileran. Edonola, zerbait egin beharra dago, eraikina egun dagoen moduan mantentzea arriskutsua dela argi baitago.
2011ko irailean izandako harri erorketaren ondoren, udalak azterketa tekniko bat eskatu zuen eraikinaren egoera zein zen jakiteko, baita iaz ere. Aurten, urtarrilaren 25ean, beste erorketa bat egon da, eta baserriaren aurreko espaloia itxia dago, hesiekin, oinezkoak bertatik ez igarotzeko. Baserriaren enpresa jabea da obrak egin behar dituena. Hala ere, eraikina bota ezkero, bere tokian baserriaren oroigarriren bat uzteko negozituko duela esan du udalak.

Ricardo Burutaran: Hirigintza zinegotzia : “Guretzako albiste txarra da”

Ricardo Burutaran hirigintza zinegotziaren hitzetan, udal gobernua azken saiakera egiten ari da Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Munto zutik mantentzeko.

Udal gobernuan sartu zinetenean zein zen Muntoren egoera?
Sartu bezain laster ikusi genuen aurreko gobernuak Munto botatzeko lizentzia emana zuela, eta indarrean jarraitzen du. Beraz, jabeek edozein momentutan botatzeko aukera dute.

Zer egin duzue orain arte?
Jabeekin hitz egin genuen, eta eskatu genien, baimena izan arren, momentuz ez botatzeko. Azaldu genien gure nahia eraikina mantentzea zela, eta alde horretatik bi kontu abiatu genituen. Batetik, udal teknikariek baserriaren egoera baloratu ostean, aurrekontuen zirriborroan milioi bat euro gorde genituen Munto kanpotik konpontzeko. Gainontzeko alderdiekin hitz egin genuen, baina sekulako egurra eman ziguten, bereziki, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak. Beraz, ezin izan genituen aurrekontuak aurrera atera eta atzeratu egin ziren. Bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldudiarekin harremanetan jarri ginen, aurrekontu hori euren gain har zezaketen galdetzeko. Aste honetan, berriro harreman horiekin gabiltza, Erakundeetako bat laguntzeko prest badago, jabeekin hitz egingo genuke guztia bideratzeko. Jabeek eraikina bota nahi dutela esan digute behin baino gehiagotan, izan ere, zerbait gertatuko balitz, ardura eurena izango litzateke.
Erakunderen batek beharrezko dirua jartzea posible ikusten duzu?
Nik nahiko zaila ikusten dut. Gordina da hala esatea, baina horrela esan genien bizilagunei. Azken saiakera da, eta inork asmoa badu horren alde egiteko, gu prest gaude.
Bizilagunek beranduegi dela diote…
Bai, beraiek bereziki haserre daude bere garaian babestua egon den eraikin bat zahartzen utzi delako. Arrazoi osoa dute. Arduragabekeria egon da, prozesu hori ekiditeko aukera egon baitzen. Guretzako albiste txarra da, baina egia da orain arte jabeek eraikina mantendu dutela, botatzeko aukera zuten arren. Behin baino gehiagotan harriak erori dira, eguraldiak ere ez du laguntzen, eta kanpotik zutik dagoen arren, barrutik oso gaizki dago.
Eta jabeek azkenean botatzen badute, zer geratuko da baserriaren tokian?
Gune publiko bat izango da, ez dira etxebizitza pribatuak izango. Bizilagunek eskatu ziguten, zoritxarrez botatzen badute, plaka bat uzteaz gain, beste oroigarriren bat uzteko. Badaezpada hori ere aztertzeko eskatu diet teknikariei. Guztia bota beharrean, zutik mantentzea nahi duguna salbatuko genuke. Ez dakigu asfaltozko gune bat edo lorategi bat izango den. Edonola, Munto zutik mantentzeko azken saiakera egiten ari gara.
Estitxu Zabala 2013/02/08
Munto baserria, zuhaitzez inguratuta. (Argazkia: Nagore Koch eta Lantxabe)

Deja un comentario