Bihar elurra botako duela iragarri dute udal teknikariek

Uno de los jóvenes cisnes del estanque en los jardines del palacio de Aiete

Azken egunetan hiriko bazterrak zuritu dituen elur-jasak «ez du zauriturik ezta kalte ekonomikorik eragin», jakinarazi du Nekane Burutaran Babes Zibileko udal zinegotziak. Eguraldi hotzak hiriko eguneroko martxa aztoratzen duenerako udalak prest duen elur plana «bete» dutela adierazi du. Normaltasuna gailentzeko, hamabi talde aritu dira lanean eta 81 tona gatz zabaldu behar izan dituzte. Atsedenerako aukerarik ez dute izango, halere, bihar ere elurra botako duela iragarri baitute. Txetxu Mendizabal Babes Zibileko arduradunaren hitzetan, elur planaren fase horia jarriko dute gaur abian; bihar, laranja.

Bihar bota dezakeena ostegunekoa ala larunbat arratsaldean zuritutakoa bezain handia den ikusi beharko da. Larunbat arratseko elurteak kalterik handiena, ekialdean, Altza, Bidebieta eta Herrera inguruan, eragin zuen. Herrera parean bi autobusek labain egin eta zirkulazioa korapilatu zuen. 13, 24, 24 eta 33 linietako zerbitzuak zeinbait unetan geldirik egon zirela azaldu du Nora Galparsoro Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Garbera

Nahaspilarik handiena, baina, Garbera inguruan gertatu zela kontatu dute udal arduradunek. Eguraldi makurrarekin askok erabaki zuten merkatal gunera hurbiltzea eta horrek zirkulazioa korapilatu zuela azaldu dute. Gainera, Garbera eta 27 Poligonoa lotzen diten Ubegi bidea itxi behar izan zutela azaldu dute. Halako egoeretan inguru hori ere garbi manten dadin, Garbera merkatal guneko ordezkariekin hitz egiteko asmoa dute elkarren artean plan bat osatzeko.

Indarrean dagoen elur plana betetzeko, berriz, 28.000 euro inguru gastatu dituzte. Denera, 81 tona gatz bota dituzte. Biltegian 45 tona dituzte egun eta 20 eskatu dituzte (7.200 euro) datozen egunetarako erreserba nahikoa izateko. Bestalde, elurra kentzeko beste kamioi bat (6.800 euro) hartu dute eta FCC enpresak eskainitako zerbitzuengatik 14.400 euro ordaindu dituzte.

Eremu irristakorrak garbitu eta izotza kentzeko egindako irteerak 66 izan ziren. Igandeko haize bolada bortitzek ere arazoren bat edo beste eragin zuten eta 21 irteera egin behar izan zituzten.

Izotzak ondorengo egunetan eragin ditzakeen gorabeherak ekiditeko, kaleak urez garbitzea debekatu dute eta apaingarri diren iturriak itxi dituzte.

Kale gorrian inork lo egin ez dezan, bestalde, udal aterpe eta harrera zentroetako ateak zabalik egon dira. Udalak neguan 80 ohe eskaintzen ditu. Zeroz azpiko tenperaturak izan direnean, ordea, zerbitzua indartu dute. Egunotan «lepo bete» direla adierazi du Burutaranek. Egunero, 110 bat erabiltzaile izan direla zehaztu du.

 2012/02/07 nork Xabier Etxabe

 

Deja un comentario