Miguel Unamuno Jugo, biografia bat

Jaio 1864ko irailaren 29a Bilbo (Bizkaia) / Hil  1936ko abenduaren 31 Salamanca (Espainia)

Miguel Unamuno edo, berak euskaraz sinatu ohi zuenez, Migel Unamunokoa, idazle eta filosofoa izan zen, Euskal Herriko eta Espainiako Aro Garaikidean izan diren handienetakoa.

Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten 1901ean.

Biografia

Haurtzaroa eta gaztaroa

Bilboko Zazpikaleetako Erronda kalean jaio zen, bost senideetatik hirugarrena. Bere aita Félix de Unamuno Larraza bere iloba Salomé Jugo Unamuno-rekin ezkondu zen. Hamar urte zituela, Hirugarren Karlistaldian hiriak izandako setioaren lekuko izan zen. Esperientzia hori islatuko zuen Paz en la guerra bere lehen nobelan.

Madrilen egin zituen Filosofia eta Letra ikasketak, eta hemeretzi urterekin titulua lortu, 1883an. Hurrengo urtean eskuratu zuen doktoregoa, Euskal Herria, euskara eta euskaldunen historia gaitzat zituen tesia aurkeztuta: Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca (euskotar arrazaren etorkiari eta historiaurreari buruzko auziaren kritika), 1958 arte argitaratu ez zena.

1884an, ikastetxe batean hasi zen lanean, latineko eta psikologiako eskolak ematen. Urte berean, «Del elemento alienígena en el idioma vasco» artikulua eta «Guernica» testu ohiturazalea argitaratu zituen. 1886an, El Noticiero de Bilbao agerkarian gehiago argitaratzen hasi zen. Sabin Aranarekin polemika biziak izan zituen.

1888an, Bilbon sortu berria zen euskal katedrarako lehiaketa deialdia egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, eta katedra eskuratzeko asmoarekin aurkeztu zirenetako bat zen Unamuno, nahiz eta bere euskara maila aski apala izan. Sabin Arana eta Resurreccion Maria Azkue ziren beste bi hautagaiak. Hondarrean, Azkuek lortu zuen katedra.

1889an, beste oposizio batzuetarako prestatu eta Suitza, Italia eta Frantzian zehar bidaiatu zuen. Eiffel Dorrea inauguratu zeneko Erakustaldi Unibertsalean izan zen, Parisen.

Ezkontza eta katedra

1891ko urtarrilaren 31n Concha Lizarragarekin ezkondu zen, umetandik maite zuen emakumearekin, bederatzi seme-alaba izan zituzten. Urte berean, Salamancako Unibertsitateko grekera katedrarako oposizioetara aurkeztu eta postua bereganatu zuen. 1901ean, unibertsitate bereko errektore izendatu zuten.

1894ko urriaren 11n, PSOEren Bilboko sekzioan (Agrupación Socialista de Bilbao) izena eman eta La lucha de clases Bilboko egunkari sozialistan hasi zen idazten. 1897an utzi zuen alderdia, depresioak jota. 

Agintariekiko desadostasunak

1914an, Hezkuntza Publikoko ministroak errektore postua kendu zion Unamunori, arrazoi politikoak zirela kausa. 1920an Filosofia eta Letra Fakultateko dekano izendatu zuten bere lankideek. Hamasei urteko espetxe zigorra ezarri zioten errege iraintzeagatik, baina sententzia ez zen betearazi. 1921ean errektoreorde egin zuten. Erregeren aurkako bere etengabeko erasoengatik, Miguel Primo de Riverak Fuerteventurara erbesteratzeko agindua eman zuen 1924ko otsailean. Uztailaren 9an indultua etorri zen, baina Unamuno bere borondatez joan zen erbestera, lehenik Parisera eta handik gutxira Hendaiara. 1930ean Primo de Riveraren diktadura erortzearekin batera, Salamancako Unibertsitatera itzuli zelarik, bertakoek harrera beroa egin zioten.

1931ko apirilaren 12an Salamancako udal hauteskundeetan zinegotzi hautatu zuten, sozialistek eta errepublikarrek osatutako zerrenda bateratuaren barnean. Apirilaren 12an Salamancan Unamunok aldarrikatu zuen Espainiako Bigarren Errepublika, udaletxeko balkoitik. Mintzaldian, hau esan zuen: «Comienza una nueva era y termina una dinastía que nos ha empobrecido, envilecido y entontecido» (aro berri bat hasten da, eta pobretu, gaiztotu eta ergeldu gaituen dinastia bukatzen da). Errepublikako gobernuak errektore postua itzuli zion. Gorteetarako hautagai aurkeztu zen Salamancako zerrenda errepublikazale-sozialistaren barnean, independente gisa. Hala ere, laister desengainua etorriko zitzaion errepublikarekiko, eta berriro ez aurkeztea erabaki zuen 1933an. Hurrengo urtean, unibertsitateko errektoretzatik erretiroa hartu eta ohorezko errektore izendatu zuten, horrekin batera bere izena zuen katedra sortuta. Nahiz eta 1935ean errepublikako ohorezko herritar izendatua izan, Unamunok gogor kritikatu zuen erregimen berria.

Gerra Zibila piztean, Unamunok hasieran babesa eman zien altxatuei. Uztailaren 19an agintari berriek Salamancako ia udalbatza osoa kanporatu zutelarik, alkate berria zen Del Valle komandanteak eskainitako zinegotzi kargua onartu zuen Unamunok. 1936ko udan, Europako intelektualei deia egin zien altxatuen alde jar zitezen, horiek mendebaldeko zibilizazioa eta tradizio kristauak defendatzen zituztela aldarrikatuz. Salamancan errepresioak hartu zuen norabidearen ondoren, ordea, Unamunok iritzia aldatu zuen. Adiskide eta ezezagunen gutunak jasotzen zituen, haien senitarteko atxilotuentzat laguntza eskatzeko. Fusilatu egin zituzten adiskide zituen Prieto Carrasco Salamancako errepublikar alkatea, Jose Andres y Manso diputatu sozialista eta Salvador Vila Hernández bere ikasle ohi eta Granadako Unibertsitateko errektorea. Adiskide kartzelatuen artean ziren Filiberto Villalobos doktorea eta Jose Sanchez Gomez kazetaria. Atilano Coco masoi eta apaiz anglikanoak heriotza mehatxuak izan zituen, eta azkenik mehatxua bete eta 1936ko abenduan fusilatu zuten. Unamuno Francisco Francorekin elkartu zen apezpiku-jauregian, bere adiskideentzat errukia erregutzeko.

Bere damua jendaurrean lehen aldiz 1936ko urriaren 12an agertu zuen, unibertsitateko ikasturtea hasteko ekitaldian, urte hartan Arrazaren Egunarekin batera egin baitzen. Jose Millan-Astray generalarekin eztabaida sutsuan ari zela, egun hartan esan zuen bere «venceréis, pero no convenceréis» (garaituko duzue, baina ez duzue konbentzituko) ospetsua.

Hitz haiek egundoko zalaparta eragin zuten faxistez betetako aretoan, Francisco Francoren emazte Carmen Polo eta Enrique Deniel y Pla apezpikua buru zituen ekitaldi hartan. Azken bi horiek babestuta atera zen Unamuno bere unibertsitatetik, faxisten oihuen eta mehatxuen artean, eta behin betiko etxeratu zen. Egun batzuk geroago, urriaren 28an, Burgosko Egunkari Ofizialean argitaratu zuten Unamunori errektore ardura kentzeko erabakia.[5] Bere hiletan “heroi falangista” bezala goraipatu zuten.Antonio Machado-k Unamuno hil zenean idatzi zuen : «Señalemos hoy que Unamuno ha muerto repentinamente, como el que muere en la guerra. ¿Contra quién? Quizá contra sí mismo».

Deja un comentario