Baserri historikoaren fatxada geratu da zutik, oroigarri gisa


Munto baserriaren eraiste lanak amaitu dira ia bere osotasunean. Datozen egunetan lanen ondorioz pilatutako obra-hondakinak jasoko dituzte, baina lan handiena egina dagoela esan daiteke.

Goizeko 9:30ak aldera iritsi da kamioi bat Muntora, eraistea egiteko beharrezkoa zen garabiarekin. Errepide ondoan dagoen aldea eraisten hasi dira lehenik eta, geroago, beste aldearekin hasi baino lehen, inguruko sasiak eta zuhaitzak moztu dituzte lana errazteko. Hori eginda, lorategiaren aldeari ekin diote  eta, amaitu ondoren, barrualdean sartu dira, teilatua eta gainontzekoa eraisteko.

Fatxadaren zati bat utzi dute bota gabe, eskaileren aldekoa. Oroigarri gisa geratuko da, Munto baserria bertan izan zela gogoratzeko.

1 comentario en “Baserri historikoaren fatxada geratu da zutik, oroigarri gisa

  1. Naikomaiko

    Agurtzen hasiko naiz nire lehen idatzi honetan. Ez duzue ulertuko, agian, honen zergatia. Baina gaur, otsailak 12, agur esan behar diot Aieteren ikurrari, Aietear senari, Aieteren historiari, Aiete osoari. Munto baserriaren eraisketa izan dugu gaur albiste, batzuentzat ezer askorik ez, beste batzuentzat gertaera lazgarria.

    Atzo autobusa hartu eta udaletxera abiatu nintzen bilera batetara. Bidean, lehiotik begiratu eta Muntoren ingurua hesituta zegoela ikusi nuen. Kezkaturik nengoen, eraisketaren eguna aurreratu zenaren seinalea zen hori.

    Gaur bertan, beste bilera batetara nindoala, baserriaren egoera zein zen jakin nahi nuen. Kalea gurutzatu, begirada altxa eta hor, bulldozer bat pareta botatzen.

    Posible diren sentsazio guztiak batera etorri zaizkit, amorrua, nostalgia, haserrea, negargura, inpotentzia. Guk defendatu dugun baserri hori mila zatitan txikituta, historia mila pusketatan banatua.

    Hainbesteko melodrama zergatik den galdetuko duzue. Munto Aiete erdian zegoen topalekua zen. Topaleku ttiki polit bat. Hainbat historio ezkutatzen zituen lau hormako kutxatxo bat.

    XVI. mendean eraikitakoa, ia gerra guztiak garaitu zituen etxebizitza genuen, baina azkenik, kapitalismoaren gerrak garaitu du. Aintzinako donostiar baserritarrak bertan biltzen ziren. Igandero erromeria eta merkatua egoten zen… hainbeste historio daude kontatzeko.

    Kalean zegoen pertsona batek esandakoaz geratzen naiz gaur: “Zer uste dute hemengoek Miamin bizi garela? auzo honetan baserri ugari egondakoak dira, eta orain beste baten agurra dugu hau, lotsagarria”

    Iluntasun hontan argi printzak ere badaude. Eraisketa ez da osoa izango eta zati txikitxo bat mantenduko dutelakoaren hitza eman digute. Iparralde aldeko pareta zati bat utziko dute, bere eskailera sinbolikoa eta atea. Horiek erabiliz, bertan egingo den plaza edo egingo delakoaren sarbidea izango da.

    Bestalde, auzoaren bateratzea ere aipatuko nuke. Auzoan, aurka geundenak batu eta lanean ibili gara gaur arte. Ez dugu helburua lortu ez, baina harremanak sendotu eta gazte talde baten sorrera eta honen antolamendua eman digu eztabaida honek.

    Eskerrak ere eman nahi dizkiot udalari (oraingoari), hamaika ahalegin egin dituzte eta. Hainbat irtenbide bilatzen saiatu dira, baina Odonen utzikeria eta opari bati esker, Munto gaur eraitsia izan da.

    Azken erreflexio gisa, ezin izango dut ondorengoei Munto baserria fisikoki erakutsi. Argazki huts batzuen bidez nik sentitzen nituen sentimenduak adierazi beharko dizkiet. Espero dut, lan polita eta behintzat plaza txukun bat geratzea. Agur adiskide. Agur Munto!

    Responder

Responder a Naikomaiko Cancelar respuesta