Donostiako lehenengo haur-etxea atzo ireki zuten Aieteko Pagolan

Aieteko Haur-etxea: lehen egunean zaintzailea bi haurrekin jolasten. (Argazkia: Gloria Aranzabal)

Etxetik etxera

Donostiako lehenengo haur-etxea zabaldu dute. 0-3 urte bitarteko haurrak zaintzailearen etxean bertan zaintzeko proiektu aintzindaria da.

Europako herrialde askotan oso zabaldua badago ere, Gipuzkoan oraindik aintzindaria da haurrak zaintzailearen etxean bertan zaintzeko proiektu hau. Bergaran sortu zen Gipuzkoako lehen haur-etxea iaz, eta atzo bigarrena Donostian.

Haur-etxea 0-3 urte bitarteko haurrak zaintzeko zerbitzu berri bat da. Lau bat umek osatutako talde txikiak sortzen dira, eta zaintzailearen etxean bertan egoten dira. Zaintzaileak bere seme-alaba txikiak ere etxean eduki ditzake, kanpoko haurrekini batera zainduz. Familia giroan, konfiantzan eta goxotasunez, umeak etxean bezala sentiaraztea da zerbitzu honen helburua. Gloria Aranzabal haur-etxea proiektuaren koordinatzailearen esanetan, «haur-etxea familia-habia bihurtzen da. Hau da, norbere bizitokiaren hedapen bat. Ume bakoitzaren erritmoak eta beharrak errespetatuz, etxean bezala sentitzen da txikia».

Alternatiba bat

Agintzari, Gizarte Ekimeneko Kooperatibaren barneko proiektua da haur-Etxea. Duela urte asko sortutako proiektua da, baina lehengo urte arte ez zen abian jarri, ordura arte ez baitzuen babes ekonomiko nahikorik lortu. Orain, ordea, haurren zaintzarako alternatiba bat bihurtu da. Gloria Aranzabal Gipuzkoako haur-etxea proiektuaren koordinatzailearen esanetan, «momentuz ikusten ez den azpi-lana ari gara egiten. Zaintzaileei prestakuntza ematen, etxe egokiak aurkitzen eta piskanaka-piskanaka proiektua ezagutarazten.

Jendartearen beharretara moldatu behar dugu, eta eskariaren arabera zabalduko gara. Gure armiarma sarea, ordea, poliki-poliki sortzen ari gara, eta oinarri sendo bat lortzeko horrela egin behar dela uste dugu gainera. Gure helburua ez da bat-batean haur-etxe pila bat irekitzea, beharrak aztertu eta horien arabera kalitatezko zainketa alternatibo bat eskaintzea, baizik».

Haurren esanetara

Haur-etxeak ez dira haur-eskolak, baina ezta haurtzaindegiak ere. Hau da, etxe pribatu batean, zaintzaile batekin egoteak ez du esan nahi heziketa proiekturik lantzen ez dutenik haurrekin. Haur-etxeak zaintzarako LOCZY sistema du oinarrian. Budapestetik jasotako teknika da, eta haurraren autonomia lortzen laguntzea du helburu. «Gure proiektu pedagogikoa banakako arretan oinarritua dago, haur bakoitzaren premia eta garapen erritmoetara egokituz. Beraien mugimenduak garatzeko eta harremanak sortzeko askatasuna errespetatzen zaizkie umeei», dio Gloria Aranzabalek.

Zerbitzu berri honek ordutegi malgua eskaintzen die familiei, gaur egun ez baita oso erraza lana eta seme alaben zaintza uztartzea.  Normalean zaintzailea eta gurasoen artean adosten dute ordutegia, bakoitzaren beharren arabera. Gloria Aranzabalen esanetan, «izan ditugun kasu gehienetan, hasieran lau ordutarako uzten dituzte umeak, baina gero, oso gustora egoten direla ikusita, guraso gehienek ordutegia luzatzea erabakitzen dute».

Etxea, zaintzeko prestatua

Ez denez oso zainketa sistema hedatua, oraindik ez dago zerbitzu honi lotutako lanbiderik, baina zaintzaileek egokitutako prestakuntza jasotzen dute. Gloria Aranzabalen arabera, «haur-etxea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sustatutako zerbitzua da, eta Lanbideren bidez jasotzen dute prestaketa gure zaintzaileek. Azken finean, haurrak egoki zaintzen eta, gainera, norbere etxean lan egiten ikasi behar izaten dute».

Etxetik lan egiteko zaintzaileek beren etxebitza moldatu behar izaten dute. «Jolaserako gela bat eta lasai-lasai egoteko beste gune bat izan behar ditu etxeak gutxienez. Eta segurtasunari dagokionez, haur eskoletan bezalaxe entxufeak, berogailuak, ateak… babestuak egon behar dute. Gainera, ezinbestekoa da etxeak sartu eta irteteko bide egokiak izatea», dio Gloria Aranzabalek. Izan ere, zaintzailea kalera atera daiteke lasai-lasai bere umetxoak hartuta. Inguruko jolastokian edo etxeko egongelan, haurrak pozik eta gustora sentitzea da Aieteko haur- etxean lortu nahi dutena. Aietekoan eta sortzea espero duten beste guztietan.

Lehen eguna beti izaten da berezia, eta atzokoa ere halaxe izan zen Aieteko haur-etxean, baina, primeran moldatu ziren, gurasoak, zaintzailea eta baita bi haurrak ere. Orain, egokitze egunak izango dira denentzat. Piskanaka-piskanaka, elkar ezagutu, eta Haur-etxeko familia berria sortu beharko dute.

2012/10/02  Agurtzane Altuna

Deja un comentario