Zoriontasuna zabaltzera datoz Meltxor, Gaspar eta Baltasar

Mila kilo goxoki banatuko dituzte gaur, 18:00etan, Ijentea kaletik abiatuko den kabalgatan; azken orduko ibilbide aldaketa izan da: Hernani kaletik Askatasunaren hiribidera jo eta Urbieta kaletik jarraituko du

Gutuna prest eta zapatak garbi egon beharko lukete jada, Errege Magoak Pasaiako portutik gertu baitaude. Orain arte jasotako gutunak irakurtzen eta opariak erosten egunak eta egunak igaro dituzte, gauean, beraz, neka-neka eginda egongo dira. Zalantzarik gabe, zapata garbiarekin batera, edateko eta jateko mokadutxo bat uztea eskertuko dute.

Gehiegi jan eta edan gabe ere, barruan duten poz eta zoriontasunarekin nahikoa dute 24 orduko eginbeharrari erantzuteko. Gainezka egiten dien ilusio hori, gainera, ume eta heldu guztiekin elkarbanatu nahi dute. Hortaz, arratsaldeko hirurak baino lehen kaira iristen direnean harrera beroa jasotzea espero dute.

Aurten, itsasoz heltzea erabaki dute. Iaz, heldu eta umeak txunditu zituzten elefante gainean iritsi baitziren Kontxara. Urtero saiatzen dira bertakoak harritzen eta hirira sartzeko garraioa aldatzen. Elefante gainean ez ezik, trenez eta autobusez ere egin dute ekialde eta Donostia arteko bidaia.

Erregeak Magoak diren heinean, ez dute ez zorabiorik ezta jet lag delakorik ere. Haur artean irribarretsu egoteko ajerik ez dute. Halere, ondoezik egonez gero, disimulatu beharko dute, 15:30ean, makina bat haur izango dituztelako udaletxean zain, agurra jasotzeko.

Udalbatza aretoan egongo diren bi orduetan erregeak ezagutu gabe inor gera ez dadin, kolore desberdinetako gonbidapenak banatuko dituzte, gutuna zein erregeri eman erabakitzen dutenaren araberakoa. 17:30ak arte egongo dira haurrekin. Gurasoek, ordea, adi egon beharko dute, udalbatzar aretora sartzeko ilara 17:05etan itxiko baitute.

Alderdi Ederrera iristeko aukerarik ez dutenek Erdialdeko kaleren batean egon daitezke zain. 18:00etan hasiko da kabalgata eta dagoeneko prest daude Meltxor, Gaspar eta Baltasarren desfilea apainduko duten karrozak. Lau izango dira Hernani kaletik abiatuko direnak: jaiotza irudikatzen duena eta hiru erregeena. Beti bezala ikusgarriak izango dira guztiak. Meltxorrenak, esaterako, brontzezko lehoiak izango ditu; Gasparrenak, berriz, egiptiar esfingeak eta Baltasarren karrozak bi elefante. Xehetasun guztiak aurreratu baino, hobe izango da arratsaldean kabalgata ikustera hurbiltzea.

Ohi bezala, erregeak ez dira bakarrik ibiltzen, musika eta animalia mordoa izaten dituzte lagun. Kabalgatan, hala nola, trikitilariak, txarangak, Txu-txu trena, pajeak eta suhiltzaileak izango dira. Azken hauek izango dira, eskala-kamioiaren laguntzaz, solairu altuetara opariak banatzen lagunduko dietenak.

Kabalgata alaia eta gozoa izango da. Guztira, mila kilo goxoki botako dituzte. Zeliakoentzat aproposak izango dira denak. Diabetikoek, berriz, udalbatza aretoan izango dituzte euren goxokiak prest.

 

Deja un comentario