Opor osteko presak eta eromena

 

Haur batzuk ez daukate oporrak bukatzeko gogorik. (Argazkia: Agurtzane Altuna,Hitza)

“Laister Puio Lanberriko lurzoruan egingo duten Aieteko Ikastetxe publiko berrian izango dute behin betiko kokapena”

Martxan dira dagoeneko Donostiako ikastetxe guztiak. Pixkanaka ekin diote ikasturte berriari. Goiztiarrenak joan den astean zabaldu zituzten ateak, baina guztientzako astelehen buru-zuria izan zen atzokoa. Halaxe izan zen Aieteko ikastetxean ere. Goizeko bederatzietan ikastetxeko ateak ireki zain kanpoaldean itxaron zuten txintxo-txintxo guraso eta haur guztiek. Batzuk urduri eta beste batzuk nagikeriz beteta. Batzuk aita edo amaren hankapetik ezin ateraz. Besteak, gehienak lagunekin elkartu eta gela berrian sartzeko irrikitan.

Dena den, ikasturte hasieran begi guztiak txikienen aurpegiei begira egoten badira ere, guztientzako izaten dira gogorrak lehen egunak. Gurasoek laneko ordutegiak moldatu behar dituzte. Oihana Lasaga, adibidez, erlojuari begira dago Egoi eta Joane gelan sartu bitartean; «haurrak ikastetxean utzi eta lanera joateko behar dudan denbora kontrolatu behar izaten dut».

Irakasleak material berria prestatu eta beren ikasleetara egokitu behar izaten dute, eta haurrak, udako oporrak eta ordutegi bereziak ahaztu eta beren eginbeharretara ohitu behar dute. Beraz, bistan denez, urtean zehar gorroto izaten den errutina gogoz hartzen da ikastetxeetako ikasturte hasieran. Iritzi berekoa da Mariasun Aramendi irakaslea; «aurreneko egun hauek eromena izaten dira, denok martxa hartu arte, baina orokorrean oso gustora hasi gara».

 Ikasle asko eta leku gutxi

 Azken urteotako joerari segiz, aurten ere euskararen erabileraren igoera nabarmendu digu Mariasun Aramendi irakasleak; «gero eta euskara gehiago entzuten dugu klasetik kanpo, bai haurren artean eta baita guraso eta seme-alaben artean ere».

Eta aldaketei dagokionez, ikasturte hasiera honetan Lehen Hezkuntzako ikasleek somatu  dute agian aldaketarik nabarmenena. Izan ere, ikastetxea txiki geratu zaie, eta eraikinaren kanpoaldean jarri dituzte. Dena den, behin-behineko neurria da, Mariasun Aramendik baieztatu digunez; «ikasleak egoki antolatzeko espaziorik gabe geratu  gara eta horrela moldatu beharko dugu ikastetxe berria egiten diguten arte».Laister Puio Lanberriko lurzoruan egingo duten Aieteko Ikastetxe publiko berrian izango dute behin betiko kokapena.

2012/09/11

 

 

Deja un comentario