Hitz beste

 Anjel Lertxundi Esnal

Dinosauroak

Mari Domingik ez baitu oraindik gure etxeko bidea ikasi, aurten ere Olentzero izan da gaueko ordu txikitan sartu zaiguna lapur bat balitz baino isiltasun handiagoarekin. Eta zapatetan utzi dizkigun oparien artean, dinosauroei buruzko liburu bat du gure ilobetako batentzat: txit ilustratua da, Txinatik euskaraz datozkigun liburu gehienak bezala.

Eguerdian liburuko orrien pasan eta dinosauroei buruzko kontuen kontuan ibili gara iloba eta biok. Ohartu naiz ilobarentzat piztiok ez direla batere beldurgarri. “Aspaldi desagertu ziren!”, argitu dit, baina, bat-batean, burua jaso du liburutik eta niri begira gelditu da, galdera bat egin ez egin balego bezala.

Ni txikia nintzenean dinosauroez inguratuta bizi nintzela uste du, seguru nago, eta asko beldurtzen ote nintzen jakin nahi du. Baina ez dit ezer galdetu. Balirudike susmatzen duela memoriak zenbat samin berpiz lezakeen.

OHARRAK (Post scriptum)

Zutabea hirugarren pertsonan idaztekotan egon nintzen: «Mari Domingik ez baitu oraindik beren etxeko bidea ikasi…», etabar.

Lehen pertsonan kontatuta, zutabeak hurbiltasuna adierazten du, baina nago ni horren atzean irakurleak ez ote duen Lertxundi delako bat ikusiko. Hirugarren pertsonan idatzita, istoriotxoa neutroago gelditzen da, inpertsonalago, baina baita hedakorrago ere.

Bi talaia desberdin, bi aukera desberdin, zutabeak ere bi eta desberdin.

Zutabetxo batekin hori gertatzen bada, zer ez da gertatzen nobela batekin! Talaiaren aukera xume horixe ondo egin beharraren mende nobela baten mundualdi osoa…

 

Deja un comentario