Tapies, hiru tokitan eta bi unetan

Tapiesen ‘Obra grafikoa’ erakusketaren komisarioa Antonella Montinaro, Okendo kultur etxean. (Aiete kultur etxeetan ikus daitezke)

Antoni Tapies artistaren ‘Obra grafikoa’ erakusketa arte garaikidean interesa duen orori zuzendutakoa da; antolatzaileek ezarritako helburua da, bilduma ikusi ondoren, bisitariak egilearen lana «edozein museotan» identifikatzea.

Hiru gune eta bi une ezberdinetan jarri izanak nabarmentzen du Antoni Tapies artista katalanaren Obra grafikoa erakusketak duen garrantzia. Donostia Kulturarentzat prestatutako bildumak egile honen nondik norakoak donostiar guztiengana helarazteko asmoa dauka.

 Dagoeneko, eta datozen zazpi asteetan, Okendo eta Aiete kultur etxeetan ikus daitezke Obra grafikoa-ren bi zati; uztailean, berriz, hirugarrena jarriko dute Anoetako Ernest Lluchen. Hala eta guztiz ere, Antonella Montinaro erakusketaren komisarioak «erakusketa osoa ikusteko hiru zatiak ikusi behar» direla dio.

 Montinarok dioenez, obra grafikoko lanen artean hautaketa egin duenean Tapiesen adierazgarri diren lanak bilatu ditu. Oso helburu didaktikoarekin osatutako proiektua da; ikuslea katalanaren lanaren ezaugarrien jabe egin, «eta museo handietara joaten denean, Tapiesen lana ezagutzea».

 Obra grafikoa, hau da litografia, grabatu eta antzerako tekniken bidez egindako lanak dira erakusketa osatzen duten aleak. Hala eta guztiz ere, Tapiesen margoetan zein eskulturetan agertzen diren gai eta osagaiak ez dira falta. Okendon ikus daitezkeen 25 lanek grabatuak izatearen ezaugarria dute komunean.

 Artistak «eguneroko inguruneko objektuak» txertatzen zituen bere lanetan gai gisa. Horien lagin bat da erakusketaren Aieteko tartean ikus daitekeena. Uztailean, Ernest Lluch kultur etxean ikusi ahal izango dena, berriz, Tapiesek bere obra grafikoan txertaturiko idazkiak aintzat hartuta osatu dute.

 Tapies urte hasieran hil zen, eta, Aiete kultur etxeko Marta Ibañezek azaldu duenez, horrek bultzatu zituen Donostia Kulturako arduradunak egile honen inguruan «zerbait egitera». Enkargua Gacma enpresako Montinaroren eskuetara iritsi zen, eta honek atondu du bilduma.

 Tapies beraren garrantziak eta ekonomiaren egoerak eraman dituzte antolatzaileak hiru guneetara zabaldu den erakusketa osatzera. Montinarok dioenez, «eskala ekonomia erabilita» horrelako proiektuak merkatu egiten dira. Diruak diru, bilduma osoa ikusteko hiru bisita egin beharko ditu artezaleak: Aietera, Grosera eta Anoetara.

 2012/05/17 Nork Mikel Goñi

Deja un comentario