Informatika Facebook baino gehiago da

Robotika laborategietan zein lan egiten duten ikusi ahal izan dute Informatika Fakultateko ikaslegaiak. (Argazkia: Mikel Goñi)

Ibaetako Informatika Fakultateko ikasketak ezagutzera eman nahi dituzte, bere egitekoak bertatik betara zeintzuk diren jakitera emanez; alor askotan baliagarria den jarduera izateak informatikarientzat lan aukerak zabaltzen ditu.

Askorentzat, Facebook, bestelako sare sozialak eta Internetetik gauzak hartzeko programak baino ez da informatika. Ideia horri aurre egin, eta askoz alor zabalagoa dela jakinarazi nahi dute Ibaetako Informatika Fakultateko arduradunek. Bereziki, zein motatako unibertsitate ikasketak egin nahi dituzten erabakitzen ari diren ikasleak dituzte gogoan Ausart zaitez, hau ere informatika da! egitasmoaren kudeatzaileek.

Azkeneko egunetan ate irekien jardunaldien forma hartu du informatika fakultatearen jarduera ezagutarazteko programak. Beste molde batzuk ere baditu, eta ez dira gutxi batxilergo zein goi mailako zikloetako ikastegietan informatika irakasleek ematen dituzten hitzaldiak. Oraingoaren berezitasuna, ordea, bere izaera praktikoarekin batera, hauta lezaketen zentroan bertan gauzatzea da; hau da, fakultatea bera eta bere laborategiak bertatik bertara ezagutzeko parada izan dute  balizko ikasleek. Karrera euskara hutsez ere, oso-osorik, ikastea badagoela jakin dute bisitariek.

Horrelako ekimenen beharra adierazteko Montse Maritxalar dekanordeak adibidea jartzen du. «Oso galduta datoz, eta hemen ikusten dutenak, maiz, begiak irekitzen dizkie». Horren erakusle da, karrerako lehen urtea amaitu gabe, ikasketak uzten dituzten ikasleen kopurua.

Urtero izena ematen duten 120 ikasle ingururen ia erdiak baja ematen du, aurkitutakoak aldez aurretik pentsatzen zutenarekin zerikusi gutxi zuelako. Joseba Makazaga irakasleak dioenez, «oso karrera zientifikoa da, eta gainera oso zabala, guk kimikoekin, linguistekin eta medikuekin lan egiten dugu». Izan ere, informatika sistemen presentzia bizitzaren alor gehienetara hedatu baita.

Nahiz eta zientifiko izateak hainbat ikasle izutuko dituen, beste askorentzat erakargarri egingo du karrera. «Besteak beste, matematiketan ondo moldatzen direnak, edo fisika gustuko dutenak erakarri nahi ditugu». Horretarako, ordea, biderik onena informatika non erabiltzen den erakustea egoki jo dute.

Unibertsitate aurreko ikasleek robotika laborategian ere sartzeko aukera izan dute. Honenbestez, ordenagailuaren bidez mugitzeko aginduak nola ematen diren, eta robotek ikusmen artifizialari esker arrasto beltz bat nola jarraitzen duten ikusi dute, era sinplean azalduta.

Friki izatetik urruti

Ordenagailuaren hardwarea muntatzea eta konfiguratzea, Oinarrizko sistema digitalen portaera eta Web zerbitzariak eta WIFI konexioa dira Ibaetara gerturatu direnek egin dituzten praktiketako beste hiru. Arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, informatikaren alorrak bezain zabalak dira lanerako aukerak. «Urtero datozkigu enpresak praktiketako ikasle bila, eta nahikoak ez ditugula esan behar izaten dugu».

Bestalde, emakumeei dei berezia egiten diete bertan izena eman dezaten. Aspaldian lizentziatura ziren Informatika Fakultateko ikasketak, garai horretan nahikoa parekatuta zeuden gizonen eta emakumeen kopuruak. Ingeniaritza izatera pasatu zirenean, «emakumeena ikaragarri txikitu zen». Honen arrazoiaz galdetuta, «irudi okerren errua» dela dio Victoria Fernandez irakasleak. «Informatikoak eta frikiak, askotan lotu egin dira, eta horrek uxatzen ditu neskak». Horri, ordea, lanbidearen izaera soziala kontrajartzen diote irakasleek. «Informatikoak jendearekin harremanetan egoten dira eta hori nesken gustukoagoa izan daiteke bestea baino».

Informatika, beraz, soziala da, bai; baina sare sozialak baino gehiago da; honenbestez, Ibaetako Informatika Fakultatean gustura ibiliko dira, besteak beste, zientziak gustuko duten neskak.

2012/01/31 Nork Mikel Goñi

Deja un comentario