DYA, laguntza oparietan ere

Gabonetan dirua biltzeko postua jarri du elkarteak; sorospen jarduerak finantzatuko dute hainbat objektu bitxiren salmenta dela medio.

Inork ez lituzke alderatuko istripu bat eta Gabonetara koinatari emateko oparirik gabe iristea. Hala ere bi egoera horietan Detente Y Ayuda –DYA– elkartea lagungarria gerta dakioke edozeini.

Anbulantzia horiak eta DYAko boluntarioek lan egiteko behar dituzten lanabesak ordaintzeko hainbat diru bilketa antolatzen ditu elkarteak. Horien artean kokatzen dute arduradunek Garbera merkataritza gunean Eguberrien inguruan jartzen duten postua. Bertan osasuna, larrialdiak eta bizirik irauteko teknikekin zerikusia duten gailuak saltzen dituzte.

Espero izatekoa denez, botika ontziak ere salgai dituzte. Kotxean edukitzeko modukoak, etxean gordetzekoak eta… bizikletan eramatekoa. “Bai, asko saltzen dugu hau; botika ontzia eta ur botila bateratzen ditu-eta, bizikletan asko dabilen jendeak erosten du”, azaldu du postuaren arduradun Lupe Gomezek.

Hala ere, dauzkaten hamarnaka objektu bitxietatik, zerbait nabarmentzekotan alkoholmetroa da aukera. “Gero eta gehiago saltzen da, eta ez da garestia hogeita piko euro dira”. Izan ere, Gabon postu solidarioa jarri duten lau urteetan, gehien saldu den gauzetako bat da.

Solidariotzat jotzen dute postua, elkartearen funtzionamendurako dirua biltzen laguntzen duelako, eta bezeroek ongi dakite. “Loteria saltzen dugun ere galdetzen digute, eta jendeak badaki txartelen tarte bat DYAra doala”.

Laguntza, gainera, bi norabidekoa da; izan ere, bertan erositako gailuek opari lana ederki bete dezaketelako. Gauza bitxiak dituzte bertan, eta gainera euro batean hasita. Gomezek zehaztu duenez, “oso ondo datoz linternatxo hauek poltsan gauzak aurkitzeko”. Mendian erabiltzen diren kopetan jartzeko argiak ere saltzen dituzte; hauei, berriz, ezusteko erabilera ematen diete erosleek: “Helduek ohean irakurtzeko eta gazteek ikasteko erabiltzen dituzte”. Beste batzuei, berriz, suhiarekin ondo gelditzeko bidea argituko diete.

2011/12/15 Nork Mikel Goñi

Deja un comentario