Etxekoak ez bezalako jostailuen gunea

Sinple bezain dibertigarriak dira haurren kuttunetakoak diren gaztelu puzgarriak; bertan, minik hartu gabe, soberako energia erabil dezakete. (Argazkia: Mikel Goñi).

Kursaal jauregia umeen bilgune bilakatzen da urtea bukaerara iritsi orduko; ateak gaur itxiko dituen Gabonetako Haur Parkea arrakastatsua izan da aurten ere, eta 2012ko Eguberrietan 10. urteurrena ospatzeko zerbait berezia egin nahi dutela iragarri dute.

Urtetik urtera Kursaalen jartzen duten Gabonetako Haur Parkearen sona handitzen ari da, eta, ondorioz Irutxuloko Hitza aurten egiten ari den bisita sortan ezin zuen hutsik egin. Nerea Vallejo arduradunak azaldu duenez, «ikaratuta gaude aurten jende asko etorri zaigulako». Haurrak, berriz, liluratuta daude Zurriola pasealekuko eraikinean goza ditzaketen jolas, joko eta jarduerekin.

Haurtzat har daitezkeen ia adin guztietarako erakargarriren bat edo beste dago. Bere kabuz ibiltzen ikasi berri duten haurrengandik hasi, eta nerabe izatera iristen ari direnekin buka, denek aurkitu dute gustuko duten zerbait. Xikerrek, esaterako, asmoan bide heziketa  duten kart edo kotxe txikiak gozatu ditu. Dena den, berarentzat ikastea baino erakargarriagoa izan da lasterketak egin ahal izatea. «Lagunei irabazi diet, eta gainera talka ere egin dugu, begiraleek ikusi gabe, noski».

Aktibitate gehienetan begirale bat edo gehiago aurki daiteke; batzuetan, goming edo karten kasuan bezala, segurtasuna bermatzeko. Beste batzuetan txandak-eta antolatzeko, wii motako jolasekin gertatzen den moduan. Azkeneko hauek haurrentzako erakarmen handia duten arren, gurasoek umeak bestelako jokoetan aritzea nahiago dute. «Kontsola etxean badaukagu; puzgarriak eta gominga ez. Horrelakoetan ibiltzeko aprobetxa ezazu», esan dio aita batek bideojokoen ilaran jarri nahi zuen semeari. Hasieran muturtuta, gozatzen gero, kasu egin dio aholkuari.

Parkeak gaur itxiko ditu ateak,  baina urtearen bukaeran berriro irekiko dituela uste du Vallejok.  Arduradunaren arabera, krisiak gero eta zailago egiten du urtetik urtera beharrezko laguntzak eskuratzea; baina, aurtengo publiko arrakasta ikusita, baikor begiratzen dio Gabonetako jardueraren jarraipenari. «Gainera 10. urtea izango da eta zerbait berezia egin nahi dugu».

2012/01/04 Nork Mikel Goñi

 

 

 

 

Deja un comentario