Hitz aske eta robotikoa

Galtzagorri robota –ezkerrean– Maialen Belarderekin bertsotan, nor baino nor. (Argazkia: Mikel Goñi)

Informatika fakultateko Galtzagorri eta Tartalo robotak izan dira protagonista Ibaetako campuseko Hitzaren Gunearen inaugurazioan.

Betiko gizakien hitzak eta etorkizuneko teknologien eleak bat egin dute bertsolarien eta roboten arteko bertso saioan. Hori guztia, arrazoiaren etxea den unibertsitatearen ekitaldi bat dotoretzeko; hain zuzen ere, Hitzaren Gunearen inaugurazioa.

Edonork nahi duena esan ahal izango du Ibaetako campusean kokatu berri duten Hitzaren Gunean. Fakultateen arteko berdegunean ezarri dute zementuzko oholtza. Euskal Herriko Unibertsitateko –EHU– errektore Iñaki Goirizelaiak egin ditu lehen hitzak bertan. Unibertsitateren buruak ikasle, irakasle eta beste guztiak gonbidatu ditu adierazpen askatasuna Hitzaren Gunean baliatzera.

Memoria, bertsoaren oinarri

Adierazpen askatasuna eta hitz egiteko eskubidea garrantzitsuak izanik ere, ekitaldiaren bigarren zatiak erakarri du jende gehien. Izan ere, hitza nagusi izatekoa den unean bertsoak ere bere tartea baitu.

Ohikoa da inaugurazioetan bertso batzuk entzun ahal izatea. Ez ohikoagoa izan da, ordea, bertsolarien beraien izaera. Izan ere, hezur haragizko Felix Zubia, Andoni Egaña, Maialen Belarde eta Oier Lakuntza, Galtzagorri eta Tartalo robotekin batera jardun baitira.

Informatika fakultatean lanean ari diren ikertzaileek bere lana erakutsi dute modu dibertigarrian. Hain zuzen ere, informatika eta linguistika uztartzen dituzten hainbat teknika eta tresna baliatuta sortu dituzte Galtzagorri eta Tartalo robotak.

Memorian oinarritutako saioa egin dute robotek; modu horretan bertso klasikoak, esaera zaharrak eta egunkarietako testuak konbinatu dituzte bertsolari elektronikoek. Sormen lanetan hasi direnean, ordea, emaitza «surrealistak» izan dira entzule gehienen aburuz.

Bateria urriaren mugak eta teknika arazoek argi utzi dute hitzaren deman, oraindik ere, bertsolaria gailentzen zaiola teknologiari.

2012/04/19 Nork Mikel Goñi

 

Deja un comentario