Lehena Aieteko Etxadi fruta denda izan zen

Lander Subiza, superheroien muralari azken ukituak ematen. (Argazkia: Maitane Aldanondo)

Halakoa egitera animatu zen lehena Aieteko Etxadi fruta denda izan zen. Haren ondotik, beste zazpi izan dira. Irunen eta Zarautzen bana, eta gainontzekoak, Amaran. “Igande batean bizikletan Amaran barrena joan ginen pertsiana egokiak zein dendek zuten ikusteko. Gero, beste egun batean, bisita egin eta gure lana aurkeztu genien”. Horrela lortu dituzte bezero gehienak, baina Subiza lanean ari dela merkatariak hurbiltzen zaizkie prezioa galdetzera. “30 euro kobratzen dugu metro koadroko, gehi materiala”, argitu dute. Margotzeko Bilbotik dakartzaten Montana Gold sprayak erabiltzen dituzte. Murala egun bateko edo biko lana izaten da. Marrazkia bezeroarekin adosten dute. “Ideiak ematen dizkiogu, bideratzeko, baina berak erabakitzen du, eta euren zerbitzuarekin lotura du”. Batzuk marrazkia dakarte, eta beste batzuek askatasun gehixeago ematen diote Subizari. “Tokiari, eskatzen digutenari eta nire ideiei egokitzen natzaie. Ideia aztertu, ondo pentsatu, zirriborroak egin eta aukerak ematen dizkiegu hautatu ahal dezaten”.

Denda apaintzea nahi dutenak ez dira hurbiltzen diren bakarrak, oinezkoen arreta ere pizten baitute. “Ezustekoa izan ohi da, baina ona”, uste du Otegik. Hala ere, gorabeheraren bat izan dute. Autonomia kaleko Covylsan lanean ari zirela udaltzaingoaren bisita izan baitzuten. “Paperak jarri eta Landerrek marra pare bat egin zituenean, udaltzainak etorri ziren, bizilagun batek deitu ziela esanez. Hastean enkargua dela ez baita ikusten…”. Gertakari horretatik ere ikasgaia atera zuten. “Orain izenpetutako baimena eskatzen diegu bezeroei”.

Jardunean ikasteko bidea

Egitasmoa unibertsitate proiektu batean oinarritzen da. Arrietak eta Otegik Lidergo ikertzaile eta berritzailea gradua egiten ari diren ikaskideekin batera Steps kooperatiba sortu zuten, lehen unetik, lan munduan aritzeko. “Enpresa gisa helburu batzuk ditugu, ekonomikoak, bezero bisita kopuru bat, liburuak irakurtzea… Hori da gure ikasteko metodologia”, azaldu du Arrietak; eta Otegik zehaztu duenez, “produktu errealekin, bezero errealentzako”. Kooperatibaren barruan, biek aurrera eraman behar duten egitasmoaren ardatz graffitia aukeratu zuten.

Bartzelonan sortu zen saltokiak halakoekin apaintzeko joera, eta gutxika zabaltzen joan da. Honen berri zuen Otegik, eta horri erantzuteko, Arrietak Subizarengana jo zuen. Antiguatarrak aurretik ere graffitiak egiten zituen, baina Lasteps zerbitzuak, “ikasteko, hobetzeko eta inolako arazorik gabe aritzeko aukera” ematen dio. Horrez gain, graffiti munduan dabiltzan hainbat lagunek kontzientzia har dezaten balio izatea nahi du. “Graffitia ez da firma bakarrik. Gainontzekoek ere disfrutatu dezaketen zerbait egin dezatela, muralismoa bezala”. Fakturak egin, bezeroak lortu… jardunean praktika hartzeaz gain, bildutako eskarmentua ikaskideekin partekatzen dute Arrietak eta Otegik, elkarrengandik ere ikasteko.

 

Deja un comentario